Astanafarreria edo barizela

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Baztanga eroa ere esan izan zaio azaleko pinporta berezi batzuekin agertzen den gaixotasun honi. Varicella zoster birusak eragindako infekzioa da. Azalean exantema edo negal berezi bat agertzen da: papula-besikulak dira, hau da, handitu txikiak batetik (horiei papula esaten zaie), eta uraren antzeko likido batez betetako pusla edo babatxoak bestetik (horiexek dira besikulak). Azkura ematen dute, eta, sarritan, horiekin batera sukarra eta ondoeza edo nekea agertzen dira.

Hasieran, birusarekin kontaktua eduki eta gero, inkubazio-aldia dator, ondoren ondoeza agertzen da, eta exantema agertzen denean (gaixotasunaren fase ezaugarria) diagnostikoa egiteko moduan gaude. Azaleko lesioak sendatzen direnean, normalean bere kasa desagertzen da astanafarreria ere.

Baina herpes birusen familiako birusek eragindako beste infekzioetan gertatzen den bezala, gaitza eragin duen birusa toki jakin batean babesten da (nerbio-gongoiletan) eta hor ‘lozorroan’ egoten da bizitza osoan. Egoera jakin batzuetan, infekzioaren aurkako defentsa naturalak jaisten direnean bereziki, birusa indarberritu egiten da eta zoster herpesa sortzen du.

Barizela gaixotasun onbera da, eta ume osasuntsuetan bere kasa sendatzen da. Baina ez da ahaztu behar gaitza larriagoa izan ohi dela defentsak murriztuak dituzten pertsonetan (immunogutxituetan), jaioberrietan, nerabeetan eta pertsona helduetan.

Zerk eta nola sortzen du barizela?

Herpes birusen familiako birus batek, Varicella zoster birusak (VZV), sortua da barizela. Pertsonak dira VZVren gordailu bakarra. Prozesua oso-oso kutsakorra da: pertsona infektatu batekin harremana eduki duten pertsona sentikorretatik % 90ek harrapatzen du astanafarreria. Pertsona sentikorrek bai, baina ez gaitzaren kontrako babesa duten pertsonek. Eta kontaktu edo harremanak hurbilekoa izan behar du, kanpoan, hau da, pertsona infektatuetatik at, apenas irauten baitu bizirik.

Nola jakin dezakegu ume batek barizela duela?

Aurreneko sintomak birusarekin harremana izan eta 14 egunera agertzen dira (inkubazio fasearen ondotik). Lehen 3 egunetan podromoak agertzen dira: sukarra (38-39 ºC), ondoeza, goserik eza, eztarriko mina eta eztula; ezer berezirik ez, beste hainbat patologiaren antzeko sintomak. Molestia horiek gogorragoak dira zenbat eta haziagoa izan umea (haur txikietan ia oharkabean pasa daitezke).

Hespersaren familiakoa da Varicella zoster birusa.

Lehen sintoma horien ondoren, egun bat edo bi geroago, azalean exantema bat agertzen da, azkura handia ematen duena. Azaleko aurreneko lesioak buruko ile-larruan agertzen dira, eta berehala zabaltzen dira enborrera; azkenik, gorputz-adarretara iristen dira. Besikula edo puslen batez besteko kopurua oso aldakorra da (200-300ekoa normalean), baina kasu larrienetan 500 baba edo gehiago ere ager daitezke.

Lesioen eboluzioa oso-oso berezia da. Hasieran makulak dira (lesio gorrixka lauak, txiki samarrak), pixkanaka puztu egiten dira (papula esaten zaie fase horretan), eta, gero, likido garden batez betetako baba edo pusla bihurtzen dira (besikulak). Hogeita lau ordu geroago, hanturaren ondorioz, barruko likidoa uhertu egiten da. Fase horretan besikulak erraz apurtzen dira eta, lehortu ondoren, kostra edo zarakarra agertzen da. Oso normala da eboluzio-fase diferentean dauden lesioak ikustea aldi berean.

Normalean, exantema berez desagertzen da, oso-osorik gainera. Infekzioaren aurka defentsa onak dituen pazientean lesio berririk ez da agertzen 4. egunetik aurrera eta 6. egunean hasten dira zarakarrak osatzen. Azkuraren eraginez pazienteak lesioetan hatz egiten baldin badu, lesio horiek gaizkoatu egin daitezke beste bakterio batzuekin, eta kasu horietan orbanak ager daitezke, aurpegian batez ere.

Diagnostikoa: nola baiezta dezaket astanafarreria dela?

Barizelaren diagnostikoa pazientearen historia klinikoarekin eta lesioen esplorazioarekin egiten da, baina inguruan (eskolan, auzoan, familian bertan) antzeko kasu ugari egotea oso lagungarria gertatzen da diagnostikoa berresteko.

Ohiko exantema agertzen bada, eboluzio-fase diferentean dauden lesioekin eta azkura handiarekin, eta aurreko egunetan barizelak jotako gaixo batekin kontaktua eduki badu, datu horiek aski dira diagnostiko klinikoa ezartzeko.

Egoera berezietan laborategiko teknikak erabiltzea beharrezkoa izaten da (lesioetan jasotako likidoan birusik kultibatzen den ikustea, edo pazientearen sueroan antigorputzen erantzuna frogatzea). Baina normalean ez dira egiten proba horiek.

Zein da tratamendua?

Higienea oso garrantzitsua da konplikaziorik sor ez dadin: xaboi lehortzaileekin bainuak hartzea komeni da eta azazkalak moztea, lesioetan hatz egin eta horiek gaizkoa ez daitezen. Azkura gutxitzeko talko-hautsa eta antzekoak erabil daitezke.

Zein ondorio eduki ditzake barizelak?

Arriskua txikia da ume osasuntsuetan, baina ez da gutxiesteko modukoa bularreko haurretan.

Barizelaren ohiko pronostikoa ona da, bere kasa sendatzen den gaixotasun mugatua delako

normalean 10-15 egunen buruan desagertzen da

Zoster herpesa da arazorik usuena, lehen ikusi dugun bezala. Bestelako konplikazioak agertzeko arriskua txikia da ume osasuntsuetan, baina ez da gutxiesteko modukoa bularreko haurretan, nerabeetan, pertsona helduetan edota beren defentsak gutxituta dituzten pertsonetan.

Azaleko arazoak
Besikulak gaizkoatu egin daitezke, Staphylococcus aureus edo Streptococcus pyogenes bakterioen eraginez, esaterako. Kasu horietan, orban iraunkorrak utz ditzake barizelak. Kontuz azkurarekin, ez egin hatz lesioetan.

Nerbio-sistema zentraleko arazoak
Zerebeloko ataxia 4.000 kasutik 1ean gertatzen da, eta normalean erabat errekuperatzen da. Barizelagatiko entzefalitisa, berriz, 100.000 barizela-kasutik 1,7tan agertzen da, 14 urte arteko umeetan. Kasurik okerrenetan heriotza eragin dezake.

Arnas aparatuko arazoak
Pneumonia ez da ohikoa umeetan, haur immunogutxituak ez badira bederen, baina horixe da konplikazio larririk ohikoena helduetan, erretzaileen artean batez ere: exantema agertu eta egun batzuetara, eztula, arnasteko zailtasuna, sukarra eta bularreko mina agertzen dira. Tratamendu egokiarekin ondo sendatzen da.

Barizela kutsatzeko moduak

Ahotik botatako tantatxoen bidez


Pertsona infektatu batek hitz egin edo eztula egiterakoan ahotik botatzen dituen tantatxoak irenstea (hau da modurik usuena kutsatzeko). Exantema agertu aurretik ere (4 egun lehenagotik), gaixoa gai da edonor infektatzeko, eta kutsatzeko ahalmen horrek azaleko lehen lesioa agertu eta 6 egun geroago arte irauten du.

Gaixoaren azaleko besikulak ukituz


Lesioak agertu baino egun pare bat lehenagotik dira paziente horiek kutsakorrak, azaleko lesio guztiak kostra edo zarakarrez estaltzen diren arte (4-5 egun behar izaten dira normalean).

Haurdunaldiko transmisioa
Ama infektatuak fetuari transmiti diezaioke astanafarreria haurdunaldian. Barizela pasa duten emakume haurdunetatik jaiotako ume guztietatik % 2k sortzetiko barizelaren sindromea garatzen du.


Nola saihes daiteke astanafarreria?

Gaixotasunari itzuri egiteko aukerak hiru dira: barizelaren kontrako txertoa, immunoprofilaxi pasiboa eta kamioprofilaxia. Ikus ditzagun banan-banan, labur bada ere.

Barizelaren kontrako txertoa


OKA zepatik datozen birus bizi indargabetuen txertoa da. Txertoaren gaitasun immunogenoa oso handia da, eta, beraz, immunitatea ematen die pertsona osasuntsu gehientsuenei. Txertoaren eraginkortasuna % 75-95ekoa da infekzioaren edozein formaren aurrean. Immunitatearen iraupena luzea da, eta albo-ondorio gutxi dauzka. Haurrak 12 urte bete aurretik jartzen da, larruazalpetik eta dosi bakarrean. 13 urtetik aurrera, eta baita paziente immunogutxietan ere, bi dosi hartzea gomendatzen da, 4-8 asteko tartearekin.

Immunoprofilaxi pasiboa


Infekzioaren kontra babestuko gaituzten antigorputzak ematea da kontua. Espainian, muskulu barrutik jartzeko Varicella zoster -aren aurkako immunoglobulina espezifikorik ez dago oraindik eskura.

Kimioprofilaxia
Barizelak jota dagoen pertsona batekin harremana eduki duen paziente bati birusaren kontrako botikak ematean datza, era horretan gaixotasuna prebenitu edo aldarazteko. Gaixotasunak larri eragingo liekeen pertsona sentikorrek ere egin dezakete tratamendua.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila