Garuneko glioma gaiztoek pronostiko txarra izan ohi dute askotan, nahiz eta kirurgia, radioterapia eta kimioterapia konbinatuta erabili. Izan ere, askotan ez da lortzen tumorea erabat erauztea, eta hori oso garrantzitsua da gaixotasuna sendatu ahal izateko. Ricardo Díez Valle doktorearen esanean --Nafarroako Unibertsitate Klinikako Neurokirurgia Departamentuko espezialista--, esperientziak erakusten du tumorea erabat erauztea lortu den gaixoetan aukera handiagoak daudela gelditutako tumore-zelulen hondarrak deuseztatzeko kimioterapiaren eta erradioterapiaren bidez.
Gliomak erauzteko arazo nagusietako bat tumorea garun-ehun osasuntsutik bereizteko zailtasuna da; non ebaki behar den jakitea, alegia. Baina Walter Stummer-ek zuzendutako Alemaniako neurokirurgialari-talde batek arazo hori konpontzen duen teknika berri bat garatu zuen. Talde horrek Lancet Oncology zientzia-aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, ebakuntza-gelan argi fluoreszentearen modulu bat duen mikroskopio bat erabiliz gero, garuneko tumore gaiztoen erabateko erauzketa lortzen da kasuen % 67an. Lan horretan diotenez, ohiko teknika kirurgikoekin kasuen % 30ean lortzen da erabateko erauzketa, eta, sei hilabete igaro ondoren, teknika berriarekin tratatutako gaixoen % 41ek tumorearen arrastorik gabe jarraitzen du; ohiko teknikekin, berriz, % 20k lortzen du hori.
Bada, Nafarroako Unibertsitate Klinika horrelako mikroskopio bat eskuratu duen estatuko lehenengo ospitaleetako bat da. Azken belaunaldiko Pentero mikroskopioa teknologia kirurgikoan, optikan eta irudien digitalizazioan dagoen maila altueneko ekipamendua da.
Nafarroako Unibertsitate Klinikako Neurokirurgia Departamenduko zuzendari Miguel Manriqueren arabera, mikroskopio berriak edozein motatako garun-tumoreak eta garuneko malformazio baskularrak erauzteko balio du, eta baita epilepsiaren kirurgiarako ere, buruko lesioei dagokienean.
Mikroskopio berriak, gainera, abantaila handiak eskaintzen ditu artrodesi zerbikalen eta hernia diskal zerbikalen, dortsalen eta lunbarren ebakuntzetarako ere. Izan ere, "azkartasun eta argitasun handiagoak eskaintzen ditu; hala, zauri txikiagoak egiten dira, eta ebakuntza arinagoa da gaixoarentzat" dio Manrique doktoreak.
Díez Valle doktorearen arabera, ohiko metodoekin garuneko gliomak erauztearen zailtasuna tumorearen ertzetan dago batez ere, ehun zerebral osasuntsuarekin kontaktuan edo txertaturik egoten baita. Eta begi-bistaz edo ohiko mikroskopio kirurgikoekin oso zaila da tumorea gainerako ehun osasuntsutik bereiztea. Ekipamendu berriarekin, eta Stummer-en taldeak garatutako teknikari esker, zirujauak arazorik gabe bereiz dezake tumorea garun-ehunetik, eta, hala, tumorea erabat erauzi, garunean kalterik eragin gabe, dagoen tokian dagoela eta duen tamaina duela.
Tumorearen mugak bereizteko, kontraste bat ematen zaio ahotik gaixoari, azido 5 aminolebulinikoa. Substantzia hori aminoazido eraldatu bat da, eta, horri esker, argi fluoreszentearekin argitzean arrosaz ikusten dira ugalketa-fasean dauden zelulak, hots, tumore zelulak, eta urdinez gainerakoak. Substantzia horrek ez du albo-ondoriorik, eta Espainian ez da merkaturatzen erabilera horretarako, baina Osasun Ministerioaren baimenarekin lor daiteke.
Mikroskopioak duen fluoreszentzia-moduluari esker, edozein unetan botoi bat sakatzea aski da argi zuri arruntetik garunaren ikuspegi fluoreszente batera pasatzeko. Hala, zirujauak arrosaz ikusten duena erauz dezake, garun-ehun osasuntsu urdina ukitu gabe.
Ebakuntza-gelan, neurozirujauek nabigazio-sistema baten laguntza dute hasieran tumorea aurkitzeko, eta ebakuntza zehazki garuneko zein tokitatik hasi behar duten jakiteko. Nabigatzaileak gaixoaren garunaren mapa zehatz bat eskaintzen du, ebakuntzaren aurretik erresonantzia magnetiko batean lortutako informazioari esker.
Ekipamenduak oinarri biologikoko teknologia erabiltzen du. Izan ere, zelulak ugalketa-fasean egotearen edo ez egotearen arabera bereizten ditu. Ugaltzen ari diren zelulak markatzen ditu kontraste-substantziak. Hori baieztatu egin dute Nafarroako Unibertsitate Klinikako Anatomia Patologikoaren departamentuan. Han, ebakuntzetan erauzitako tumoreen laginak aztertu dituzte, eta baieztatu dute garun-ehun osasuntsuarekin mugan dauden tumore-zelulak direla.
Horregatik guztiagatik, uste dute argi fluoreszentearen teknika egokiena dela aplikazio horretarako, eta glioma gaiztoak dituzten gaixoen pronostikoa nabarmen hobetzen lagunduko duela. "Teknika berriari esker, lehen ia erauzi ezinezkotzat joko genituen tumoreen erabateko erauzketa egitea lortu dugu" dio Díez Valle doktoreak.