Euskal Herriko hezeguneak (VIII): barrualdeko urmael endorreikoak

Egun Ebroko sakonunea izenarekin ezaguna den eskualdea Mesozoiko osoan eta Tertziarioaren hasieran sakonera handiko itsaso baten azpian zegoen harro sedimentario zabala zen. Pirinioak eta Kataluniako itsasertzeko mendilerroak altxatzean, aipatutako itsasoa itxita geratu zen eta sedimentazio kontinentaleko erregimena zuen aintzira handia bilakatu zen.

Horren ertzetan metaketa detritiko lodiak pilatzen ziren bitartean, erdialdean ebaporiten geruzak eratzen joan ziren ingurune sedimentario gazien ezaugarriak nagusi baitziren. Miozenoan, Ebro ibaiak Kataluniako itsasertzeko mendilerroa zulatu zuenean, aintzira handi hori hustu egin zen, eta drainatze naturalik gabeko sakonuneetan aintzira eta urmael endorreiko txikiak gelditu ziren.

Hauxe da Ebroko sakonunean dauden hezegune endorreiko ugariren jatorria. Hala ere, badira, higadurak material bigunak gogorrak baino gehiago higatzearen ondorioz geroago eratu direnak ere.

Sakonera txikiko ur gaziko urmael biribil edo eliptikoak izan ohi dira. Ertzak aldapa leunekoak dira eta uraren mailan ezponda-hegia beheratua dute. Sistema endorreiko horiek sakonera txikikoak direnez, ur-zutabean estratifikazio-prozesurik ez da gertatzen eta haize-bolada txiki bat nahikoa izaten da ur-masa osoa nahasteko. Neurri batean, ertzetako ezaugarriak hezegunearen azalera osora zabaltzen direla esan daiteke, ez baitago ez ongi bereizitako zona pelagikorik (ur zabaleko aldea), ezta zona bentonikorik ere (hondo sakonak eta argi gutxikoak).

Urmael hauek hareharri, buztin eta lohi iragazgaitzez osatutako substratuen gainean daude; normalean, soilik isurketa-urarekin betetzen dira eta urtarokoak dira, hau da, neguko euri-urarekin betetzen dira, baina udan, beroak ura lurruntzean, hustu egiten dira. Ura gardena eta oso mineralizatua da, urmaeletara iritsi baino lehen euri-urak gatz asko duen substratua garbitzen baitu. Udan, eskualde horietako elkortasuna dela eta, ura lurrundu egiten da, orduan gatzak zarakar zurietan metatzen dira eta urmaelen eremuak kolore zuri deigarria hartzen du.

Aipatutako ur-mailaren gorabeherak eta ur eta substratuaren gazitasun handia jasanezineko baldintzak dira bizidun gehienentzat. Espezie gutxi batzuk, ordea, bizi-baldintza gogor horietan bizitzera moldatu dira. Aipatutako espezieak ingurune gazi horietan bizi ahal izateko garatu dituzten moldaketa fisiologiko eta morfologiko harrigarriak direla eta, balio ekologiko handiko espezieak direla onartzen da. Zoritxarrez, moldaera horiek lortu izanak suposatzen duen espezializazio handiak bizilekuaren hondamendiarekiko oso espezie sentikorrak bihurtu ditu. Bizilekuarekiko erlazio hertsi horrek eta gizakiak hezegune hauetako urak erabili ahal izateko aspaldidanik burututako eraldaketek urmael endorreikoen eta bertako bizidun-komunitateen egoera benetan kezkagarria izatea eragin dute.

Landaredia

Lehen esan bezala, urmael endorreikoetan bizi diren landareek ur-mailaren gorabeherek eta, batez ere, ur eta substratuaren gazitasunak ezartzen dituzten bizi-baldintza gogorrei aurre egin behar diete. Baldintza horiek eta itsasadarretakoek oso antzekoak dira eta horregatik, gezurra badirudi ere, Euskal Herriko eskualderik elkorrenean dauden urmael eta kubeta endorreikoetan eta kostaldeko paduretan landare-komunitate halofilo oso antzekoak garatzen dira. Dena dela, paduretan gertatzen den moduan, landare hauek guztiek ez dute uraren gorabeherekiko eta gazitasunarekiko jasankortasun bera eta horregatik landare-eraztunetan antolatzen dira urmaelen erdialdetik kanporantz.

Urmaelek beti urperatuta dagoen alderen bat baldin badute, bertan, nagusiki Chara foetida algaz eta uretatik ateratzen diren lore-buruxka arrosak dituen Polygonum amphibium landareaz osatutako landare-komunitatea ager daiteke.

Zertxobait gorago, maila freatiko altuak eta istil gazikarak dituen aldea dago. Bertan, nagusiki Salicornia ramosisima eta Suaedo esplendis urteko landare zukutsuez osatutako landare-eraztun halohigrofiloa aurki daiteke.

Hurrengo landare-eraztuna, urperatzea iragankorra den aldean garatzen da eta zurezko landare iraunkorrez osatuta dagoenez, errazago antzematen zaio. Landare-komunitate honetan Suaeda vera espeziea nagusi da.

Urmaelen ertzetan baina ur azpian oso gutxitan gelditzen den aldean nagusiki Limonium viciosoi, Limonium ruizii eta Inula crithmoides landare-espezie halofiloez osatutako komunitatea aurki daiteke. Azken bi komunitate horien artean, substratuaren gatz-kontzentrazioa handiagoa izateagatik, gelditu ohi diren soilguneetan urteko landare-espezie halofiloez osatutako komunitate berezia bizi da. Komunitate horretan landare-dibertsitate handiagoa dago. Besteak beste, hurrengo hauek dira espezierik ugarienak: Frankenia pulvurulenta, Sphenopus divaricatus, Parapholis incurva, Spergularia diandra, Hymenolobus procumbens, Hordeum marinum...

Hemendik gora substratuaren gazitasuna hutsaren hurrengoa da eta ura ez da ia inoiz maila horretaraino iristen, baina maila freatikoa nahiko goian mantentzen da. Alde horietan nagusiki Tamarix canadiensis eta Tamarix africana zuhaixka-espezieez osatutako milazkadiek osatzen dute landaredi potentziala. Zoritxarrez, ingurune horietan nekazaritzaren presioa oso handia da eta kasu gehienetan laborantzak milazkadi horiek bete beharko luketen alderaino iritsi dira.

Azkenik, aipatzekoa da hainbat urmael endorreikoren ertzetan (normalean gizakiaren eraginez eraldaketak jasan dituztenak edo ur gezaren emariren bat jasotzen dutenak) lezkadi trinkoak garatu direla. Lezkadi hauek Phragmites australis lezka-espezieaz gain, Scirpus maritimus, Juncus maritimus, Atriplex hastata, Puccinellia festuciformes, Cladium mariscus eta beste hainbat espeziez osatuta daude.

Fauna

Urmael endorreikoen ezaugarri diren behin-behinekotasunak, nolabaiteko uhertasunak, mineralizazio altuak eta urte-sasoiaren araberako aldakortasun handiak bertan zooplanktoneko komunitate berezi eta oso interesgarriak garatzea eragiten dute. Komunitate horien barruan krustazeoek garrantzi handia dute. Besteak beste, hurrengo espezie hauek dira aipagarrienak: Mixodiaptomus incrassatus eta Metacyclops minutus kopepodoak, Daphnia atkinsoni eta Moina brachiata kladozeroak eta Branchipuz schaefferi anostrazeoa.

Arrainei dagokienez, egoera naturalean kontserbaturiko urmael endorreikoen behin-behinekotasunak eta uraren sakontasun txikiak arrain-komunitateak garatzea eragozten badute ere, presa txikien bidez gizakiak handitutako guneetan hainbat arrain-espezie bizi da. Gutxi batzuk (aingira, barbo arrunta eta iparraldeko loina) ondoko ibaietatik iritsitakoak izan daitezke, baina gainerakoak (ortzadar-amuarraina, tenka, zamo txikia, perka amerikarra, zamo arrunta eta lutxoa) gizakiak sartutako espezie exotikoak dira.

Bestalde, urmael horiek elkortasun handiko inguruetan daudela ezin dugu ahaztu, ingurune horietako hainbat eta hainbat animalia-espezierentzat benetako oasi bilakatzen baitira. Ornodunen kasuan, urmael endorreikoek berebiziko garrantzia dute anfibio-populazioen mantenimenduan, behin-behinekotasunak anfibioen larben artean heriotza-tasa altua eragin arren, eskualde horietan ugaldu ahal izateko aurkitzen dituzten ia gune bakarrak baitira. Euskal Herriko urmael endorreikoetan ugaltzen diren anfibio-espezieen artean aipagarrienak uhandre marmolairea, zuhaitz-igel arrunta, apo pikarta, apo pintatua, apo ezproiduna, txantxikua eta apo lasterkaria dira.

Ugalketa uretatik kanpo burutzeari esker, narrasti ugari alderdi elkorretan bizitzeko ongi moldatu da. Hala ere, urarekiko nolabaiteko mendekotasuna edo zaletasuna duten espezierentzat, ingurune horietan urmael endorreikoen garrantzia handia da. Zalantzarik gabe, uretako bizimodua duen suge biperakara da urmael horietako narrastirik naroena, baina ez da zaila ere izaten, ertzetako landare artean ezkutatuak, nolabaiteko izaera higrofiloa duten beste zenbait espezie ikustea, hala nola, suge gorbataduna edo iparraldeko suge leuna.

Dena dela, hezegune gehienetan gertatzen den moduan, urmael endorreikoetan hegaztiek, dibertsitaterik handiena duen faunaren osagaia izateaz gain, aspekturik deigarriena ere osatzen dute. Hegaztien dibertsitatea, ordea, ez da berdina urte osoan zehar. Izan ere dagoeneko aipatu dugun hegazti-migrazioen ondorioz, urte-sasoiaren arabera, urmael endorreikoetan ikus daitekeen ornitofaunaren osaketa nahiko aldakorra da. Ugaritasun eta dibertsitaterik handienak udazkenean izaten dira. Orduan, eztei-ondoko migrazioa burutzen ari diren uretako hegazti asko lur elkor horietan oasi modura dauden urmaeletaz baliatzen baitira atseden hartu eta elikatzeko. Urte-sasoi horretan erraza izaten da ur-ekosistemei lotutako hegazti-espezie ugari (zangaluzeak, ardeidoak, anatidoak, lezkadietako txoriak...) talde handietan ikustea. Udaberrian, berriz, hegaztiek eztei aurreko migrazioa burutzen dutenean, fenomeno hori ez da hain nabarmena izaten, baldintza klimatologiko egokiagoei esker, itzulerako migrazio hori azkarrago burutzen baitute.

Udan bai ugaritasuna bai dibertsitatea asko jaisten dira, baina horren ordez, Euskal Herrian habiagile gisa nahiko arraroak diren hainbat espezieek urmael horietan egiten dute habia. Horietakoak dira txilinporta txikia eta txilinporta lepabeltza; amiltxori txikia, amiltxori arrunta, txori zezen arrunta eta lertxun gorria; uroilanda txikia eta hankaberdea; ipar-ahatea, ahate mokozabala, murgilari arrunta, uda-zertzeta eta ahate gorrizta; bernagorri arrunta eta zankaluzea; benarriz gorrizta eta nabarra; zingira-mirotza... Aipatzekoa da, bestalde, Nafarroako Bardeetan agertzen diren urmael eta kubeta endorreikoek bertako estepa-hegaztientzat duten garrantzia, udako ohiko irudia baita haien ertzetan ganga azpizuri eta azpibeltzak, atalarrak, galtzeko arriskuan dauden basoilo txiki eta handiaren aleren batzuk eta estepako beste hainbat hegazti-espezie ikustea.

Azkenik aipatzekoa da anatida- eta zangaluze-espezie ugarik urmael endorreiko horiek aukeratzen dituztela negua igarotzeko. Lehenengoen artean, zertzeta arrunta, ahate buztanluzea, ahate txistularia eta murgilari mottoduna dira espezierik aipagarrienak; zangaluzeen artean, ordea, hegabera, istingor arrunta eta txikia, kurlinta handia, urre-txirri arrunta edo kuliska iluna dira ohikoenak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila