Elkarrizketaren hasieran apal eta urduri aitortu duenez, bere ibilbidea ez da arrunta izan. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatearen Meatze Eskolan ikasgaiak euskaraz ematen lehenengoetarikoa izan zen; azken urteotan, eta eskola berean, zientziaz eta generoaz hausnartzeko tailerrak eman ditu; teknozientziak eta zientzialariek gizartean duten ardurak kezkatzen du; emakume ingeniari eta asmatzaileen erakusketa antolatu du; eta harreman estua du artearekin. Agian ez da ingeniaritzan doktore den baten ohiko ibilbidea izango, baina gustura ageri da hartu duen bidearekin.
Kepa Altonaga ikertzailea da, zoologoa. Baina, haren esanean, gai bati buruzko ikerketa bera bezainbeste interesatzen zaio ikerketa jakin horren inguruko garaia, pertsonak eta pentsaerak ikertzea. Eta horixe frogatzen dute idatzi dituen liburuek. Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa da azkena, eta hari horri tiraka atzerakako bidaia egin dugu.
Indiako Ozeanoko uharte txiki batean egin du lan hilabetetan. Maite Louzao eta beste bi zientzialari ur korronterik gabeko txabola batean bizi izan dira, albatrosen kolonia baten ondoan. Albatrosek arrautzak zaintzen zituzten, eta zientzialariek segimendua egiten zieten. Eta hilabeteetako ikerketa gogor haren emaitza batzuk Science aldizkarian argitaratu zituzten urtarrilaren 13ko zenbakian, albatrosei klima-aldaketak onura ekarri diela azaltzeko.
Ikerbasque agentziaren arduradun izendatu zutenetik, kimikaren ikerkuntza eta zientzia-sistemaren kudeaketa bateratzen ditu Fernando Cossíok. Euskadiko ikerkuntza lehiakorrago egiteko nazioarteko puntako ikertzaileak erakarri behar direla dio. Era berean, harrobia bultzatzea eta ibilbide zientifikorako azpiegitura-sare egokia eraikitzea beharrezko jotzen ditu.
1990. urtean Farmazian lortu zuen katedra María Vallet kimikariak, eta ordura arte ikergai zituen materialentzat aplikazio berriak bilatzen hasi zen, "nire ikasle berrientzat interesgarriak izan zitezen". Horrela hasi zen medikuntzarako biomaterialak aztertzen, alegia, sistema biologikoekin elkarrekintzan jartzen diren materialak aztertzen. Orain, dagoeneko sortutako materialak "doitzen eta hobetzen" aritzen da, baita hirugarren belaunaldiko material deritzenak aztertzen ere, "arazo larri eta zailei" konponbidea bilatzeko. Besteak beste, hezurrak birsortzen eta botiken garraio eta dosifikazio selektiboa egiten laguntzen duten biomaterialak sortu ditu.
Izotzetako gizona deitu izan diote Adolfo Erasori. Urteko hilabete gehienak poloetan ematen dituela kontuan hartuta, ezizen aproposa ematen du harentzat. Inork izotzezko gizona deituko balio, ordea, oker legoke, izaera beroa baitu: grinaz bizi ditu bere lana eta ikerketak, eta berotasunez mintzo da haietaz. Izan ere, ezizenen gainetik, zientzialaria da Adolfo Eraso, eta halaxe aitortzen du berak ere bere abenturazaletasuna aipatzen diotenean: "Abenturazalea banaiz, bai, baina, batez ere, zientzialaria naiz ni".
Energia eta ingurumenerako aplikazio berrien bilaketan, atomoak eta materialak ditu bidaide Maribel Arriortuak (Barakaldo, 1950). Kristalografian eta Mineralogian katedraduna da, eta 35 urte daramatza Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle. Ikertzeaz gain, EHUren Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrak zuzentzen ditu 2002an sortu zirenetik. Zeregin guztiak ongi egiteko gakoa "burua eta denbora ongi antolatzea, eta erantzuten duen lantalde sortzailea izatea" dela dio.
Bizitza osoan izan du gertu Edzard Ernstek medikuntza alternatiboa. Batzuetan, erabili izan du, eta, beste batzuetan, baztertu. Garai batean, zalea izan zen, eta, une batetik aurrera, oso begi kritikoz begiratu dio. Baina inoiz ez du ihes egin gai horretatik, eta hori denon mesederako da, gogoz aztertu baitu medikuntza alternatiboa zientziaren ikuspuntutik. Orain, erretiratzeko asko falta ez duenean, Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua aurkeztu du, Simon Singh idazlearekin batera "egiari buruz" idatzitako liburua.
Juan Ignacio Cirac oso argi mintzatu da: fisikari kuantikoen etorkizunerako proiekzioa ordenagailu kuantikoz beteta dago. Oso makina ahaltsuak izango direla esaten du, kodetutako edozein informazio deskodetzeko ahalmena izango dutelako. "Ez bada kodetze-sistema bera ere fisika kuantikoa erabiliz egiten", esan du. Enkriptazio kuantikoa existitzen da, eta, ustez, hori erabiliz baino ezin izango zaio aurre egin ordenagailu kuantikoen ahalmenari. Oso kontu zirraragarria da fisikari batentzat; horregatik, Juan Ignacio Ciracek bietan egiten du lan, ordenagailu eta enkriptazio kuantikoak garatzen.
Aukera txikiena ere aprobetxatzen du Sylvia Earle ozeanografoak, gizakiak ozeanoetan egin dituen hondamendiak salatzeko eta ozeanoak zaintzearen garrantzia eta beharra aldarrikatzeko. Izan ere, bertatik bertara ikusi ditu gizakiok eragindako txikizioak, ozeano sakonera iristeko eta han ikerketak egin ahal izateko teknologiak garatzen eta erabiltzen jardun baitu bere ikertzaile-ibilbide osoan.