Asmaren larriagotzeak umeengan, erretzaileen kea arnasteagatik

Lehen ere erretzaileen zigarroen kea arnasteak era batera edo bestera —biriken funtzioa gutxiagotuz, arnasbideen erreaktibitatea areagotuz eta krisi asmatikoak ugalduz— ume asmatikoak kaltetu egiten zituela ezaguna izan arren, oraingo honetan Estatu Batuetan egindako lan bat aipatuko dugu.

Umeek izandako esposizio-maila neurtzeko, bi bide erabiltzen dituzte: gurasoek aitortutakoa eta gernuan agertutako kotinina-kopurua. Kotinina nikotinaren eratorri metaboliko bat da eta gernutik kanporatu egiten da 24 orduko batezbesteko bizitzaren ondoren. Horrekin batera biriken funtzioak neurtu egin ziren eta asma larriagotzen zeneko egoerak kontutan hartu ziren.

Kotinina-neurketak 199 ume asmatikorengan egin ziren eta biriken funtzioa 145 umerengan neurtu ahal izan zen. Ume bakoitzaren historia medikoak berrikusiz jakin zuten aurreko urtean izan zituzten larriagotzeen kopurua. Tabakoarekin hartu-emanik izan ez zuten 116 umeen batezbesteko kotinina-maila 5,6 ng/ml-koa izan zen, 13,1 ng/ml-koa ama ala familiako beste pertsonaren bat erretzailea zuten 53 haurrengan eta 55,8 ng/ml-koa ama eta familiko beste pertsona batzuk erretzaileak zituzten umeengan.

Asmaren larriagotze akutuak sarriago agertu ziren esposizioa izan zuten umeengan, esposizio hori gurasoek aitortuta nahiz kotinina-mailaz detektatu zelarik. Esposizio altuena izandako haurrak baxuena izan zutenarekin konparatuz, 1,8ko arrisku erlatiboa erakutsi zuten gurasoek esandakoa kontutan hartuz eta 1,7koa kotinina-maila kontutaz hartuz.

Biriken funtzioa neurtzeko aztertutako parametroak ere kaltetuta agertu ziren erretzaileekin hartu-emana izandako umeengan.

Lana argitaratu duen “The New England Journal of Medicine” aldizkariak editorial batean komentatzen du lan hau. Orain arte egindako ikerketetan, erretzaileen tabakoaren ketan izandako esposizioa —erretze pasiboa— gurasoek esandakoarekin bakarrik neurtzen zen eta, jakina, neurketa hori oso subjektiboa eta aldakorra zen. Orain gernuan kotinina- maila neurtuz esposizio-maila objektiboa dugu esku artean eta gainera kotinina-maila altua duten ume asmatikoek larriagotze-krisiak usuago izateaz gain biriketako funtzioan aldaketak edukitzen dituzte.

Orain dela gutxi Ingurugiroa Babesteko Bulegoak argitaratu duenez, Estatu Batuetan urtero 434.000 pertsona hiltzen dira tabakoagatik (hauetatik 120.000 biriketako minbiziagatik). Erretzaile pasibo izateagatik 1.500 emakume ez-erretzaile eta 500 gizon ez-erretzaile ere hiltzen direla uste da. Datu hauek neurtzen erabilitako zenbait tresna edo bide epidemiologiko kritikatu baldin badira ere, oro har onartu egin dira. Japonian, Txinan eta Europako ekialdean gero eta erretzaile gehiago dago eta biriketako eritasunen (minbizia hauen artean) intzidentzia handiagotzen ari dela frogatu da. Gure inguruko herrialdeetan emakume erretzaileak ugaltzen ari diren heinean, arazo berdinak usuago agertzen ari dira hauengan eta hori ondo dakite Pneumologi zerbitzuetakoek.

Kotinina eta antzeko “markatzaileak” denboraldi luzetan neurtuz tabakoaren eragina hobeto azter daiteke, bai erretzaileengan eta bai erretzaile pasiboengan. Urteak beharko dira ikerketa epidemiologiko sakonak burutzeko; esposizio apaleko pertsonek dituzten arriskuak neurtzeko batez ere. Hala ere, neurri zorrotzen beharra nahitaezkoa da, tabakoak hainbeste eta hainbeste hiltzen duela ikusita.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila