Iñaki Alegria Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendari berria da martxotik, baina, antza denez, ez ditu utzi Informatika fakultatean dituen lanak. Hain zuzen ere, fakultateko bulegoan hartu gaitu. Eta han aitortu digu irakaskuntzan, ikerketan eta administrazioan, hiruretan ari dela lanean. Ez zaio nekerik sumatzen, ordea; aitzitik, gogotsu hitz egin du arlo bakoitzean dituen asmoez eta itxaropenez.
Xabier Erkiziari entzunda, garbi dago motz, oso motz, geratzen zaiola soinuaren definizio klasikoa. Soinu-ikertzailea da Erkizia, eta, batzuetan, zientzialariek erabiltzen dituzten tresna berak baliatzen ditu lanerako. Baina haren helburua ez da zientifikoa, bestelako asmoak eta kezkak ditu: zer harreman dagoen soinuen eta ekonomiaren artean, soinuen eta musiken alderdi politikoa eta historikoa, soinuen pertzepzioa genero-ikuspegitik... Azkenaldi honetan, entzutean jarria du arreta. Horretaz guztiaz hitz egin digu bere lantoki eta laborategietako batean, Artelekun, hizketa biziz baina isiltasun-uneei uko egin gabe. Eta opari bat ere egin digu: 5 soinu, 5 entzuteko modu grabaketa eskaini digu. Horretaz gozatzeko, irakurleak entzule bihurtu beharko du. Hemen, berriz, elkarrizketan esandako hitzak bildu ditugu, zurian beltz.
Iosif Shklovsky astronomoak hitz hauek esan zizkion Jocelyn Bell Burnell irlandarrari: "Bell andrea, XX. mendeko astronomia-aurkikuntza handiena egin duzu". Aurkikuntza hori pulsarrak ziren, irrati-uhinen pultsuak igortzen dituzten izarrak. Eta aurkikuntza horregatik, 1974ko Fisikako Nobel saria jaso zuen Antony Hewish proiektuaren zuzendariak. Bell Burnellek ez zuen Nobel saririk jaso, eta, hain zuzen ere, Shklovskyren hitzak horren aurreko erreakzioa izan ziren.
Wood Hoods Ozeanografia Institutuko Ken Buesseler ikertzailea hasieratik aritu da Fukushimako zentral nuklearretik ihes egindako erradioaktibitatea aztertzen; hasieran, TEPCO konpainiak emandako datuekin, eta, gero, lekuan bertan berak jasotako laginekin. Haren ustez, Japoniako erakunde ofizialek ez dute nahikoa egin egoera aztertzeko eta bideratzeko; horregatik, aditu independenteen parte-hartzearen beharra aldarrikatzen du.
(2013ko abenduaren 1ean eguneratua)
Berotasuna; zorroztasunarekin batera, hori transmititzen du Lourdes Herrastik, bere lanaz hitz egiten duenean. Osteoarkeologian espezializatua, hiru hamarkada daramatza Aranzadin lanean, baina ez ditu iragana ezagutzeko eta ezkutuan dagoena agerian jartzeko grina galdu. Urte guzti horietan, hainbat indusketatan parte hartu du, hasi neolitoko aztarnategietatik eta gerra zibileko hobi komunetaraino. Eta ahotsa aldatu egiten zaio azken hauek aipatzean.
Hitz egiteko modu poetiko bat da: matematika baliabide ona da naturari informazioa osteko. Eta Luis Vegaren lanak frogatu du EHUn egiten den matematika kalitate handikoa dela. Unibertsitate hori toki egokia izan da harentzat. Luis Vegaren lanak 2012ko Euskadi Ikerketa Saria lortu du.
Elkarrizketa hasi orduko, bera zientzialaria dela esan du Txema Pitarkek, Elhuyarreko lehendakari berriak. Esan gabe ere, nanoGUNEn duen bulegoari begiratuta, erraz antzematen zaio ikerketan dabilela: formulaz betetako arbela, paper-mendiak mahaiaren gainean... Dena dela, elkarrizketa egiteko eseri garen mahaiak orri gutxi batzuk baino ez ditu. Gutxi, baina, gerora jakingo dugun bezala, ez dira hutsalak. Inondik inora ere, han ez dago ezer sobran, ez paperik, ez hitzik.
Modako materialarekin egiten du lan Amaia Zurutuzak, grafenoarekin. Baina Zurutuzak ez zuen grafenoa ia ezagutu ere egiten Graphenea enpresako zuzendari zientifikoa izateko elkarrizketa egin ziotenean. Industria farmazeutikotik zetorren, hau da, zerikusirik ez duen ikerketa batetik, eta, hala ere, dohainak bazituen fisikara salto egiteko. Otsailean, Amaia Zurutuza Norteko Ferrokarrilla irratsaioan izan zen, eta bere lanaz eta bizitzaz hitz egin zuen.
Joseba Rios arkeologoaren ustez, zuhurtziaren eta ideia berritzaileen arteko mugan ibiltzera behartuta daude zientzialariak, frogatutako egien eta hipotesi ausarten arteko marraren gainean. Batzuetan oreka galdu eta "alde ilunera" erortzeko arriskua dutela aitortzen du, baina ez omen dute mugan ibiltzea beste aukerarik, zientziak ez luke aurrera egingo bestela. Eta halaxe ibiltzen da bera ere, ekilibristen antzera, duela milaka urte landutako harri-puskatan oinarrituta.
Eskoziako Maria I.aren exekuziotik enkriptatze kuantikorainoko bidea egiten du Simon Singhek Kodeen liburua liburuan: Bigarren Mundu Gerrako mezu alemaniarrak nola deskodetu zituzten ingelesek, zer hizkuntza galdu "deskodetu" ahal izan diren edo nola tematu ziren Diffie eta Hellman Interneteko mezu zibilak ezkutatzeko kode bat sortzen. Kodeen liburua k mota guztietako kontakizunak ditu. Orain, euskarazko bertsioa argitaratu du Elhuyar Fundazioak. Simon Singh idazleak --kultura zientifikoaren aldeko borrokaren ikono bat-- liburua aurkeztu zuen Norteko Ferrokarrilla irratsaioan, eta Sendabide ala iruzurbide liburuarengatik izan dituen arazoez ere hitz egin zuen.