Chieko Asakawa japoniarrak atleta olinpikoa izatea zuen amets umetan. Baina ametsa zapuztu zitzaion gaztetan istripuz nerbio optikoa mindu eta ikusmena galtzen hasi zenean, erabat itsu geratu baitzen denborarekin. Gerora, zientzialari konputazional modura aritu da, eta pertsona itsuen bizi-kalitatea hobetzen lagundu du, hamaika ekarpen teknologikoren bidez. Itsu izatea lanerako eragozpena du, baina, aldi berean, itsuen beharrak primeran ezagutzera eraman du itsutasuna bere azalean bizitzeak. Hortik, agian, haren adorea eta arrakasta. Gaur egun IBMko ikertzailea da, eta Egokituz Laborategiak 30 urte bete dituen honetan Euskal Herrira egin duen bisita aprobetxatuz elkarrizketatu dugu.
Zer esanahi du zure bizitzan, egunerokotasunean, irisgarritasunak?
Irisgarritasunak eta teknologiak esanahi garbi bat dute niretzat: nire bizitza hobetzea. Teknologia behar dut informazioa eskuragarri izateko. Hortaz, nire bizitza hobetzeko balio du.
Pertsona itsuak teknologiara errazago irits daitezen lan egin duzu bizitza osoan. Atzera begira, zure lehenengo ekarpenetako bat braille-dokumentuentzako prozesadore digital bat lortzea izan zen, ezta?
Bai. 14 urterekin itsu geratu nintzen, igerilekuan nengoela ezkerreko begian kolpe bat hartuta. Zaila egin zitzaidan ikusi gabe bizitzea, eta bi zailtasun nagusi neuzkan, beste askoren artean: batetik, nire mugikortasuna; eta, bestetik, informazioa eskuratzeko baliabideak behar nituen. Garai hartan ez zegoen ordenagailurik, ez Internet, ez smartphonerik. Zintetan grabatutako liburuak zeuden, eta eskuz irakurtzeko braillezko liburuak, besterik ez. Zaila zen braillez idatzitako liburuak aurkitzea, eta, are zailagoa, nik nahi nuen liburua topatzea. Bi zailtasun horiek eraman ninduten irisgarritasunean lan egitera.
1985ean hasi nintzen IBMn lanean, eta braille-editorea, braille-hiztegia eta braillerako network edo sare-sistema garatzen aritu nintzen. Braille-editorea sortzeko, braille-teklatua garatzen hasi nintzen eta braille-itzultzaileak egiten, hala, ordenagailuek braillea ere zuzendu ahal izango baitzuten. Izan ere, ordura arte, braillezko liburuak idazmakinaz idatzita zeuden edo braillerako paperean idatzita, eta, hortaz, testuan akats bat baldin bazegoen, ezin zen editatu. Braillearen sortze-prozesua digitala bihurtu zen handik aurrera.
Editore horiekin, ikaragarri ugaritu ziren braillezko testuak, eta, gainera, errazago zabaltzen hasi ziren. Braillea digitalizatu denetik, asko aldatu da braillearekin zerikusia duen guztia. Braillen idatzitakoak askoz ere eskuragarriago daude.
Ezaguna zara, era berean, 90eko hamarkadan ahots bidezko Interneteko nabigazioa garatu zenuelako, hau da, testuak ahots bihurtzeko teknologia. Internet itsuen eskura jarri zenuten horrekin.
Bai, braillea digitalizatzeaz gain, horixe izan zen beste berrikuntza nabarmenena. 90eko hamarkadaren erdialdean, pentsatu nuen itsuen bizitza asko aldatuko zuela Internet ahots soilez eskuragarri egiteak. Hor jauzi bat egongo zela.
Orduan, teklatua erabiltzea planteatu nuen. Pantaila ikusi ezin duenak eta sagua erabili ezin duenak ere izan beharko luke Interneten nabigatzeko aukera. Beraz, garatu nuen sistema bat, non 10 tekla soil erabilita itsuek Interneten nabiga zezaketen. Adibidez, lehenengo hiru teklek esteka batetik bestera pasatzeko balio dute; hurrengo hirurek, lerro batetik bestera pasatzeko, etab. Horrela, ez zen behar ez pantailarik, ez sagurik. Handik aurrera, itsuok egunero irakurri ahal izango genituen egunkariak, erosketak egin edo onlineko bankuko balantzeak irakurri.
Ahots bidezko bilatzailearekin gauza asko posible bihurtu ziren itsuontzat, eta esanguratsua da sistema hura atera zenean itsuen aldetik feedback handia izan genuela. Bereziki batek esan zidana dut gogoan: “Niretzat Internet mundurako leiho txiki bat bihurtu da”. Guretzat oso garrantzitsua izan zen aipamen hori, orduan konturatu ginen zer garrantzitsua zen sistema hori itsuentzat, informazioa eskuragarri jartzeko.
Duela gutxi, TED hitzaldi batean, azpimarratu zenuen irisgarritasunak ikertzaileen sormena pizten duela, eta teknologia horiek ez direla itsuentzat bakarrik erabilgarri, denentzat baizik. Uste duzu horretaz nahikoa jabetzen garela?
Oso gai garrantzitsua da hori. Jende askok ez du berrikuntzen jatorriaren berririk. Esaterako, telefonoa: Graham Bellek komunikatzeko erreminta bat garatu zuen, baina, antza, ezinduen arteko komunikazioa errazteko modu baten bila zebilen. Baina jende askok ez daki hori.
Izan ere, teknologia berri asko jende ezinduarentzat garatu dira. Esaterako, OCRa (karaktereak optikoki ezagutzeko sistema) eta ahotsa ezagutzeko teknologia. Horiek ez dituzte ezinduek bakarrik erabiltzen. Baina jatorrizko motibazioa ezintasunak dituzten pertsonak laguntzea izan zen. OCRa ikusmen-zailtasunak dituztenei irakurtzen laguntzeko sortu zen, eta, ahotsa ezagutzeko teknologia, entzumen-arazoak dituztenei elkarrizketetan laguntzeko. Hortaz, motibazioa ezintasunak dituzten pertsonak laguntzetik dator, baina, gero, egunerokotasunean, ezintasunak ez dituztenek ere erabiltzen dituzte teknologia horiek. Garrantzitsua da horretaz jabetzea, ukaezina baita teknologia irisgarriek gizarte osoarentzako onura ekarri dutela. Gaur egun, smartphone guztiek dute txertatuta gu gailuarekin ahotsez komunikatzeko teknologia.
Gidariak beste adibide bat dira: gidatu egin behar dute, baina, aldi berean, informazioa eskuratu behar izaten dute. Eta ahotsean oinarritutako teknologia horiek oso erabilgarriak dira haientzat. Kontuan izan behar dugu gutxitutako gaitasunen osagarri izaten saiatzen direla teknologia irisgarriak, baina, ezinduak ez direnen kasuan ere, zentzumenetako bat okupatuta dagoen kasuetarako oso erabilgarria direla.
Orain smartphonetarako aplikazio berri bat garatzen ari omen zarete, zuk diozun bezala, “gure” munduan nabigatzen lagunduko dizuena. Alegia, itsuon bizitza analogikoa ere hobetzen duena. Nola funtzionatzen du teknologia horrek? Nola lagunduko dizu zuri?
Orain, informazio asko jaso daiteke teknologia erabilita, baina oraindik oso zaila da mundu erreala eskura izatea. Hainbeste gauza daude gure inguruan: posteak, seinaleak, pertsonak, eraikuntzak… Hori dena ezin dugu barneratu ikusmenik gabe. Arazo horri “mundu errealaren irisgarritasuna” deitzen diogu, eta hori da nire oraingo ikerketaren helburua. Teknologia erabiliz itsuek mundua ikus dezaten nahi dut.
Gure lehenengo helburua da etxe barruko eta etxe kanpoko nabigazio-sistemak garatzea. Kanporako GPSa dugu, baina GPSak zehaztasun gutxiegi du (batzuetan 20-100 metroko errorea izan dezake), eta hori ez da nahikoa itsu batentzat. Etxe barrurako ere ez dago kokapena zehazteko sistema zehatzik. Orduan, sistema bat sortu dugu metro eta erdiko zehaztasunarekin kokatzen duena pertsona, bai kanpoan, bai barruan.
Gure aplikazioaz, metro eta erdiko zehaztasunez nabiga dezake itsu batek. “Unibertsitatera joan nahi dut” esaten badiozu, hark esango dizu nola atera atetik, noiz jo eskuinera edo gora, noiz dauden eskailerak… Unibertsitatera iristen lagunduko dizu.
Baina gure helburua ez da nabigazio-sistema bakarrik. Kamerak ere erabili nahi ditugu inguruko informazioa hautemateko: esaterako, aurpegiak ezagutzeko, objektuak ezagutzeko… Gure aurrean dauden gauzak hautemateko. Gure helburua asmo handikoa da, eta mundu osoko ikertzaile eta garatzaileekin elkarlanean aritzea eskatzen du.
Zure esperientzian, zein dira itsuen bizitza hobetu duten ekarpen teknologiko garrantzitsuenak?
Garrantzitsuena eta praktikoena, Internet eskuragarri egiteko teknologia irisgarria izan da, sarean dagoen informazio guztia jartzen digulako eskura. Posta elektronikoz besteekin komunikatu gaitezke. Hori da praktikoena oraintxe bertan. Oraindik teknologia hori erabili ez duen itsuren bat baldin badago, nik sutsuki animatzen dut Internet bere egunerokotasunean erabil dezan. Itsu izanik, nik ez dut imajinatzen nire bizitza Internet gabe.
Bigarrenera oraindik ez gara iritsi, ez baitago eskuragarri edonon. Mundu erreala eskuragarri izateko lan asko dago egiteke, baina horrek benetan aldatuko du gure bizitza. Lokalizazio sistemei esker, itsuok mundu errealean mugi gaitezke, galdu gabe. Nabigazioa oso garrantzitsua da mundu errealera hurbiltzeko, baina oraindik asko dago garatzeko. Badaude sistema batzuk eskuragarri, baina oraindik lan gehiago egin behar da erabilgarriagoak eta praktikoagoak izan daitezen. Gizakiaren eta ordenagailuaren arteko interakzioa errazten lagunduko duen teknologiaz gain, bestelakoak ere behar ditugu. Hala nola robotika, ikusmen artifiziala, adimen artifiziala… eta psikologoen laguntza ere beharko dugu.
Eta, gizartean, nahikoa al da irisgarritasunarekiko dugun kontzientzia-maila? Edo oraindik urrun gaude zuen mundua ulertzetik? Zer uste duzu falta dela denontzako irisgarritasuna ziurtatzeko?
Galdera ona da hori. Gure helburua lortzeko asko aurreratu behar da oraindik. Horregatik, guk garatzen ditugun teknologia guztiak kode irekikoak dira, ez sekretuak, esperantza baitugu mundu osoko ikertzaileen artean askoz ere azkarrago garatuko ditugula. Are gehiago, ez bakarrik ikertzaileak eta garatzaileak, zenbat eta jende gehiago egon gai honekin sentsibilizatuta, orduan eta azkarrago lortuko dugu itsuok mundu erreal hori eskuratzea. Pentsa, ikertzaile izan gabe ere irisgarritasuna zer garrantzitsua den ulertzen baduzu, asko lagundu dezakezu. Adibidez, arkitektoa bazara, hiri bat edo etxebizitza bat egiten duzunean, beste era batera egingo duzu. Ez koxkarik, ez eskailerarik… Kontzientzia-maila handitzen den heinean, gauza asko lor daiteke, azkarrago.
Chieko Asakawa Osakan (Japonian) jaio zen. Ingeles Literaturan lizentziatu zen lehenengo, eta, gerora, programatzen ikasi zuen. IBMn lan egiten jardun da orduz geroztik, zientzialari konputazional modura. Aitzindaria izan da pertsona itsuentzako teknologia garatzen, esaterako, ahots bidezko Interneteko nabigazioa. Asakawaren lanen oihartzunaren adierazgarri dira jaso dituen sariak eta merezimenduak; tartean, Japoniako Ohorezko Domina.
EGOKITUZ Laborategiak 30 urte bete dituela aitzakia hartuta etorri da Euskal Herrira Chieko Asakawa ikertzailea. Ibilbide luzea du Egokituz Laborategiak ere, behar berezietarako gizakien eta konputagailuen arteko elkarrekintza ikertzen, eta ospakizunerako itzal handiko hizlaria ekarri dute.
Irisgarritasunaren ikerketak zer bilakaera izan duen begiratzeko aprobetxatu dute urteurrena, bai eta laborategiak egin duen lana gogoratzeko ere. Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean dago laborategia, Donostian. Atzera begira, haren sorrera gogoratu du Julio Abascal Egokituz Laborategiko zuzendariak: “1985ean, hardwareen arloan egiten genuen lan, mikroprozesadoreekin hain zuzen ere; baina gure etorkizuna ez genuen konputagailuen artean soilik ikusten. Urte hartan, Aspacetik deitu eta galdetu ziguten ea posible ote zen hitz egin ezin zuen neskato batentzat komunikatzaile elektroniko bat sortzea. Buru-belarri murgildu ginen lan horretan, eta ohartu ginen hori zela guk egin nahi genuena”.
Hasierako lan horiek artisau-lanak ziren ia. Batetik, pertsona bakoitzaren kasua berezia izanik, trataera desberdina behar zutelako, eta, bestetik, oraindik ez zegoelako garatuta interfaze bereziak diseinatzeko metodologiarik. “Lan-mota hori ez zen jasangarria. Kasu bakoitzak denbora asko eskatzen zuen eta, gainera, teknologiaren aurrerapenek azkar uzten zituzten zaharkituak gure diseinuak. Horregatik, diseinu espezifikoak gutxitu genituen eta Irisgarritasun Unibertsalaren bidean sartu ginen”. Teknologia arrunta guztiontzat irisgarri bihurtzea du helburu Irisgarritasun Unibertsalak edo “guztientzako diseinuak”.
Gaur egun, transcoding teknikak erabiltzen dituzte irisgarri ez diren webguneak irisgarri bihurtzeko, eta eGovernability proiektuan ere badabiltza lanean, Europako administrazio eta unibertsitate batzuekin elkarlanean, administrazio elektronikoa erabilgarriago eta irisgarri bihurtzeko asmotan.
Baina irisgarritasunaren alorreko ikerketan dena ez da arrosa kolorekoa. Julio Abascalek berak dio: “Arlo honetan, bideragarriak ez diren promesa asko egiten dira. Eta dirutza gastatzen da etorkizunik ez duten teknologia batzuetan, ikerketa-taldeen eta enpresen onurarako, baina erabiltzaileen kalterako. Oso garrantzitsua izango da ikerketaren eta garapenaren etikotasunean sakontzea”.
Etorkizunera begira duten helburuaz galdetuta, hala dio Abascalek: “Diseinatzen den teknologia digital oro guztientzako irisgarri izatea; hau da, tresna eta programa guztiak, eta haien gaineko zerbitzuak. Are gehiago, espero dugu, etorkizunean, diseinatzeko metodologiek eta tresnek berek irisgarriak ez diren diseinuak ekidin egingo dituztela. Hori lortzeko, beharrezkoa da teknologiaren aurrerapenei gehitzea gizartearen kontzientziazioa eta baita inklusiorako legeak ere”.
Elhuyarrek garatutako teknologia