Behar al dugu energia nuklearrik?

Ez, ez, ez! Nuklearrik ez! / Nuklearra bai! Eztabaida puri-purian dago berriro. Desagertu eta, gutxira, berpizten den kontu horietakoa da. Ez da harritzekoa. Izan ere, atomoaren energiaren erabilera baketsua, energia alternatibo gisara aurkeztu bazen ere, hasiera-hasieratik potentzialki arriskutsutzat jo izan da.

Hemen ere, Euskal Herrian, makina bat egunkari-orrialde, irrati-saio eta telebista-irudi bete ziren bere sasoian eztabaida —borroka odoltsua izatera ere iritsi zen— horren inguruan. Lemoizko zentral nuklearraren aurkako urteak ziren. Lemoizko zentral nuklearraren proiektua Francoren gobernuaren azken urteetan garatu zen, Deba, Ea-Ispaster eta Tuterakoekin batera. Horietako bat bera ere ez zen gauzatzera iritsi, besteak beste, energia nuklearraren aurkako mugimendu indartsuarekin egin baitzuen topo.

Giro eta sasoi hartan uler daiteke eztabaida goren-gorenera iristea, hain lurralde txikian eta populatuan lau zentral nuklear eraikitzeko proiektua ez zelako gehiengoaren gustukoa. Proiektuen aurkakoek arrisku nuklearrez hitz egiten zuten orduan; aldekoek, berriz, Euskal Herriak zuen energiaren premiaz, zentral nuklearrak ez eginez gero Euskal Herria ilunpean bizi beharko zela esanez. Europan ere, giroa antzekoa zen, 1970eko hamarkadan zentral nuklear ugari eraiki baitziren herrialde askotan. Hortaz, energia nuklearraren aurkakoen eta aldekoen borroka indarrean zegoen.

Lemoizko zentral nuklearraren proiektuak bere bilakaera izan zuen eta, gorabehera eta borroka ugariren ondoren, 1983. urtean obrak gerarazi ziren eta 1994an proiektua bertan behera utzi zen.

Baina 1979an, munduan energia nuklearraren alde zeudenen kalterako, istripua gertatu zen Three Mile Island-eko zentral nuklearrean, Pennsylvanian, Estatu Batuetan. Ihes erradioaktiboa gertatu zen eta inguruan bizi zen jendea handik atera behar izan zuten. Ez zen zauritutakorik izan, baina gertaerak munduko iritzi publikoa zentral nuklearren aurka jarri zuen. Energia-mota horren segurtasunaren gaineko kezka nagusitu zen.

Hondakin nuklearrak tratatzeko kristalezko simulazioa.
© 2000 antonin, jiricka@vscht.cz

Zazpi urte geroago, Ukrainiako Txernobil-en energia nuklearraren erabilera baketsuaren historian izan den istripurik lazgarriena gertatu zen. Zentral barruan eztanda izan zen, erreaktorea hondatu eta ihes erradioaktiboa eragin zuen. Hondamendiaren eragina ia 5 milioi pertsona inguru bizi zen gunera hedatu zen. Zentraletik 30 kilometroko erradioan zeuden herri eta hiri guztiak hustu behar izan zituzten. Hasieran istripuaren eragina gutxietsi nahi izan bazen ere, gaur egun, balantzea egitean esaten da Txernobileko hondamendiak zuzenean 20.000 pertsona hil zituela eta, haren ondorioz, 300.000 pertsonak baino gehiagok minbizia izan dutela.

Gertakariak ez zien lagundu energia nuklearraren aldeko ekimenei. Hala eta guztiz ere, eztabaidaren interes-gunea aldatu egin zen apur bat. Sobietar Batasun ohiko zentral nuklearren segurtasun-akatsetara bideratu zen. Dena den, geroztik gutxienez garrantzizko bi istripu gertatu dira sobietarren eremutik at: bata 1999an Japoniako Tokaimuran eta bestea iazko otsailaren 15ean, Estatu Batuetako Con Edison zentral nuklearrean, New York-etik 50 kilometrora.

Beraz, nuklearra bai / nuklearra ez eztabaida, bere gorabeherekin, hor dago aspaldidanik. Gorako bidean da orain. Baina, zergatik?

Eztabaidaren oinarrian, dudarik gabe, eztabaidarik ez duen errealitatea dago: gaur egungo energia-iturri nagusiak noizbait agortuko dira. Gainera, argi dago munduan gero eta energia gehiago kontsumitzen dela eta datozen urtetarako joera ere hori dela. Hortaz, gaur egungo energia-iturri nagusiak ordezkatu egin behar dira, alternatiba bilatu behar zaie.

Eta alternatiba bilatze horretan sortu da eztabaida eta lehia: alde batean energia nuklearraren aldekoak; bestean, energia berriztagarrien alde egiten dutenak. Zentral nuklearrek ez dute atmosferara karbono dioxidorik igortzen, etekin energetiko handia dute, gaur egungoek ez dute zer ikusi handirik sasoi batekoekin, asko aurreratu omen dute… baina arriskutsuak izaten jarraitzen dute, eta hondakin-erradioaktiboen kudeaketak kezka eta eztabaida dezente sortzen du. Energia berriztagarriak, berriz, arriskurik gabekoak dira, agortezinak, ingurugiroarekiko garbiak… baina energetikoki ez dira oso errentagarriak, nahiz eta gero eta etekin energetiko handiagoa duten.

Energia nuklearraren inguruko eztabaida indarrean da berriro.

Ikertzen ari dira arlo bietan eta, badirudi laster erabakiak hartzeko ordua iritsiko dela. Kiotoko protokoloa ere hor dago. Oinarrian klimaren aldaketa konpontzeko neurriak, biodibertsitatea eta baliabideak zaintzekoak, eta ondorengo belaunaldiei hondakinik ez uztearen alde egin du protokoloak. Baina oraindik ez da sinatu, eta estatubatuarrek bizkarra eman diote. Indarrak-neurtze horretan berriro atera da energia nuklearrari buruzko eztabaida. Gehienbat aldizkari espezializatuetara mugatzen ari badira ere, zientzialariak beren iritziak ematen hasiak dira.

2001eko ekainean Physics World aldizkariak “Energia nuklearra behar dugu?” izenburupeko eztabaida-artikulua argitaratu zuen. Eztabaida goi-mailako bi adituren artekoa da: Peter Hodgson fisikari nuklearra, baiezkoaren alde, eta Dennis Anderson ekonomialaria ezezkoaren ondoan. Eztabaida luzeegia da Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarirako, xehetasunez betea eta, ondorioz, zuzen-zuzen laburtzeko zaila. Dena den, gaiaren gaurkotasuna eta garrantzia kontuan hartuta, Physics World aldizkariaren baimenarekin sarean euskaraz irakurri ahal izango duzu, Zientzianet zientzia-atarian. Helbidea honako hau da: www.zientzia.net

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila