Adolfo Eraso Geologoa eta glaziologoa

"Izotzak kateatuta nauka, giza eskalan aldatzen delako, eta horrek aldaketen lekuko izateko aukera ematen didalako"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Izotzetako gizona deitu izan diote Adolfo Erasori. Urteko hilabete gehienak poloetan ematen dituela kontuan hartuta, ezizen aproposa ematen du harentzat. Inork izotzezko gizona deituko balio, ordea, oker legoke, izaera beroa baitu: grinaz bizi ditu bere lana eta ikerketak, eta berotasunez mintzo da haietaz. Izan ere, ezizenen gainetik, zientzialaria da Adolfo Eraso, eta halaxe aitortzen du berak ere bere abenturazaletasuna aipatzen diotenean: "Abenturazalea banaiz, bai, baina, batez ere, zientzialaria naiz ni".
izotzak-kateatuta-nauka-giza-eskalan-aldatzen-dela
Arg. Marisol Ramirez/ARGAZKI PRESS

Adolfo Erasok dioenez, nahiago du datuak eman, iritziak baino. Elkarrizketan zehar, baina, datuak emateaz gain, kontu batzuei buruzko iritzia ere azaldu du. Adibidez, aitortu digu gure espeziearekin ez dagoela gustura; haren ustez, apalagoak izan beharko genuke, planetari oso tratu txarra ematen ari garela iruditzen baitzaio.

Geologoa zara, eta, urtetan, espeleologia egin duzu eta lurpeko mundua ikertu duzu. Halako batean, baina, lurpetik izotzetara joan zinen, eta han jarraitzen duzu. Zer du izotzak, zu horrela kateatzeko?

Aspaldian inor izan ez den lekuetan izateak erakartzen nau; horregatik maite dut hainbeste espeleologia. Oso jarduera emankorra izan da niretzat: ikerketa garrantzitsuak eta aurkikuntza txundigarriak egin ditut lurpean, eta, urte luzez, Lurraren erraietan gertatzen diren prozesuak ikertu ditut. Baina prozesu horiek oso motelak dira, eskala geologikoan gertatzen dira.

Aldiz, izotzetan aldaketak giza eskalan gertatzen dira. Horrek esan nahi du aldaketa horien lekuko izan nintekeela. Horrek bultzatuta jo nuen izotzetara, eta hunkituta geratu nintzen ikusi eta bizi nuenarekin, kolore urdin haiekin... Liluragarria da izotzezko barrunbeak esploratzea.

Baina, ederrak izateaz gain, lehen esan dudan bezala, oso azkar aldatzen dira. Sartzen zara zulo batean, eta, hurrengo urtean, itzultzen zarenean, berdintsu topatzen duzu; urtebete geroago, ordea, aldaketak nabarmenak dira; eta hirugarren urtean, lehenengo aldian ezagutu zenuen hartatik erabat desberdina dela irudituko zaizu. Hori bertatik bertara ikustea zirraragarria da.

Dena dela, oraindik sentitzen ditut bihotz-ikarak espeleologia egitean, leize-zuloetan barrena bertikalean jaistean, inguruan erabateko ilunpea besterik ez duzula. Baina izotzak kateatuta nauka, eta ziur naiz zulo endoglaziarretan eta subglaziarretan sartzen jarraituko dudala, ahal dudan bitartean.

Gainera, zorionekoa naizela aitor dut, urtean bi udaldi izaten ditudalako: hemengo uda Ipar poloan igarotzen dut, eta, orain, hemen negua denean, Hego polora joango naiz, hango udaz gozatzera [irribarre bihurriz]. Bueno, eta, bide batez, neurketa batzuk egingo ditugu hango glaziarretan.

Zer ari zarete ikertzen Artikoko eta Antartikako glaziarretan? Zer helbururekin?

Glaziarren deskarga neurtzen dugu. Izan ere, konturatu gara oso neurgailu ona dela berotze globalaren ondorioak balioztatzeko, erantzuna berehalakoa baita: tenperaturak maila bat igo orduko, deskarga proportzionalki areagotzen da, eta alderantziz.

Arg. Marisol Ramirez/ARGAZKI PRESS

Oso datu zehatzak ditugu. 2001ean hasi ginen, eta orain datu jarraituak biltzen ditugu, bi hemisferioetan. Eta ikusi dugu bietan ari dela handitzen deskarga; horrek esan nahi du prozesu globala dela, Iparreko estazioen eta Hegokoen artean 16.000 km baino gehiago baitaude. Hala ere, fenomeno paraleloa den arren, ez da neurri berean gertatzen ari: Iparrean deskarga Hegoan baino 3,5-4 aldiz handiagoa da.

Zergatik alde hori? Ez dakigu seguru, baina zentzuzkoa da pentsatzea Ipar hemisferioan Hegoan baino askoz jende gehiago bizi delako gertatzen dela hori. Gainera, Iparrean izotz-masa txikiagoa da, eta itsasoan dago, ez kontinente baten gainean.

Arrazoiak arrazoi, datuak hor daude. Eta datuek esaten digute Iparrean zein Hegoan izotz-galera gero eta handiagoa dela, eta, urtetik urtera, urtzea azkartzen ari dela.

Datu horiek jasotzeak ez du erraza izan behar.

Ez, ez da erraza, edozein glaziarrek ez baitu balio datuak jasotzeko. Eta, glaziarra aukeratutakoan, zundak jarri behar dira glaziarretik sortzen den errekaren hondoan, ondo daudela bermatu, noizean behin aztertu eta zaharrak berriez ordezkatu... Eta hori lekuan bertan egin behar da. Horrek hara joatera behartzen gaitu.

Guztira zortzi estazio ditugu, launa Iparrean eta Hegoan, latitude eta garaiera desberdinetan, faktore horien eragina ere neurtzeko. Estazio zaharrena Islandiakoa da, Kviarjökull glaziarrean, 64°N latitudean. Horrez gain, Iparrean ditugu Svalbard Uharteetakoa, 79°N-en; eta Uraleen iparraldekoa eta Artiko suediarrekoa: bi horiek 68°N latitudean daude. Hegoaldean, berriz, Argentinako eta Txileko Patagonian ditugu bi, 49°S eta 51°S latitudeetan; Antartika uhartetarrean dugu beste bat, 62°S-en; eta laugarrena penintsula antartikoan, 65°S latitudean.

Leku horietan ez da giro izaten, noski. Horregatik, bi gauza eskatzen dizkiet espedizioetan parte hartzen dutenei: bat, arrisku objektiboa gutxienekoa izan dadila; eta, bi, espedizioak irauten duen bitartean, haren helburuak helburu pertsonalen gainetik egon daitezela.

Han egiten dugun lanaz gain, jasotako datuen interpretazioa eta tratamendua dago.

Eta emaitzak ez dira oso baikorrak. Horren aurrean, baduzu ezer esateko?
Arg. Marisol Ramirez/ARGAZKI PRESS

Emaitzak ez dira baikorrak, inondik inora ere ez. Horrez gain, nire iritzia jakin nahi duzu, ezta? Bada, nik nahiago dut iritzirik ez eman. Horretan, bat nator Goetherekin; hark esan zuen "gizonak beren uste sendoengatik egongo dira batuta, eta beren iritziengatik banatuta". Horixe, bada.

Lehen datu batzuk eman dizkizut. Eta izotzak baditu beste datu esanguratsu batzuk ere. Adibidez, denboran zehar atmosferak izan duen dioxido karbonoaren kontzentrazioaren berri ematen digu izotz kontinentalak.

Antartikan, izotza zulatuta, ikertzaileek 800.000 urteko izotza ere lortu dute; 8 fase interglaziar eta 9 glaziazio hartzen ditu. Eta are zaharragoak ere atera dituzte. Orain, txinatarren ikerketa baten emaitzen zain nago, bai baitakit haiek ere horretan dabiltzala; baina ez dute ezer argitaratu. Bueno, bai, aterako zuten zerbait han, Txinan; baina Nature edo Science -n edo horrelakoetan oraindik ez da ezer azaldu.

Edonola ere, oso aspaldiko erregistroak ditugu, eta, orain arte atera den informazioa aztertuta, ikusten da karbono dioxidoaren kontzentrazioa inoiz ez dela gaur egungoa bezain handia izan. Milaka eta milaka urtean gorabehera ziklikoak izan ditu, baina, halako batean, joera hori hautsi egiten da. Badakizu noiz? Bada, justu, industria-aroaren hasieratik aurrera. Ordutik, etengabe hazi da, eta gero eta azkarrago, gainera.

Orduan, zer nahi duzu esatea? Ni ez nago gustura gure espeziearekin, inondik inora ere. "Jasangarritasun" hitza? Kaka! Ekonomiari bakarrik erreparatzen dio; ingurumenari, batere ez. Eta ni ez naiz ekologista; izatekotan ere, ekologoa naiz ni. Baina oso tratu txarra ematen ari gara gure planetari; apalagoak izan beharko genuke.

Alderdi horretatik, garrantzi handia ematen diozu egiten duzuen lana gizarteratzeari.

Bai, eta horretan izugarrizko lana egiten ari da Karmenka, bere blogaren bidez: karmenka.glackma.es . Eguneroko moduko bat da, argazkiekin eta bideoekin, eta bereziki haurrei eta gaztetxoei zuzenduta dago. Ez dakizu zer arrakasta duen! Han gazteek beren iruzkinak eta iritziak uzten dituzte, eta ikustekoa da nolako interesa jartzen duten.

Ingurumena maitatzen eta errespetatzen ikasteaz gain, zientzialarion lana gertutik ezagutzen dute; beraz, bloga tresna paregabea da bokazioak sortzeko. Niretzat funtsezkoa da hori.

Adolfo Eraso
Adolfo Eraso Lizarran jaio zen 1934an, eta, besteak beste, Geologian doktore da, Kimikan lizentziaduna, espeleologoa, Arabako eta Latinoamerika eta Karibeko Espeleologia Elkarteetako fundatzailea, Madrilgo Meatzeen Ingeniaritza Unibertsitate Eskolako Ohorezko irakaslea, Errusiako Zientzia Naturalen eta New Yorkeko Zientzia Akademien kidea.
Haren azken egitasmoa Glackma elkartea sortzea izan da, Mª Carmen Domínguez "Karmenka"rekin batera. Irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, berotze globalari jarraipena egitea xede duena, Artikoko eta Antartikako glaziarrak sentsore natural gisa erabilita.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila