Euskarazko zientzia-dibulgataileen nobelak

Imaz Amiano, Eneko

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Mundu-mailako Nobel saridunak direnik ezin esan dezakegu, besteak beste oraindik horretarako proposatu ez ditugulako, baina bai euskaraz egiten den zientzia-dibulgazioaren Nobel berriak direla. Eta berriak diogu dagoeneko CAF-Elhuyar sarien bosgarren edizioa delako eta, beraz, dagoeneko euskal Nobel saria jaso dutenen zerrenda luzatzen hasia delako. Ondorengo orrialdeetan saridunak zeintzuk eta zergatik izan diren azalduko dizuegu; baita irabazleei eta zenbait epaimahaikideri gaien eta sariketaren inguruan egindako galdera bana ere. Otsaileko ale honetan irabazlearen artikulua irakurtzeko aukera izango duzue eta gainerako saridunenak hurrengo aleetan argitaratuko ditugu, azken finean euren lanak argitaratzea baita, saria bera irabazteaz gain, idazleen helburuetako bat.

Caf-Elhuyar 1998

EPAIMAHAIA

  • Jabier Agirre, UZEIko langilea, medikua, OEEko lehendakaria
  • Jesus Mari Txurruka, biologoa, EHUko irakaslea
  • Jose Mari Rodriguez Ibabe, goi-mailako injinerua, CEITeko ikertzailea
  • Josetxo Alvarez, ekologista, irakaslea
  • Mikel Zurbano, ekonomian lizentziatua, EHUko irakaslea

Mikel Zurbano

Aurten liburuen atalean ez duzue inor saritu, baina epaimahaikoek proposamen bat plazaratu duzue; saria beka bihurtzea alegia. Zer dela eta?

Arrazoi nagusia idazle hasi berriak bultzatzea da, (...) nahikoa zaila baita gero argitaratuko den edo ez jakin gabe liburua idaztea. Beste gauza bat da, ordea, hasieran informazioaren eta bibliografiaren errepasoa egiteko prest egotea, gero liburu bihurtuko dena egiteko, eta baita horrekin sos batzuk atera eta nolabait iraun ahal izatea edo bitarte horretan jarraitu ahal izatea ere. Saritzen dena nolabait liburugintzan hasi berria dena eta orain arte egin izan dena da, nolabait, dagoeneko bermatuta dagoen pertsona baten sari bezala aurkeztea. Beste zenbait saritan ere prozesu bera izan dela ikusi da, eta gure kasuan ere, naturaltasunez, horretara jo da.

Jesus Mari Txurruka

Zu epaimahaikide izan zara sariketako bost urteetan. Partaideen lanetan eboluziorik ikusi al da? Eta zein da bost urteren ondoren Zientzi Dibulgazioaren sariketari ikusten diozun etorkizuna?

Egunkaria

Nire ustez eboluzio nabarmenik ez da egon. Argi dagoena da, beti, sariketa-mundu horretan egoten direla batzuk, dela gaia tratatzeko mailagatik edo moduagatik, dela euskara-mailagatik... eta hasieratik kentzen dituzu. Urrutitik begiratuta ere txarrak dira. Hori laurden bat edo izan daiteke. Eta gero, aurten gertatu den moduan, beste laurden bat saria irabazteko modukoak dira, beti. (...) Beti egoten da lan gehiago onak direnak txarrak baino. Beraz, lanen mailaren aldetik badago, bai maila eta bai arrobia. Izan ere, irabazi dutenak niretzat ezezagunak ziren; alde horretatik idazle Nobelak dira. Biren artean irabazi zuten, baina bat nire ikaslea izan zen eta guztia gazteleraz ikasi zuen, eta besteak ere bai. Gerora idatzi dute euskaraz. (...) Ondorioz, hau oso ondo dago idazle berriak bilatzeko. (...) Ziur nago horrelako saria jasota jende hau izugarri animatuko dela.

Jabier Agirre

Epaimahaikoen erabakiz sariak berdindu egin dira, 100.000, 50.000 eta 25.000 pezetakoa (3.942´04, 1.971´02 eta 985´51 liberakoa) izatetik 75.000, 60.000 eta 40.000koak (2.956´53, 2.365´22 eta 1.576´82koak) izatera pasa da. Benetan ona den eta lehen saria merezi duen lanik ez da agertu, edo lan guztien maila oso ona eta antzekoa izan al da?

Nik uste dut bietako arrazoiak daudela. Batetik, benetan ez zegoen lehenengo saria jasotzeko besteen gainetik nabarmentzen zena eta, bestetik, epaimahaikoentzat lanak oso arlo desberdinekoak izanik zaila zen sailkapena egitea. Oso zaila da medikuntzako lan bat eta ekonomiari buruzko bat konparatzea eta, gainera, esan bezala, mailari dagokionez hain desberdinak ez zirenez 100.000, 50.000 eta 25.000ko (3.942´04, 1.971´02 eta 985´51 liberako) banaketa gehiegizkoa iruditu zaigu. Azken finean diru-kopuru bera beste modu batera banatu dugu.

LEHEN SARIA 75.000 pta.

B. Kortabarria

Adelaida Umaran Sanchez eta Arantxa Sarasua Etxeberria
Orain arte ezagunak dira, batez ere Ameriketan, gizaki txuriak eramandako gaixotasunek bertakoei sortutako arazoak,baina harreman hori joan-etorrikoa al da?

Bai joan-etorrikoa da; guztia itzultzen da. Batetik guk han hartzen ditugu gaixotasunak, baina hango jendea ere etortzen da hona lanera edo bertan geratzera. Nik esango nuke komunikazioa dagoela; mundu hau bakarra dela eta, bidaiak gero eta errazagoak direnez, gero eta txikiagoa dela eta, beraz, kontuan hartu behar dugu munduan dagoen guztia, eta ez, soilik, gure osasuna hemen ondo zaindu inguruan dagoenaz erreparatu gabe. Guztia doitu beharko da.

BIGARREN SARIA 60.000 pta.

B. Kortabarria


Fernando Morillo Grande

Zerk eragiten du zientzia deritzon erraldoiaren herrentasuna, jaiotzetiko gaitzak edo gerora sortutakoak?

Zientzia gizakiaren arlo bat da, eta gabeziak ere gizakiak berezkoak ditu. Guk zientzia ukitu ezinezko zerbait dela pentsatu nahi dugu; badira poesia eta abar, baina zientzia ezin da ukitu, eta hori ez da egia; beste edozein arlo bezalakoa da, pixka bat hobeto margotu den arren. Artikuluan kontraesanak agerian jarri nahi izan ditut.

HIRUGARREN SARIA 40.000 pta.

B. Kortabarria

Asier Sarasua Garmendia

Dagoeneko natura ere zientziaren menpe, edo zientzia naturaren zerbitzura jarria?

Ez bata eta ez bestea? Nik uste dut, oraindik ere, biak ekonomiaren menpe daudela, gehienbat. Oraindik ere natura eta ingurugiroaren kudeaketan agintzen duena dirua da, nahiz eta azkenaldian ingurugiroaren kudeaketan ingurune- eta zientzia-irizpideak
sartzen hasiak diren. Baina hori oso berria da eta lan asko geratzen da egiteke. Dena den, naturak baditu bere legeak eta zientziak naturatik ateratzen ditu legeak; beraz, nik esango nuke natura dela zientzia nola egin erakusten diguna.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila