ESA: Europa espazioan

Aurreko hamarkadetan proiektu espazial garrantzitsuenez aritzean, eskuarki, Estatu Batuek ala Sobietar Batasunak antolatutako egitarauak aipatu beharra zegoen. Orain dela urte gutxi arte potentzia bi hauek izan dira hegalaldi espazialen arloko ikerkuntzaren abangoardia. Hurrengo urteetan, ordea, egoera nahikoa aldatuko bide da.

Desagertutako Sobietar Batasuneko egitarauen etorkizun zalantzakorrak hartzen duen bidea hartzen duela ere, Agentzia Espazial Europarreko (ESA-ko) partaide diren hamaika estatuak —Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Eire, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia, Herbehereak, Italia, Norvegia, Suedia eta Suitzak— eta elkartutako partaideak, Finlandiak, oinarri sendoak jarri dituzte, aipatutako bi potentziekin izandako lankidetzaren ondoren, beren maila berean aritzeko.

Hogei urtean ESA-k hamar satelite jaurtiki ditu helburu zientifikoekin. Aipamen berezia merezi dute COS-B eta EXOSAT sateliteek.

Aurten bete da, uztailaren 31n, ESA sortzeko erabakia hartu zeneko hogeigarren urtemuga. ESA-ri egitura legala eman zion azken hitzarmena 1980ko urriaren 30ean sinatu zen. Batzarre haietan Agentziari egokitu zitzaion lanaren helburuak erabat baketsuak dira: batetik, espazioa ikertzea, espazioko teknologia garatzea eta bere aplikazioak helburu zientifikoz aztertzea; eta bestetik, espazioa ikertzeko sistema operazionalak diseinatzea. Brusselan ospatu zen aipatu dugun azken batzarre hartan, Ariane, Spacelab eta Marots egitarauak onartu ziren.

Helburu hauek betetzeko ESA-k plangintza europar berezi bat antolatu du eremu-aukera zabal bat ukituz, hala nola zientzia hutsak, mikrograbitateari buruzko ikerketak, Lurrari behatzea, telekomunikazioak, orbitan jartzeko plataformak, bertara joateko garraiabideak eta Lurreko azpiegiturak.

Hogei urtean ESA-k hamar satelite jaurtiki ditu helburu zientifikoekin, (zehazkiago esan, unibertsoa hobeto ezagutzeko). Aipamen berezia merezi dute COS-B eta EXOSAT sateliteek. Bestalde, lau satelite dira gaur egun oraindik lanean dihardutenak: IVE, Giotto, Ulysses eta Hubble teleskopio espaziala.

Halaber, garrantzi handikoa izan da ESA-ren partaidetza Spacelab laborategi espazialeko misioetan eta bertan burutu diren mikrograbitateari buruzko esperimentuetan; edota Eureka satelitearen lana. Azken plataforma hau iazko uztailaren 31n jaurti zen eta ESA-k eraiki eta orbitan jarri duen ibilgailu espazialik handiena da. Bertan, zortzi estatu europarreko zientzilariek diseinatu zituzten eta aztertuko dituzten hirurogeita hamaika esperimentu burutu ziren. Satelite hau ekainaren 24ean berreskuratu zuen Endeavour aldauntziak berriz ere Lurrera ekartzeko. Oso emaitza onak eskaini dituen beste satelite bat Hipparcos izan da. Joan zen abuztuan moztu zen komunikazioa hiru urtean lan egin ondoren (aurrez pentsatutakoa baino urteerdia gehiago).

Zalantzarik gabe, erabat politika espazial autonomoa lortu nahi izanez gero, erronka garrantzitsuenetariko bat pertsonaz hornitutako hegalaldiena da. Arlo honetan ere aurrerapen nabarmenak egin dira. Joan den azaroan hamar urte bete dira lehen astronauta europarra espazioan zehar ibili zenetik, Spacelab-ean, laborategi honentzat ere lehenengo bidaia izan zenekoan. Aurten, apirilaren 26an Spacelab D-2 laborategia jaurti da Columbia aldauntzi espazialaren barnean. Hau izan da DLR-k, Espazioa Ikertzeko Erakunde Germaniarrak, erabat bere gain hartu duen bigarren hegalaldia (pertsonaz hornitua), arrakasta handia lortu duelarik.

Jaurtigailuei dagokienez, Ariane saileko 1etik 4erainokoek oso arrakasta ekonomiko handia izan dute. Orbitan diren merkatal sateliteen erdia, Arianeren batek orbitaratutakoa da.

Etorkizunari begira, gero eta misio osotuago eta zailagoak burutzeko asmotan dira. Tartean Spacelab D-3 misioa ere bada, pisurik gabeko egoeran ikerketak egiteko egitaraua duelarik. Lurrari eta ingurugiroari behatzeko Meteosat sailekoak eta ERS sateliteak diseinatzen ari dira; telekomunikazioetarako asko dira jaurtikitzekotan: OTS, MARECS, ECS, DRS, ARTEMIS, etab.

Helburu zientifikoez ere asko dira hurrengo hamar urteotan orbitan jarriko direnak: ISO, Unibertsoa infragorrien arloan aztertzeko; SOHO eta CLUSTER egitarauen lau zundek, eguzki-haizea eta beronek Lurraren magnetosferan duen eragina aztertuko dute; Cassini-Huygens NASA-rekin batera bidaliko da Saturno-raino, planeta honen ilargirik handienari (Titani) buruzko datuak bidal diezazkigun.

Dena den, proiektu guztietan deigarrienak eta ESA-ren heldutasunaren adierazle bihurtuko direnak, Columbus-estazio sailari eta Ariane 5 jaurtigailuek eta Hermes aldauntziek osatutako garraiabideari dagozkienak dira. Lehenengoak hiru estazio eraikitzea aurrikusten du. Lehenengoa, Columbus Attached Laboratory, edo labur esanda CAL, dugu. Laborategi hau europarren ekarpena da FREEDOM nazioarteko estazio espazialerako, eta hogeita hamar urteko bizia izan dezan diseinatuko da. Batez ere, jariakinak, zenbait material eta giza gorputzak, pisurik gabeko egoeran duten jokaera ikertzeko erabiliko da.

Aurten bete da, uztailaren 31n, ESA sortzeko erabakia hartu zeneko hogeigarren urtemuga. Agentziari egokitu zitzaion lanaren helburuak erabat baketsuak dira.

Bestetik, Columbus Polar Platform (Columbuz plataforma polarra) edo CPP satelitea jaurtiko da Lurra ikertzeko. 800 km altuko orbita batetik lan egingo du eta eguratsa, kontinenteak, itsasoak eta izotzei buruzko hainbat neurketa egiteko tresneriaz hornituta joango da.

Azkenik, Columbus Free Flight Laboratory (Columbus Hegalaldi Askeko Laborategia, CFFL) FREEDOM edo aspaldidanik lanean ari den MIR estazio errusiarraren tankerakoa izango da.

Aipatutako proiektu hauek behar duten garraiabidea, lehen genioenez, Ariane 5-ek eta Hermes-ek osatzen dute. Ariane 5-ek ez du 4-aren antz handirik izango eta alderdi guztietan gaindituko du. Motore nagusi bakarra izango du eta alboetan beste lagungarri bi. Bereizgarri garrantzitsuenetakoa bere fidagarritasuna izango da, Hermes-en jaurtitzailea izango denez, horko astronauten segurtasuna bermatu behar delako. Bestalde, merkatal sateliteak garraiatzeko ere diseinatu da; ez bakarra gainera, aldiko bi baizik. Berezitasun honegatik kostua jaitsita eta aipatu dugun fidagarritasuna medio, arrakasta ekonomikoa guztiz bermatuta dagoela dirudi.

Hermes aldauntzia hiru astronautentzat pentsatuta dago, aldiko ezin du 3 tona baino gehiago garraiatu eta ez du izango sateliteak berreskuratzeko aukera eskainiko lukeen atakarik; baina, ordainez, NASA-ren Space Shuttlen erdia izango da neurriz eta merkeagoa ere bai. Gainera oso moldagarri eta segurua izango da. Beteko dituen misio arrunten iraupena hamar egunekoa da, eta ESA-ren plangintzaren arabera urtean bi hegalaldi egingo baditu ere, hiru ere egin litzake. Hogeita hamar urteko bizitza izan dezan pentsatu dute.

Gaur egun dugun krisi-egoera dela eta, ez dago aipatutako proiektuei data finkorik jartzerik. Hermes izan da aurrekontu-murrizketa handienetakoa izan duen egitaraua, hain zuzen. Beraz, aldatu egin beharko da hasieran aipatzen zen urtea, 2003a, pertsonez hornitutako erabat misio europarra antola dadin.

Efemerideak


EGUZKIA: abenduaren 21ean negua hasten zaigu. 20 h 26 min-tan (UT).

ILARGIA:

ILBEHERA ILBERRI ILGORA ILBETE

Eguna
Ordua (UT)

6
15 h 49 min
13
9 h 27 min
20
22 h 26 min
28
23 h 5 min

PLANETAK

MERKURIO: hilaren lehenengo astean goizaldera ez bada, ezingo dugu ikusi.
ARTIZARRA: konjuntziorantz doanez Artizarra ere ezingo dugu ikusi.
MARTITZ: abenduaren 27an konjuntzioan dagoenez, hau ere ez dugu ikusiko.
JUPITER: gauaren bigarren zatian, goizaldera, agertzen zaigu. Hilaren hasieran Eguzkiaren lehenengo izpiak baino ordubete lehenago. Bukaera aldera, hiru ordu lehenago ere bai.
SATURNO: Jupiter gero eta hobeto izango dugu ikusteko. Saturno berriz, alderantzizko bidean doa. Dena den, abenduan oraindik ongi ikusi ahal izango dugu ilundu orduko. Hilaren hasieran lau bat ordutan izango dugu bistan eta bukaera aldera bitan besterik ez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila