Bioekonomia: ikerketa-zentroetatik gizartera jauzia emateko prest

BRTA aliantzako zentroek argi dute bioekonomia bide estrategikoa dela gaur egungo erronka ekonomikoei eta ingurumenekoei erantzuteko. Izatez, bioekonomia Eusko Jaurlaritzaren apustua da, eta horren erakusgarri da Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plan Estrategikoa. Plan horretan ageri dira Euskadin datozen urteetan egingo diren ekimen nagusiak, eta haiek aurrera eramateko lantalde bat dago BRTAren barruan. Hain zuzen, NEIKER da lantalde horren liderra, eta TECNALIA kideetako bat.

bioekonomia-ikerketa-zentroetatik-gizartera-jauzia
Arg. Artxibokoa

“Jatorri naturaleko hondakinei probetxu ekonomikoa ateratzean datza bioekonomia”, azaldu du Soraya Prieto Fernandezek, Tecnaliako Kimika Jasangarriaren arduradunak. Hori nola gauzatzen den ere zehaztu du: “Tecnalian kate osoan egiten dugu lana: lehengaietatik azken produktura. Lehenik, biomasatik balioa duten produktuak erauzten ditugu; tratatu egiten dugu, tarteko produktu kimiko batzuk lortzeko; eta, gero, produktu horiek erabiltzen ditugu, material berriak sortzeko: plastifikatzaileak, ongarriak, biokonpositeak, flokulatzaileak, biometanoa, bioitsasgarriak… Alegia, askotariko material eta produktu kimikoak”.

“Gure ikuspegitik, bioekonomia aukera bat da sektorearentzat”, adierazi du, bestalde, Olatz Unamunzaga Galarzak, NEIKEReko Berrikuntza eta Teknologiako arduradunak. Dioenez, bioekonomia beharrezkoa da balio-kate linealetatik ekonomia zirkularrera jotzeko. “Baina, horrez gain, uste dugu ustiategientzat aukera bat dela”.

“Gaur egun, sortzen diren hondakinak eta azpiproduktuak tratatzea kostu handia da ekoizleentzat. Eta dagoeneko oso justu dabiltza, beste arazo batzuen artean, ekonomia larriagotzen duten kanpo-faktoreak direla eta, hala nola lehengaien eskasia, energia…. Hortaz, haientzat aukera bat da hondakin horiek eraldatu eta ekoizpenean erabili ahal izatea, edo beste produkzio-kate batzuetarako tarteko produktu bihurtzea. Gainera, beste sektore batzuetan sortzen diren gabeziak, gehiegikeriak eta arazoak konpontzeko ere lagungarria da”, adierazi du Unamunzagak.

NEIKERen, batez ere, ongarriak sortzera bideratu dute ikerketa, nekazaritzan eta abeltzaintzan sortzen diren hondakinetatik abiatuta. Bestalde, abereen elikadurarako produktuak ere sortzen dituzte.

Soraya Prieto Fernandez. Tecnaliako Kimika Jasangarriaren arduraduna.

Unamunzagaren esanean, biek ere berebiziko garrantzia hartu dute egungo egoeran, asko garestitu baitira, gerrateen eta lehengaien urritasunaren ondorioz. “NEIKERen, duela hamarkada batzuetatik ari gara helburu horrekin lanean. Beste ekimen batzuen artean, molekuletan oinarritutako ongarriak bilatzen ditugu, bioestimulatzaile gisa jarduten dutenak, eta nekazaritzaren, abeltzaintzaren edo arrantzaren hondakinetatik lortzen direnak. Bestalde, hiltegietako edo gazta-industriako hondakinetan oinarritutako bioplastikoak garatzen ere laguntzen dugu”. Lehen sektorera itzuli ezin dena, berriz, TECNALIAra edo beste zentro batzuetara bideratzen dute, beste hainbat produktu sortzeko erabil dezaten.

Krisia, aukera

Hain zuzen, oraingo krisiak ibilbide bat eginda eta jauzia emateko prest harrapatu ditu BRTA zentroak. “Bioproduktuen arazoetariko bat prezioa izaten da, ezin baitute lehiatu beste ekoizpen-modu batzuk erabilita sortutakoekin. Orain, ordea, dagoen eskasiagatik eta garestitzeagatik, merkatuarentzat ere erakargarriak dira bioproduktuak. Azken finean, merkatuak indar handia du”, azaldu du Unamunzagak.

Ildo beretik, Prietok legediaren garrantzia nabarmendu du: “Legeek ere laguntzen dute; esaterako, materialak berrerabiliak izatea eskatuta, edo zabortegietara eraman daitezkeen produktuak mugatuta. Adibide asko daude. Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik edo basogintzatik datozen hondakinak aipatu ditugu, baina hor daude akuikulturarenak edo araztegienak ere. Horretaz guztiaz gain, karbono dioxido industrialaren aprobetxamendua ere kontuan hartzen ari gara bioekonomian”.

Olatz Unamunzaga Galarza. NEIKEReko Berrikuntza eta Teknologiako arduraduna.

Dena dela, biek onartu dute oraindik badirela gainditu beharreko zailtasunak edo bete beharreko gabeziak. Batetik, ez dute ondo ezagutzen zenbat hondakin sortzen diren, non eta zer eratakoak. Zentzu horretan, urrats aipagarria izan da Euskadiko nekazaritzako elikagaien katean xahutzen diren elikagaiei buruz argitaratu berri den analisia.

Bestetik, hutsune handi bat dago hondakin horien eta azken kontsumitzaileen artean: ez dago maila industrialean hondakinak eraldatu eta bioproduktuak ekoitziko dituen azpiegiturarik.

Nolanahi ere, hutsuneak eta arazoak onartuta ere, baikorrak dira, uste osoa baitute garai egokia dela garatu duten teknologia transferitzeko eta gizarteari irtenbideak eskaintzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila