Web guneek nahiko garrantzi handia dute bizitzaren hainbat arlotan: hezkuntzan, enpleguan, osasunean, agintaritzan, merkataritzan, aisialdian eta beste askotan. Horrenbestez, oso garrantzitsua da web irisgarria lortzea, ezintasunen bat daukaten pertsonei aukera berdinak eskaintzeko, Interneten bidez gizartean parte har dezaten eta beharrezko informazioa eskuratu ahal izan dezaten. Horrela, ahal den neurrian murriztu egingo da arrail digitala delako fenomenoa.
Dena dela, irisgarritasunaz ari garenean, ez pentsatu soilik ezintasun psikologiko edo fisikoak dituzten pertsonekin. Zailtasun teknologikoak ere kontuan hartu behar dira web gune irisgarrietan. Izan ere, populazioaren ehuneko handi batek ordenagailu zahar samarra erabiltzen du, edo ez du nabigatzaile zein plugin-en azkenengo bertsioa, edota ez daki plugin berriak instalatzen. Halaber, Interneteko erabiltzaileen beste ehuneko handi batek ikusmen nekatua du, edo mugitzeko zailtasunen bat. Web guneen irisgarritasunak kontuan hartzen ditu alderdi horiek ere. Adibidez, betekizuna ez bada ere, oro har web gune irisgarriak arinago kargatzen dira nabigatzailean, objektu astunak erabiltzen ez direlako, edo, erabiltzekotan, saihesteko bideak eskaintzen dituztelako. Horrez gainera, irisgarritasunak aukera ematen du egungo edozein nabigatzaile grafiko zein testu-nabigatzailetatik sartzeko.
Azken batez, irisgarritasuna ezinduentzat ez ezik beste guztientzat ere onuragarria da. Izan ere, irisgarritasunaren oinarri nagusietako bat malgutasuna da, egoera, hobespen eta behar ezberdinei erantzuteko.
Web irisgarriak guztientzat onuragarriak izan arren, bereziki garrantzitsuak eta kasu askotan ezinbestekoak dira zailtasun eta ezintasun jakin batzuk dituzten lagunentzat. Horien artean, agerikoenak ikusmen-arazoak dituzten pertsonak dira, baina beste asko ere badaude: entzuteko, hitz egiteko edo mugitzeko zailtasunak dituztenak, ezagutza-arazoak dituztenak edo epilepsia dutenak. Irisgarritasun-protokoloek jarraibideak ematen dituzte talde horietako bakoitzarentzat.
Bi begietako ikusmenaren galera handia edo osoa jotzen da itsutasuntzat. Horrenbestez, web guneetara jotzeko, zenbait lagunek pantaila-irakurgailua behar dute: pantailan dagoena irakurri eta ahots-sintesiaren edo braille-lerroaren bitartez jasotako informazioa azalduko duen softwarea. Itsu batzuek testu-nabigatzaileak, Lynx bezalakoak, edo ahots-nabigatzaileak erabiltzen dituzte nabigatzaile grafikoen ordez. Horrez gain, teklatua erabil dezakete esteketan zehar mugitu eta azkarrago nabigatzeko.
Baina pantaila-irakurgailuak ondo funtziona dezan, web guneak ezin du egon edonola egina. Eta, gaur egun, zerrenda luzea osatzen dute itsuek Interneten aritzeko topatzen dituzten oztopoek: ordezko testurik gabeko irudiak, azalpenik ez duten irudi konplexuak, testu edo ahots osagarririk gabeko bideoak, markoak, flash gisako formatu ez estandarrak, teklatuaren bidezko nabigazio logikoa ahalbidetzen ez duten formularioak... testu-nabigatzaile batek ezin ditu horiek guztiak interpretatu, eta, ondorioz, pertsona itsuak ez du behar bezala jasoko web gunean dagoen informazioa.
Horregatik, web gune bat irisgarria izateko baldintza garrantzitsuenen artean dago irudiei eta, oro har, testu ez diren elementuei ordezko testua eranstea, testu-nabigatzaileak irudiaren ordez irakur dezan; eta formatu ez-estandarrak erabiliz gero, horiek saihesteko bideak eskaintzea.
Itsuena kasu larriena da, baina ikusmen eskasa edo gandutsua duten lagunek ere zailtasunak izaten dituzte web guneetan nabigatzeko. Lagun horiek pantaila handiak erabili ohi dituzte eta testua eta irudien tamaina handitzen dute, sistema eragileek eta nabigatzaile arruntek eskaintzen dituzten baliabideei esker. Beste batzuek, berriz, arazoaren arabera, pantailarako lupak edo pantailaren ezaugarriak hobetzeko programa, kolore edo karaktere-mota egokiagoak aukeratzen dituzte.
Beste batzuetan, web guneek testuaren eta atzealdearen arteko kontraste txikia dute, eta horrek ere zaildu egiten du irakurtzea. Hemen, kasu berezia eta kontuan hartzeko modukoa da daltonikoena. Daltonikoek kolore batzuk bereizteko arazoak dituzte --gorria eta berdea edo urdina eta horia gehienetan-- eta, ondorioz, bakoitzaren beharretara egokitutako estilo-orriak erabiltzen dituzte, hobeto datozkien kolore eta ezaugarriekin. Moldaketa horiek egiteko aukera nabigatzaile askok eskaintzen dute, baina ez guztiek; hortaz, testuaren eta atzealdearen arteko kontraste urriko orrialdeak diseinatzea saihestu behar da.
Web gunean informazioa soinuen bidez ematen den kasuetan, entzumen-urritasuna duten pertsonek dute arazoa. Lagun horiek eduki soinudunez baliatzeko gaitu eta desgaitu daitezkeen azpitituluak behar dituzte web gunea ikusten duten bitartean. Bestalde, batzuetan komenigarria da testuz jositako web orriak irudiekin osatzea, ulermena zailagoa edo motelagoa izan daitekeelako zeinu-lengoaia hizkuntza nagusi gisa duten pertsonentzat.
Mugitzeko arazoak ere muga bat dira web guneetan nabigatzeko orduan. Multzo honetan biltzen dira ahulezia, paralisia, koordinazio falta, borondatezkoak ez diren mugimenduak egitea, artikulazioetako arazoak, ukimen-mugak edo gorputz-adarren baten falta.
Besoak edo eskuak mugitzeko zailtasunak edo ezintasunak dituztenek beren beharrei egokitutako gailuak erabiltzen dituzte Interneten nabigatzeko: teklatu bereziak, buruarekin mugitzen diren saguak, ahoarekin kontrolatzen diren seinalatzaileak, hizketa ezagutzeko sistemak, begiradari jarraitzen diotenak eta beste hainbat dispositibo.
Horregatik guztiagatik, pertsona horiek polikiago nabigatzen dute Interneten, eta, besteak beste, formularioak betetzeko denbora gehiago behar izaten dute. Ondorioz, arazoak izaten dituzte denbora-mugak dituzten web guneekin, tabuladorearen bidezko nabigazioa baimentzen ez duten formularioekin edo saguaren ordez teklatua erabiltzeko aukera ematen ez duten nabigatzaile eta baliabideekin. Horien erruz, nabigazioa neketsua eta zaila bihurtzen da.
Gaur egun ez da oso ohikoa, baina gerta liteke ahotsa beharrezkoa izatea web gune batean edo aplikazio batean sartzeko, hizketa ezagutzeko sistema duelako. Kasu horietan, web gunea irisgarria izateko, beharrezkoa da datuak sartzeko beste bitarteko batzuk eskuragai izatea, adibidez teklatua.
Puntu honetara helduta, ezagutza- arazoez eta arazo neurologikoez ere ez dugu ahantzi behar. Sail honetan, anitz arazo-mota biltzen dira, esaterako, dislexia. Dislexia duten pertsonek irakurtzeko arazoak izaten dituzte, eta, horregatik, irakurtzeko zailtasunari irtenbidea emateko, pantaila-irakurgailuak erabiltzen dituzte. Baina, horretarako, ezinbestekoa da irudiek eta elementu grafikoek dagozkien deskribapenak eta horien ordezko testuak edukitzea.
Arreta jartzeko zailtasuna duten lagunek, berriz, animazioak eta soinuak dituzten web guneekin izan ditzakete arazoak, edukian arreta jartzea oztopatzen dietelako. Beraz, horiek desgaitzeko erak eskuragarri egon behar du. Horretaz aparte, komenigarria da web gunea argi egituratzea.
Aipatu diren neurri horiek baliagarriak izan daitezke bestelako ezagutza-arazo, arazo neurologiko, memoria-arazo edo adimen- eta emozio-arazoetan.
Entzun eta ikusizko flashek eta distirek eraginda krisialdiak jasan ditzakete epilepsia duten lagunek. Horrenbestez, garrantzitsua da gehiegikeriarik ez egitea animazio eta objektuekin, eta ezinbestekoa da desgaitzeko era errazak eskuragarri egotea.
Diseinuari uko egin gabe, web guneen informazioa irisgarria izan dadin beharrezkoa den malgutasuna lortzeko arauak, ereduak eta estandarrak definitu dira. Arau horiek hiru multzotan bildu dira, irisgarritasun-maila txikienetik handienera: A, AA eta AAA.
Web gune bakoitza irisgarritasun-maila horien arabera sailkatzen da. Aurreneko mailan sartu diren arauak bete gabe, Interneteko erabiltzaile-talde batzuek ezin izango lukete web gunearen informazioa jaso. Bigarren lehentasun-mailakoak bete ezean, berriz, Interneteko erabiltzaile batzuentzat oso zaila eta neketsua izango litzateke web gunearen informazioa jasotzea. Hirugarren eta azken lehentasun-mailan sartu diren arauak bete ezean, azkenik, litekeena da Interneteko erabiltzaile batzuek zailtasunen bat aurkitzea web gunearen informazioa jasotzeko orduan.
Laburpen gisa, hona hemen web gune irisgarriak lortzeko neurri garrantzitsu batzuk: XHTML eta CSS lengoaia estandarra eta zuzena erabiltzea; taulen bidez ez maketatzea; irudiei ordezko testua eranstea eta, beharrezkoa bada, ordezko deskribapen bat ematea; markorik ez erabiltzea; flash animaziorik eta antzeko baliabiderik ez erabiltzea web gune osoak garatzeko; eta erabiltzen badira, ez daitezela oso distiratsuak izan, eta izan ditzatela beti desgaitzeko eta saihesteko ordezko bideak; web gune malguak garatzea, diseinua desegokitu gabe estiloak eta letren tamainak aldatu ahal izateko.
Web guneen irisgarritasuna sustatzeko eta bermatzeko asmoz jaio zen web guneen irisgarritasuna lortzeko ekimena, WAI izenekoa (Web Accessibility Initiative). Ekimen horrek hainbat arlotan egiten du lan: web teknologiak irisgarritasunerako baliabideak dituela ziurtatzen du, irisgarritasunerako urratsak garatzen ditu, web guneak ebaluatzeko eta zuzentzeko baliabideak garatzen ditu, trebakuntza, ikerketa eta zabalkundea bultzatzen ditu... WAIk enpresen, ezinduen, ikerketa-erakundeen, eta gobernuen arteko lankidetza ahalbidetzen du.
Bide horretan, herrialde askotan derrigorrezko legeak garatu dituzte dagoeneko erakunde publikoen web guneen irisgarritasuna ziurtatzeko, eta diru-laguntza programak ere martxan jarri dira gainerako entitate edo enpresen web gune irisgarrietarako.