Gereziak

Sasoi honetan ikusten dira fruitu gorri txiki horiek udako lehen egunak kolorez hornitzen.

Gereziak erromatar eta grekoen garaietatik kontsumitzen dira Europan. Tropikoko lurraldeetan garatzeko aukera handirik ez badute ere, beraien zapore leuna dela eta, oso onartuak eta gustukoak dira bost kontinentetan.

Bere konposizioan elikagai guztiak aurki daitezke kantitate txikitan. Osagai nagusia, beste fruituetan bezala, ura da (% 80,8) Ondoren azukre-motako karbohidratoak ditu (% 14,3) eta horien artean garrantzitsuena fruktosa da; horregatik diabetikoek gereziak beste fruitu batzuk baino lasaiago jan ditzakete. Koipeak, proteinak bezalaxe, gerezien konposizioaren % 1 dira. A, B, C eta E bitaminak kantitate oso txikitan daude, baita gatz mineral eta oligoelementuak ere: kaltzioa, fosforoa, magnesioa, burdina, sodioa, potasioa (ugariena), zinka, kobrea eta manganesoa.

Gereziek, gainera, elikagarriak ez diren baina zenbait gaixotasunetatik babesten gaituzten beste osagai batzuk ere badituzte:

  • Azido organikoak (malikoa, zitrikoa…): digestio-guruinak estimulatzeaz gain, odola garbitzen dute. Kolore gorri argia duten gereziak ilunak baino aberatsagoak dira azido-mota hauetan.
  • Disolbagarria den landare-zuntza, pektina gehienbat: 100 g gereziekin, eguneko gomendatutako zuntzaren % 10 lortzen da. Horrek argitzen ditu bere funtzio laxante eta hipolipemianteak eta odoleko kolesterol-maila jaisteko gaitasuna.
  • Flabonoideak: hauei esker gereziak propietate diuretiko, antioxidatzaile eta minbiziaren aurkakoak ditu. Gereziaren flabonoideen artean, aipagarriena azido elagikoa da. Azken ikerketek azido honek minbizia sor dezaketen substantziak neutralizatzen dituela erakutsi dute.
  • Azido salizilikoa: hanturaren eta erreumaren aurkako efektuak dituen aspirinaren aitzindari naturala dugu. Gerezietan 2 mg/kg-ko besterik ez da, baina bere efektuak nabarmentzeko nahikoa.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, urte-sasoi honetan jan ditzagun ahal dugun guztietan, eguneko 3-4 fruta-ale hartu behar direla kontuan izanik eta, tamainaren arabera, 10-15 gerezik fruta-ale bat osatzen dutela jakinik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila