Artikoaren konkista

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Lur edo ur berriak konkistatzeak aberastasuna eta boterea ematen du. Hori izan da herrialde askoren nahia historian zehar. Eta halako konkistak armaden indarraz egin izan dira eta egiten dira, ia beti. Gaur egun, hala ere, eremu berrien jabetza beste modu batez lortu nahi dute herrialde batzuek, eta, azken erabakia politikariek hartuko badute ere, zientzialarien esku egon daiteke, neurri handi batean.
Artikoaren konkista
2008/05/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Ezioman)

Ipar poloak ez du jaberik. Oraindik ez, behintzat. Inguruan dauden bost herrialdeen --Errusia, AEB, Kanada, Groenlandia (Danimarka) eta Norvegia-- jabegoa haien kostaldetik 200 miliataraino iristen da. Hori dio Itsasoko Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioak (UNCLOS). Eta hortik kanpo gelditzen dena nazioarteko urak edo, kasu honetan, izotzak dira. Baina nazioarteko izotz horren azpiko itsasoaren hondoan altxor preziatuak omen daude. Adituek diote gas eta petrolio ugari dagoela lur horietan. Gainera, Ipar poloko izotza urtzearen ondorioz, gero eta eskuragarriagoak dira lur horiek. Eta, noski, inor ez dago prest halako altxorrak jaberik gabe uzteko.

Errusiarrek beren bandera jarri ere egin zuten iazko udan Artikoko itsas hondoan, lur haiek errusiarrak zirela aldarrikatzeko. Keinu sinboliko bat baino ez zen izan, eta oraingoz ez du inongo baliorik, baina errusiarren plana da Artikoaren zati handi baten jabe egitea. Horretarako, Nazio Batuen Konbentzioak ematen duen aukera bat aprobetxatu nahi dute. Baina ez dira bakarrak; Danimarkak eta Kanadak ere, gutxienez, aukera berari heldu nahi diote lur horien jabe egiteko.

Itsasoko baliabideen ustiaketan sortzen ziren liskarrei irtenbide bat emateko onartu zen, 1982an, Itsasoaren Zuzenbideari buruko Nazio Batuen Konbentzioa; eta, gaur egun, 155 herrialdek berresten dute konbentzio hori --AEB da salbuespen garrantzitsu bat--. Konbentzioaren arabera, herrialde baten ekonomia-eremu esklusiboa kostaldetik 200 miliataraino iristen da; eta eremu horretako baliabideak ustiatzeko eskubide esklusiboak ditu herrialde horrek.

Baina salbuespenak egiteko aukera ere biltzen du konbentzioak. Izan ere, 76. artikuluak dioenez, 200 milia baino urrunago dauden eremuen jabetza lor daiteke, irizpide geologikoak erabiliz eremu hori herrialdearen plataforma kontinentalaren luzapen natural bat dela frogatuz gero. Hori frogatzen duten herrialdeek bi aukera dituzte: lurralde-uren mugetatik 350 miliara jarri dezakete muga berria, edo 2.500 metroko sakonera duen puntutik 100 miliara.

Eta 76. artikulu horretan oinarrituta, Kanadak, Danimarkak eta Errusiak Artikoko eremu batzuen jabe egin nahi dute. Hori lortzeko planen barruan Lomonosov gandorra da gakoetako bat, Ipar polo geografikoa zeharkatuz Siberia aldetik Groenlandia aldera doan 1.800 km-ko urpeko gandorra.

Artikoko izotzaren azpiko itsasoaren hondoan altxor preziatuak omen daude.
J. Landis/National Science Foundation

Hala, hiru herrialde interesatuetako ikertzaileak itsaspekoetan eta ontzi izotz-hausleetan sartu eta Lomonosov ikertzen ari dira. Frogatu nahi dute Lomonosov gandorra haien herrialdeen luzapen natural bat dela. Agian arraroa dirudi Ozeano Artikoaren erdian, kostalde guztietatik hainbat miliatara dagoen gandor bat Eurasiaren edo Amerikaren luzapentzat hartu ahal izatea. Baina gandorraren historia geologiko bitxia dago horren atzean.

Gandor desterratua

1960ko hamarkadan ikusi zuten Atlantikoko dortsala --Atlantikoaren erdian dagoen dortsal ozeanikoa, non lurrazal ozeaniko berria sortzen den-- Artikoraino iristen zela; Gakkel dortsala deitzen zaio Artikoko zatiari. Garai hartan plazaratu zuten teoria baten arabera, Siberia aldeko itsas hondoa ireki egin zen Gakkel dortsalean lurrazal berria sortu ahala. Eta, horren ondorioz, hasiera batean Eurasia kontinentearen ertzeko ezpal bat zen Lomonosov gandorra kontinentetik urrunduz joan zen, Groenlandiaren eta Errusiaren tartean gelditu arte.

1991. urtean, izotz-hausle alemaniar eta suediar bana abiatu ziren teoria hori frogatzera. Lehen azterketa sismikoa egin zutenean, garbi ikusi zuten. Gandorraren Eurasiako aldean, gandorra kontinentetik urruntzean sortutako egitura bereizgarri batzuk atzeman zituzten. Eta, gandorraren beste aldean, berriz, sedimentu-geruza lodiak zeuden. Hau da, Eurasiaren aldeko lurrazala askoz ere berriagoa zen beste aldekoa baino. Bestalde, 2004an atera zituzten Lomonosov gandorraren lehen lur-laginak, eta orduan ikusi zuten lur haiek Eurasiako plataforma kontinentalaren oso antzekoak zirela. Gauzak horrela, ez da frogarik falta behinola Lomonosov Eurasiaren zati bat izan zela esateko.

Errusiaren, Kanadaren eta Groenlandiaren plataforma kontinentalen arteko zubia osatzen du Lomonosov gandorrak.
NOAA

Baina, Lomonosov-en jatorria argi badago ere, errusiarrek lur horien jabe izan nahi badute, gandorra Errusiarekin non lotzen den argitu beharko dute, inon lotzen bada. Izan ere, teoria batzuek diote gandorra desitsatsi egin zela kontinentetik, eta kasu horretan ez litzateke Errusiaren luzapen natural bat izango, zentzu hertsian behintzat. Baina, arazo horri erantzutea ez da erraza, datu gehiago bildu ezean.

Errusiarrek 2001ean egin zuten Artikoko eremu baten jabe egiteko lehen eskaria. Orduan, Nazio Batuek erabaki horiek hartzeko duten batzordeak ez zuen onartu, froga gehiago behar zirela argudiatuz. Ez dago argi nolako frogak behar dituzten, baina iaz Errusiak beste ikerketa-espedizio bat jarri zuen martxan, ahalik eta datu gehien biltzeko.

Bestalde, Danimarkak eta Suediak ere izotz-hausle bana bidali zuten iaz Lomonosov-en Groenlandiako aldea ikertzera, Lomonosov Ridge of Greenland (LOMROG) 2007 espedizioan. Izotz-plaka oso lodien artean ireki behar izan zuten laginak hartzeko bidea, eta bildutako datuak ez dituzte argitaratu oraindik. Baina, errusiarren moduan, Lomonosov Groenlandiaren plataforma kontinentalarekin lotuta ote dagoen ikusi nahi dute, edo, gutxienez, plataforma hori zehazki non bukatzen den jakin, Artikoko zein lur eskatzeko eskubidea duten jakiteko.

Kanadak ere baditu aukerak, gandorraren hegoaldeko muturra Groenlandia eta Kanadaren artean gelditzen baita, justu. Eta haiek ere ari dira ikertzen. Hala ere, presa handiena dutenak errusiarrak dira. Izan ere, itsasoko konbentzioaren arabera, herrialde batek hura berresten duenetik 10 urteko epea du eremu berrien eskariak egiteko. Errusiari 2009an amaitzen zaio epe hori, Kanadari 2013an eta Danimarkari 2014an. Ez da denbora asko, inguru hartan urtean hilabete gutxi batzuetan soilik ikertu daitekeela kontuan hartzen bada.

Artikoan, urtean hilabete gutxi batzuetan soilik iker daiteke.
Ezioman

Ezin da jakin konkista horiek zertan bukatuko diren, baina litekeena da mapen lerroak berriz marraztu behar izatea. Konbentzioak izendatutako batzordeak erabakiko du hori. Eta erabaki hori behin betikoa ez izatea ere posible da; azken finean, guztiek ez dute konbentzioa onartzen, eta egun berresten dutenek etorkizunean iritziz aldatzea ere posible da. Baina, bitartean, urrezko aukera hori galdu nahi ez dutenek arma zientifikoak zorrozten dihardute.

Beste konkistatzaile batzuk
Artikotik urrun, badira Itsasoko Konbentzioaren 76. artikuluari etekina atera nahi dioten beste herrialde batzuk ere. Horietako bat Zeelanda Berria da; uharteen kanpoaldean dagoen 1,7 milioi km 2 -ko eremua eskuratu nahi dute. Horretarako, itsaspeko hainbat goi-ordoki, gandor eta menditan oinarritzen dira, eta baita subdukzio-gune aktibo batean ere. Eskatutakoaren jabetza lortuko balu, lehorrean 270.000 km 2 soilik dituen Zeelanda Berriak 6 milioi km 2 izango lituzke urpean; herrialde txikia, baina, ur handikoa, alajaina.
(Argazkia: NASA)
Eta Bizkaiko Golkoan bertan ere badago beste eskari bat, Espainiak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Irlandak elkarrekin 2006an elkarrekin egindakoa. Golkoaren kanpoaldean, Atlantiko aldean, dauden gandor txiki batzuen arabera handitu nahi dute lau herrialde horiek ekonomia-eremu esklusiboa. Kasu honetan ados jarri dira lau herrialdeak, eta lortutako lur berria lauren artean banatuko lukete.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
242
2008
5
034
Geologia; Geografia
Artikulua
32
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila