Munduaren inguruko lehen itzulia arazo horri 'esker' osatu zuten Elkanok eta Victoria itsasontziaren eskifaiak. Magallanesek, espedizio hartako buruak, ez zuen joan nahi Filipinetatik mendebalderantz Europara itzultzeko. Atzera, Amerika alderantz nabigatu eta ekialderako bidaia egin nahi zuen etxera itzultzeko. Baina Ozeano Barea ekialderantz zeharkatzea ezinezkoa zen garai hartan, eta mendebalderantz jarraitu behar izan zuten munduaren inguruko lehen bira osatu arte. Ekialderako bidaian Ozeano Barearen traba gainditu zuen lehen nabigatzailea Andres Urdaneta izan zen, 40 urte geroago, gutxi gorabehera.
Polinesiarrek Urdanetak baino askoz lehenago nabigatu zuten Ozeano Barean ekialderantz. Pazko uhartea eta Hawaii kolonizatu zituzten Ozeaniatik abiatuta. Bidaia hura, ustez, oso hegoaldetik eta itsasontzi txikietan egin zuten. Oso zaila da haien berri jakitea, baina oso litekeena da Ozeano Barean bizi diren indigenek ederki jakitea nola egin ekialderako bidaia. Historialariek uste dute Urdanetak berak Filipinetako indigenekin harremana izan zuela, eta nabigazioari buruz hitz egin zutela Loaysaren espedizioan.
1525eko uztailaren 24an, Karlos I.ak Moluka uharteetara bidali zuen espedizio bat, Fray García Jofré de Loaysa komendadorearen agindupean. Zazpi itsasontzi abiatu ziren, haietako bat Elkanoren ardurapean, Sancti Spiritus ; Urdaneta ontzi hartan joan zen. Ez dago oso argi zein zen Urdanetaren zeregina. Batzuek esaten dute Elkanoren morroi joan zela, baina ez dirudi hori egia denik. Espedizio hartan Elkano hil egin zen, eta haren azken nahia Urdanetak jaso eta sinatu zuen; morroi batek nekez egingo zuen horrelakorik.
Bitxikeria badirudi ere, espedizio hartan, Elkano eta goi mailako nabigatzaileak hil ziren, Loaysa bera barne, eta ez marinel xumeak. Horren arrazoia Urdanetaren idatzietan azaltzen da. Sei itsasontzitan zihoazen, eta, bidaiaren une batean, kapitain eta ofizial guztiak elkartu eta bazkari bat egin zuten; arrain berezi batzuk jan zituzten, eta intoxikatu egin ziren. Intoxikazioaren sintomak idatziz jaso zituen Urdanetak, eta, horri esker, idazle batzuek ziurtzat ematen dute gaixotasuna ziguateraren sindromea zela. Urdanetak ondo aztertzen zuen gaixotasuna, ikuspuntu zientifiko batetik, eta dena oso argi idatzita utzi zuen.
Urdaneta eta bizirik iraun zutenak denbora asko egon ziren Moluka uharteetan. Urdanetak berak bederatzi urte eman zituen han, eta ongi ezagutu zituen hango ingurua, hango itsaslasterrak eta abar. Hango jendearekin egon zen eta informazio guztia jasotzen joan zen. Gainera, hizkuntzetarako erraztasun handia zuen, eta, horregatik, historialariek uste dute indigenekin izan zituzten harremanak haren bitartez izan zituztela. Munduari bira emanez itzuli ziren Europara, baina litekeena da Moluketan zegoen bitartean Urdanetak eskarmentua eta informazioa lortu izana hurrengo batean Ozeano Barean atzera nabigatzeko.
Ematen zuen hurrengo aukera hori Pedro de Alvarado konkistatzailearen eskutik etorriko zela, Urdaneta Ozeano Barean barrena egiteko beste espedizio batera gonbidatu baitzuen. Urdaneta Mexikon zegoela, Alvarado hil egin zen, eta hurrengo hogeita hamar urteetan hantxe bizi izan zen Urdaneta. Historialarientzat urte ilunak dira, ez baitago informazio asko Urdanetaren garai hartako bizitzari buruz. Dena dela, aipatzekoa da 1553an fraide sartu zela.
Urte batzuk geroago izan zuen Urdanetak itsasora itzultzeko hurrengo aukera. Felipe II.ak espedizio baterako deitu zion, Filipinetara joateko. Erregearen kezka zen antimeridianoa non zegoen ikertzea: Tordesillasko itunaren arabera, meridiano batetik mendebaldera dagoen lur aurkitu berria Gaztelarentzat izango zen, eta ekialdera dagoena Portugalentzat. Modu horretan, Amerikako lurralde gehienak bereganatuko zituen Gaztelak. Baina meridianoak munduaren beste aldean ere banatzen zituen lurrak. Felipe II.ak aitzakia horrekin eskatzen zuen Filipinen jabetza (eta eskuratu egin zuen, horregatik dute uharteek izen hori). Hala ere, ezinezkoa zitzaien antimeridiano hura non zegoen zehaztea.
Artetxe historialariak idatzi zuen Urdanetak erregeari esan ziola bere kalkuluen arabera Filipinak portugaldarrei zegozkiela. Filipinetara joateko aitzakiaren bat beharko zuela, berez uharte haiek Portugalgo aldean daudelako.
Itzulerako bidaia ez zen erraza. Bost espedizio saiatu ziren bidaia hura egiten Urdanetarena baino lehen. Baina, ekaitzak zirela, itsaslasterrak zirela, haizea zela, gaixotasunak zirela... aurreko espedizio guztiek kale egin zuten.
Urdanetak bidaia hura egitea lortu zuen, garai hartakoen ikuspuntutik oso bide arraroa hartuta. Ekuatoretik iparralderantz urrundu zen, kontrako haizeak eta itsaslasterrak saihesteko, eta zirkulu maximotik itzuli zen Amerikara, biderik motzenetik. Jose Ramon de Miguel historialariak esaten du seguru asko Toledoko latitude berberetik joan nahi zuela, eta neurketa astronomiko batzuen bidez lortu zuela. 39 gradu inguruko latitudean zegoenean, Urdanetak maniobra arraro batzuk egin zituen (mapan M-itxurako ibilbidea), ustez zentzurik gabekoak, baina oso ulergarriak zeharkako nabigazioa beharrezkoa dela kontuan hartuta. Horri esker, Kuro-Shivo itsaslasterra harrapatu zuen, eta ekialderantz bidaiatu ahal izan zuen. Kalifornia inguruko kostara iritsi zen, eta handik Acapulcora itzuli zen 1565eko urrian. Itzulerako bidaia XIX. mendera arte izan zen Ozeano Barea ekialderantz zeharkatzeko erreferentzia nagusia. Gerora, beste bide batzuk egin zituen posible nabigazioaren teknologiak.
Andres Urdaneta Mexikon hil zen 1568an (horretaz ziur daude historialariak). Itzulerako bidaiarengatik gogoratzen du nabigazioaren historiak, baina zientziaren historiak beste hainbat gauzarengatik ere gogoratu beharko luke. Besteak beste, jaso zituen idatzizko dokumentuengatik. Egutegi zehatzak eta deskribapen fidagarriak egin zituen; horrelako agiriak behar-beharrezkoak dira garai bateko zientziaz jakin nahi duenarentzat.
Esker bereziak Goyo Lekuonari eta Jose Maria Urkiari. Artikuluan jasotakoa eta Urdanetari buruzko beste hainbeste informazio Norteko Ferrokarrilla irratsaioaren web gunean dago: www.elhuyar.org/norteko_ferrokarrila/