B hepatitisa

B hepatitisa eritasun kutsakorra da eta Osasun Publikoaren barnean arazo garrantzitsutzat kontsideratuta dago, batez ere gibeleko eritasun kroniko bihurtzeko arrisku handia duelako.

Eritasun hau, birus baten bidez pasatzen da pertsona batetik bestera, munduan zehar zabaldua dagoen arren intzidentzi desberdina du herrialde batetik bestera. Intzidentzia altua izatea garrantzitsua da baina oraindik garrantzitsuagoa da erien % 5 edo 10 eritasun kronikorantz joko dutela kontutan hartzea. Azken finean, eri kroniko hauek dira neurri handi batean eritasuna mantentzen eta zabaltzen dutenak. Horretaz aparte, ez da ahaztu behar heldutasunera iristen diren eri kronikoetatik % 40 eritasunaren ondorioz hilko dela: gibeleko eritasun kronikoa, zirrosia edo gibel-zelulako kartzinoma dela medio.

Gaur egun eritasun honek ez du tratamendu eraginkorrik, eta komunitate-mailan aurre neurriak hartuz bakarrik kontrola daiteke oraingoz. Azken urte hauetan, eritasun honen agente etiologikoak osotara ezagutuz joan dira eta ondorioz neurri eraginkorrak garatuz beti ere eritasuna desagertarazteko asmoz. Neurri horietako bat txertuarena da. Txertuaren bidez B hepatitis birusaren katea epidemiologikoa hautsi egiten baita.

1. taula.

B hepatitisaren epidemiologia

B hepatitisaren birusa Hepadnabirusa da (DNA birusa), gibeleko zelulan sartzeko ahalmena du eta hepatitisa sortaraz dezake.

Birus honi Antigeno (Ag) eta Antigorputz (Ac) batzuk elkartzen zaizkio (1. taula). Pertsonen gorputzean antigeno eta antigorputz hauen azalpenak berriz, une horretako osasun-egoera zein den ezagutzen laguntzen dute (eritasun akutua, eramailea...).

Giza birus honentzat ez dira ezagutzen abere erreserborio edo bektorerik. Eritasun honen benetazko erreserborioa pertsona kutsatuak dira, hau da, inkubazio-denboran, eritasunaren fase akutuan edo eramaile kronikoaren egoeran dauden pertsonak osatzen dute. Adina edo sexuak ez du garrantzirik eritasuna kutsatzeko orduan.

Batez ere kutsatutako pertsonen odola edo gorputzeko beste jariakinen batekin ukipena izanez gero transmititzen da eritasun hau. Arriskua edozein pertsonak du, baina batez ere ukipen hori izateko arriskuan jartzen direnak oraindik ere gehiago dute. Horrela, harreman sexualak, zain bidezko drogen injekzioak, jaiotzaren ondoriozko (amarengandik haurrarenganako) transmisioak izan daitezke eritasun hau zabaltzeko modu ezagunetako batzuk.

Transmisio-bideak

B hepatitis birusaren bidezko infekzioa kutsatutako odol edo gorputzeko beste likido kutsaturen baten bidez pasa daiteke pertsona batetik bestera.

Transmisio-bideen artean ondokoak dira aipatzekoak:

  • Harreman heterosexualak eta homosexualak.
  • Drogak zain bidetik injektatzea.
  • Jaiotzako transmisioa (amarengandik haurrarenganakoa).
  • Odol transfusioak. Gaur egun bide honetatik kutsatzeko arriskua oso txikia da. Hain zuzen ere, odol-emaile guztiei AgHBs-a duten edo ez duten begiratzen zaielako eta emailea izan aurretik aukeraketa egiten delako.

Hala ere, B hepatitisa duten erien portzentaia bati ez zaio arrisku faktorerik identifikatzen.

B hepatitisaren eramailea

B hepatitis birusaren bidezko infekzioa asintomatikoa (% 50 kasu baino gehiagotan) edo sintomatikoa izan daiteke. B hepatitisaren infekzio akutua duen pertsona batek, sintomak izan edo ez izan arren eritasunaren eramaile kronikoa bihur daiteke.

Pertsona bat eramaile kroniko bezala identifikatzeko gutxienez bi alditan (sei hilabeteko tartea gordez) egindako odol analisiak Ag HBs-a (+) eman beharko dio edo bestela Ag HBs (+) eta IgM Anti HBc (-) analitika bakarra egin ondoren. (2. taula)

Eramaileen infektibitatea Ag HBe-ren positibotasunarekin lotuta egon arren, beti ere eramaile horrek potentzialki beste bati kutsatzen ahal dio.

Pertsona bat eramaile kronikoa bihurtzeko probabilitatea handiagoa izaten da jaio eta lehen urteetan eritasuna jasaten badu. Horrela haur jaio berrietan eritasuna jasanez gero % 90-95 kasutan eramaile kroniko bihurtzeko probabilitatea du, 5 urte baino gutxiago izanez gero % 25-50 kasutan eta pertsona helduetan berriz, % 6-10 kasutan. Dena dela, pertsona inmunodeprimituak eritasuna betirako izateko arrisku handiagoa izaten dute.

Eramaile kroniko aunitzetan ez da signo klinikorik azaltzen baina luzarora gibeleko zirrosia edo minbizia izateko arrisku handiagoa izaten dute pertsona hauek. Bereziki talde honen barnean daudenak izaten dira neurri handi batean eritasuna zabaltzen dutenak eta horregatik eramailea beti ere beste pertsona bati kutsa dezakeen pertsona bezala kontsideratu behar da.

B hepatitisaren aurkako txertaketa Nafarroa Garaian

B hepatitisaren aurkako neurri eraginkorrena txertaketarena da. Hori kontutan izanik, Nafarroa Garaian, 1993. urtetik hasita, haur jaio berriei eta O.H.O.ko 7. mailako ikaslei, B hepatitisaren aurkako txertaketa eskaintzen zaie.

Haur jaio berriei Ospitaletik atera baino lehen jartzen zaie lehenbiziko dosia, kasu gehienetan jaio eta laugarren egunean. Bigarren eta hirugarren dosia zonalde bakoitzari dagokion Osasun Zentruan jartzen da.

O.H.O.ko 7. mailako ikaslei berriz dagokien ikastetxean jartzen zaie.

Aipatutako bi talde hauez aparte eta 1994. urtetik aurrera, beste zenbait pertsonai ere B hepatitisaren aurkako txertua eskaintzen zaio. Batez ere arrisku handia dutenei edo ondoko kasuetan aurkitzen direnei aholkatuko zaie txertaketa:

  1. Lanbidea arrisku bidea denean. Beste batzuren artean esate baterako osasun arloko langilei (odola duten sustantzien arriskuan aritzeagatik).
  2. Erakundetan dauden adimen gutxiko pertsonei eta hauen zaintzailei.
  3. Hemodialisia egiten zaienei. Beti ere komenigarria izaten da txertaketa egitea hemodializatzen hasi aurretik.
  4. Gorputz-transplante eta odol produktuen hartzaile direnei. Odol transfusioak egin dizkienei txertatu aurreko test-a egitea aholkatzen zaie.
  5. Eramaile kronikoekin bizi direnei eta B hepatitis birusaren eramaileen bikote sexualei. Pertsona hauei aurrez markatzaileak eginen zaizkie eta ondoren txertatzea komeni zaienei txertatu (suszeptibleak direnei).
  6. Zain bidetik droga hartzen dutenei eta hauekin bizi direnei. Hauei ere, txertatu aurretik, markadoreak egitea komeni zaie. Dena dela, besterik gabe txertaketa egitea ere posible da, bederen droga orain dela gutxi kontsumitzen hasia bada. Behin txertuaren 3 dosiak hartuz gero Anti HBs-ren nibelak zertan dauden ikusi beharko da, batez ere GIB (+) den kasuan.
  7. Harreman sexualak pertsona desberdinekin dituztenei (azken 6 hilabeteetan bikote sexual bat baino gehiago izan dutenei).
  8. Espetxeetan daudenei.
  9. B hepatitis birikoaren infekzioa endemikoa den herrialdeetatik etorritakoei.
  10. Nazioarteko bidaiariei. Sei hilabete baino gehiagoko denboraldia pasatzera badoa infekzio-tasa altuko zonaldetara. Edo epealdi motzerako baino odola ukitzeko arriskua baldin badu Osasun Zentru edo Ospitalean aritzeagatik.
  11. Endemia altuko komunitateko partaidei, ijitoei esate baterako.

Txertatzeko bidea

B hepatitisaren aurkako txertua muskulu barnean injektatu behar da. Haur eta pertsona helduei deltoide muskuluan jartzen zaie eta jaio berriei berriz iztarreko aurrezeharreko muskuluan. Badirudi helduei, ipurmasailean txertua jarriz gero inmunogenizitatea txikiagotu egiten zaiela, nonbait, anitz kasutan muskuluan jarri beharrean ehun adiposoan jartzen delako gertatzen da hori.

Txertaketarako eredua

Haur eta pertsona helduei txertoa hiru injekziotan jartzen zaie. Lehen dosia hartu eta hilabetera bigarrena eta sei hilabetera hirugarrena (0, 1 eta 6 hilabetera).

Aholkatzen diren dosiak berriz, desberdinak izango dira. Horrela kontutan hartu beharko da zein den produktua edo zein hartzailearen adina edota haur jaio berrietan berriz, amaren Ag HBs-ren egoera. Hemodializatuei eta inmunodeprimituei esate baterako dosi gehiago edo altuagoak aholkatzen zaie.

B hepatitisaren aurkako txertua beste txertu batzurekin batera jartzen bada, orain artean bederen, ez du inongo interferentziarik sortu antigorputzak egiteko orduan.

Edozein arrazoi dela eta, txertaketa lehenbiziko dosia hartu ondoren etengo balitz, bigarren dosia ahal den eta azkarren jarriko da. Ondorioz, bigarren eta hirugarren dosien artean gutxienez bi hilabeteko tartea gorde beharko da. Atzeratzen den dosia hirugarrena izango balitz berriz, komeni denean jarriko da.

B hepatitisaren aurkako txertu honek ez du ondoriozko kalterik eragiten. Dena den txertua hartu duten haur eta helduen artean azaldu dira bigarren mailako ondorio batzuk, horrela kasu batzuetan (% 3-29 artean) injekzioa hartu den lekuan mina izaten da edota kasu gutxiagotan (% 1-6 artean) 37,7 °C-tik gorako sukarra.

Txertatu ondorengo markadoreak

Txertatu ondoren, zenbait kasutan markadoreak egitea aholkatzen da, esate baterako: Ag HBs positiboa duen amaren haur jaio berriari, dialisiako eriei, zain bideko droga hartzailei, GIB(+) dutenei eta eramaile kronikoen bikotei.

Markadore hauek txertatu eta handik hilabete eta sei hilabete artean egin behar dira. Analitika horretan Anti-HBs-ren tituluak 10 UI/L baino txikiagoak badira birtxertatzea aholkatzen da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila