Donostiako Aquariuma, barrutik ikusita

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

XX. mendearen hasieran sortu ziren erakundeak mendeurrena betetzen hasi dira. Horietako bat da Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea, mendeurrena 2008ko urriaren 19an ospatu duena. Elkarte horren eskutik sortu zen Donostiako Aquariuma. Hasieran, elkartearen egoitza izan zen; arrantzaleekin batera lan egiteko, eta itsasoarekin lotutako hainbat gauza gordetzeko toki bat besterik ez zen. Denborarekin, ordea, akuario ikusgarri bat hazi da han, eta oraindik ere hazten ari da.
Donostiako Aquariuma, barrutik ikusita
2009/02/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: I. Azurmendi)

Donostiako Aquariuma ez da munduko handiena, baina urtero 300.000 bisitari duen itsas museoa da. 2008ko abenduan, gainera, instalazio berriak ireki ditu. Bi ordu inguru irauten du Aquariumaren bisitak gaur egun, ia bi kilometroko ibilbidearekin. Baina, akuario baten tamaina ez da bisitariak ikusten duena bakarrik. Bisitariak ikusten ez duen zati horretan, alde batetik, ikerketa-lanak egiteko tokiak daude, eta, bestetik, gaixotutako animaliei tratamendu egokia emateko tokiak.

Ikerketaren esparruan, Aquariumean bertan espezie batzuk hazten dituzte. Katuarraina da horietako bat; arrautzak jartzen dituzte, langileek arrautza horiek jasotzen dituzte, akuario txiki batean jartzen dituzte gero, tenperatura eta oxigeno-mailak kontrolatuta, eta, egoera horretan, arrautzak apurtzen dituztenean jaiotzen dira arrainak.

Hala ere, arrain gehienak hazteko zailagoak dira. Kantauriko haztegietan ohikoak diren espezieak ere ez dira erraz haztekoak Aquariumean. Urraburuak, esate baterako, ohiko haztegietan hazten dituzte kontsumorako. Baina Aquariumean ezin dute hori egin, dedikazio handiagoa eta leku berezi bat beharko luketelako.

Ezkutuko probak

Dena dela, ikerketaren beste helburuetako bat da erakutsiko dituzten arrainak eta akuarioak probatzea, hain zuzen, jendeari erakutsi baino lehen. Adibidez, azken berrikuntza publikoari erakutsi baino lehen, hilabeteak ematen dituzte probak egiten.

Katuarrainak Donostiako Aquariumean bertan jaiotzen dira.
I. Azurmendi

Instalatu dituzten hamaika akuario berrietako bat mangladia izan da, 18 metro luze duen ur epeleko akuario bat. Oso handia denez, ezin zuten espezie gutxirekin hornitu. 20 arrain-espezie sartu dituzte, gutxi gorabehera, tartean saguzar-arrainak, Caesio generoko arrainak eta beste hainbat.

2008ko otsailean muntatu zuten akuarioa eta martxotik aurrera hasi ziren arrainak poliki sartzen. Helburua ez zen bakarrik espezie bakoitzak bizirik iraun zezakeen ala ez probatzea, baizik eta espezieen arteko harremanak ere aztertzea. Ezinbestekoa da akuario batean elkarrekin bizi diren espezieen arteko elkarrekintzari jarraitzea. Aquariumeko mangladiaren kasuan, emaitza ona izan da, eta horregatik jarri ahal izan dute ikusgai akuario berri hori.

Koarentenarako prest

Eguneroko mantentze-lanetan, teknikarien eginkizunetako bat da uretan dauden mikroorganismo kaltegarriak kontrolatzea. Ura argi ultramorez tratatzen dute bakterioak akabatzeko. Gero, ur hori iragazi, eta akuarioetan sartzen da. Hala ere, horrek ez du beti bermatzen bizkarroirik sartuko ez denik, eta arrainak, beraz, gaixotu egiten dira, batzuetan.

Akuario berri handienak mangladi bat simulatzen du, eta ekosistema horretan bizi diren 20 espezie biltzen ditu.
I. Azurmendi

Hori gertatzen denean, gaixotutako aleak koarentenan jartzen dira, ikusgai ez dauden tokietan. Aquariumeko instalazioen barruan, hamabost akuario handi eta hainbat txiki dituzte horretarako eta han ematen dizkiete tratamenduak arrainei.

Dena den, arrainen segimendua ez da ezkutuko instalazioetan bakarrik egiten. Batzuetan, bisitarientzat bistan dauden espezieek ere ezustekoak ekartzen dituzte.

Aquariumeko ozeanario handian --tunel bat duen akuario handian-- gertatu zen ezusteko horietako bat. Berrogei espezie baino gehiago daude han, gehienak Kantauri itsasokoak. Duela urte gutxi arte, horien artean ataloak zeuden, oso arrain ikusgarriak, baina kendu egin behar izan zituzten. Akuarioaren tamaina eta kondizioak ez ziren egokiak haientzat, eta, beraz, ikuskizuna bertan behera utzi behar izan zuten.

Kasu horietan alde etikoak indarra du erabakiak hartzeko garaian. Xabier Lasaga Aquariumeko marketin-arduradunaren hitzetan: "nik, marketinaren ikuspuntutik, marrazo asko, dortoka izugarriak eta abar ekarriko nituzke. Baina, alde horretatik behintzat, alde etikoa zaindu behar da. Dortokekin, esate baterako; Donostiako Aquariumean nahiko dortoka txikiak ditugu, filosofia bati jarraitzen diogulako. Dortoka horiek neguan etortzen zaizkigu, gehienak infekzioekin edo arrantzaleen sareetan erori ondoren. Eta guk Aquariumean zazpi/zortzi hilabete izaten ditugu. Gero, La Rochellera joan, eta han markatu eta askatu egiten ditugu. Azken finean, gure filosofia hori da: ikerketa eta kontserbazio-lanak egitea, eta jendearengan kontzientzia txiki bat sortzea".

Xabier Lasaga (ezkerrean) eta Julen Etxeberria, Aquariumeko marketin-arduraduna eta biologo bat, hurrenez hurren.
(Argazkia: I. Azurmendi)

Espezie berriak

Hala ere, Aquariumeko espezie gehienak ez dira gaixorik edo arrantzaleen sareetan erori eta gero iristen. Normalean, trukearen edo salerosketaren bitartez iristen dira akuarioetara.

Harreman handia dago Espainia osoko akuarioen artean, bai eta Frantziakoekin ere. Donostiakoek Kantauri itsasoko arrainak izaten dituzte eskura; beste akuario batek espezie horiek nahi edo behar dituenean, beste espezie batzuk eskaintzen ditu, eta arrainak trukatzeko aukera sortzen da orduan.

Miarritzeko akuarioarekin harreman estua dute Donostiako Aquariumaren arduradunek. Handik ekarri zuten hirugarren marrazoa, adibidez, Miarritzen obratan egon ziren bitartean. Horrelako mesedeak ohikoak dira akuarioen artean.

Beharrezkoa dute, ordea, arrainen salerosketa. Hori da sistema ohikoena espezie berriak lortzeko, eta merkatu handia dago akuarioetarako.

Nautilusa, pailazo-arraina eta ziklido afrikarra.
I. Azurmendi

Arrain garestienak arrain tropikalak dira. Europan, Herbehereetan daude hornitzaile handienak. Han bertan hazten dituzte arrain tropikalak, eta han erosten dituzte Donostiako Aquariumeko arduradunek. Esate baterako, azken berrikuntzarako espezie tropikal asko erosi dituzte han. Garestienak ez dira arrainak izan, baizik eta nautilusak. Ez da ohikoa nautilusak akuarioetan ikustea, eta, hain zuzen, Donostiako Aquariumeko bisitaren azken akuarioan jarri dituzte ikusgai, bisitaldia amaitzeko ikuskizun berezi gisa.

Beste arrain tropikal asko ere ekarri dituzte, hala nola pailazo-arrain ezaguna, behi-arraina, arkatz-arraina eta abar.

Donostiarako bidaiak

Eta arrainak erostea baino zailagoa izaten da, batzuetan, arrain tropikal horiek garraiatzea. Plastikozko poltsatan sartzen dituzte eta poltsaren bi edo hiru laurdenak urez bete. Garrantzitsua izaten da bidaiak irauten duen bitartean arrainei jaten ez ematea. Bestela, jan ondoren kaka egiten badute, gorotzak janda hil egin daitezke. Bidaia hegazkinez egiten da, egun bakar batean iritsi behar baitute Aquariumera. Bestalde, kontraesana badirudi ere, arrainak poliki ekarri behar dituzte, estresatu ez daitezen. Beraz, oso jarduera konplexua da arrain tropikalak garraiatzea.

Zezen-marrazoa da ozeanario handiko izar nagusia. Oso konplexua izan zen marrazoa Donostiara ekartzea, marrazoek ezin baitute geldirik egon; arnasa hartzeko mugitu egin behar dute.
I. Azurmendi

Marrazoak ekartzea ere ez zen kontu erraza izan. Ezin dute geldirik egon. Horregatik, tanga berezi batzuetan ekarri zituzten, ura ponpa batzuen bitartez etengabe mugituz. Ura marrazoaren ahotik sartu, eta zakatzetatik irteten da, eta, horrela arnasa hartzen dutenez, nahitaezkoa da horrelako sistema bat izatea garraioan. Urari, gainera, oxigenoa gehitu behar zaio, marrazoaren arnasak etengabe kontsumitzen baitu.

Arrantzaleen laguntza

Kantauri itsasoko arrainez hornitzeko, Donostiako Aquariumak arrantzaleen laguntza ere jasotzen du. Haietako batek, Jokin Bidasagastik, lan berezia egiten du Aquariumarentzat. Itsas aingirak hartzen ditu, baita Kantauri itsasoko morenak, lupiak, urraburuak, eta beste hainbat ere. Denboraldiaren arabera, arrain batzuk edo beste batzuk hartzen ditu. "Udaberrian, adibidez, sepiak harrapatzeko garai ona da" dio Julen Etxeberriak, Aquariumeko biologoak. Baina Aquariumeko beharren arabera ere egiten ditu harrapaketak. Arrainen bat falta bada, enkargua egiten diote horren bila joateko.

Gainerako arrantzaleekin ere badute harremana. Zerbait berezia aurkitzen dutenean, Aquariumera eramaten dute. "Behin, adibidez, Afrikako txitxarro gorri batzuk ekarri zituzten. Ez zituzten arrantza egiteko erabili nahi, eta, beraz, Aquiariumera ekarri zituzten ale batzuk" dio Etxeberriak. Hala ere, horrelako ekarpenak ez dira ohikoak.

(Argazkia: I. Azurmendi)

Nolanahi ere, Donostiako portuarekin harreman handia du Aquariumak. Han bertan dago, jakina, eta urte askoko harremana izan dute. Orain, azken berrikuntzan omenaldi txiki bat egin nahi izan diote portuari eta hango arrantzaleei eta bestelako langileei. Horregatik, toki bat gorde diete erakusketan.

Donostiako Aquariuma hazten ari da, bisitariarentzat ikusgai dagoen zatian ez ezik, baita ikusgai ez dagoenean ere. Hogeita sei langile dira (haietatik bederatzi biologoak), itsasoari buruzko museo bat hobetu nahian. Han dago, ia duela mende batetik, Donostiako portuaren azken muturrean. Bisitarien zain.

Balea baten hezurdura
(Argazkia: I. Azurmendi)
XIX. mendearen bukaeran Zarautz eta Getaria artean harrapatutako balea baten hezurdura izan da urte askoan Donostiako Aquariumaren sarreran. Azken urteotan, ordea, berrikuntza-lanak zirela eta, gorde egin zuten hezurdura. Orain, ikusgai dago berriz hezurdura, baina ez lehengo tokian. Akuarioen zona eta fosilen erakusketa baino lehenago aurkituko du bisitariak betiko balea, behetik gorako jarreran jarrita. Betiko hezurdura da, baina oso modu ikusgarrian jarrita.
Roa Zubia, Guillermo
3
250
2009
2
032
Museoak; Ozeanografia
Artikulua
22
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila