Kobazuloz kobazulo dabil Arantza Aranburu Artano geologoa azken 25 urteotan; soka batetik zintzilik, gure mendietako zulorik sakonenetan pilatzen diren sedimentuen bila. Euskal Herriko paisaiaren bilakaera geologikoa aztertzeko aztarnak bilatzen ditu sedimentu horietan. Atapuercan eta Euskal Herriko karstetan makina bat ordu pasatu baditu ere, denetarako indarra du Aranburuk: Lurraren bidea dokumentala ere gidatu eta aurkeztu du, beste geologo batzuekin batera, mendiek zer xuxurlatzen diguten entzuten ikas dezagun.
Elhuyar aldizkarian argitaratutako zenbait artikulu hautatu berrargitaratu dira Booktegi plataforman, Sapiens ispiluaren aurrean izenburupean (doan deskargatu daiteke). Artikuluok josten dituen haria: giza espeziea nondik datorren, zer den eta nora doan azaltzea. Lehen galderarekin lotutakoetan, Joseba Rios Garaizar arkeologoa maiz agertzen da. Hain zuzen ere, CENIEH Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko ikertzaile da Rios, eta neandertaletan aditu. Hala, bildumaren aurkezpenera, Rios gonbidatu zuen Ana Galarraga Aiestaran egileak. Solasaldi mamitsua izan zuten, eta Riosek garbi erakutsi zuen arkeologia tresna aproposa dela Historiaurreari buruzko aurreiritziak ezeztatzeko eta gure espeziea hobeto ezagutzeko. Hemen bildu ditugu solasaldi hartan Riosek aletutako ideia batzuk.
Material supereroaleak lortzeko lasterketa abiadura bizian doa. Gero eta gertuago dago giro-tenperaturan supereroalea den materiala sortuko den momentua. Amestutako unea. Ez horrenbeste giro-presioan lortzekoa. Oraingoz, Lurraren erdigunean dagoen presioa bezainbestekoa lortu behar dute laborategietan, eta diamantezko gelaxkak erabiltzen ari dira presio izugarri horiek sortzeko, diamanteak hausteraino. Erdi txantxetan dio Ion Errea fisikari teorikoak ezen, diamanteak xahutzea nahi ez badugu, beharrezkoa dela teorikoen lana. EHU, DIPC eta CFMko ikertzailea da Errea.
Material bidimentsionalen aroa iritsi da teknologian. Grafenoa izan zen aurkitzen lehenengoa, baina horrek mundu berri baterako ateak ireki besterik ez zuen egin. Zenbat aplikazio harrigarri irudikatuko ote zituzten zientzialariek eta ingeniariek orduz geroztik! Amets horien guztien euskarri da Graphenea, Donostian, eta hango zuzendari zientifiko Amaia Zurutuzarekin bildu gara. Eskuetan grafenoz egindako dispositiboak dituela azaldu da.
Elisa Sainz de Murietak klima-aldaketaren ondorioz gertatuko diren inpaktuak eta klima-aldaketaren egokitzapen-politikak ikertzen ditu BC3 Basque Centre for Climate Change-n eta Londresko Grantham Research Institute-n. Zientzialarien esanetan, badira gutxienez 800.000 urte ez zela halako CO2-kantitaterik pilatzen Lurreko atmosferan, eta, gainera, handitzen jarraitzen du. Horrek guztiak Euskal Herrian izango dituen ondorioak aztertu ditugu Elisarekin. Ondorioei aurre egiteko prest egon behar dugula dio.
Ikertzaile jurista da Pilar, Zuzenbidea eta Giza Genoma Katedraren taldean. Zientziak eta teknikak aurrera egiten duten heinean, aukera berri eta zirraragarriak sortzen dira gizartean, baina baita, haien eskutik, arrisku eta beldur berriak ere; debekatzeko gogoa sortzeraino, batzuetan. Pilarren lana da teknika berrien erabilera arautuko duten balioak adostea. Oinarrizko akordio moduko batzuk bilatzea, gizartea eroso senti dadin. Lan garrantzitsua, zientziak bere onena eman behar badu.
Iruñeko Planetarioko zuzendaria da Javier Armentia, eta Pentsamendu Kritikoa Sustatzeko Elkarteko zuzendari izandakoa. Gogor kritikatzen ditu sasizientziak, esandakoak ez frogatzeagatik, eta hori bezain gogor zientziaren jardun okerrak. Interesagatik jardutea egotzi dio zientziari. Biek dituzten arazo eta kontraesanak jarri ditu agerian Javierrek. Ez da isilik geratzen diren horietakoa.
Oso argi hitz egiten du Eva Povedak hiesaz eta GIB birusaz. Estigma sozialak oraindik zauri handiak sortzen dituela dio. Tratamendu berrienek itxaropena zabaldu duten honetan, estigma bihurtu da gure gizartean infekzioa betiko desagerrarazteko benetako muga. Eta azpimarratu nahi izan du gaur egun ez dutela birusa kutsatzen infektatuta baina tratatuta dauden pazienteek. Bere lan zientifikoaren bikaintasunaren aitortza jaso zuen jada 2012an Povedak, For Woman in Science L´oreal-Unesco Ikerketa Saria jaso zuenean. Egun, infekzioa desagerrarazteko ari da lan egiten buru-belarri, A Coruñako INIBIC zentroan.
Galdera batek abiarazi zuen Arkaitz Carracedoren ibilbide zientifikoa: zertan bereizten dira zelula osasuntsuak eta minbizi-zelulak? Orduz geroztik, ibilbide oparoa egin du minbizia ikertzen, eta halaxe aitortu zion Europar Batasunak, 2013an 1,5 milioi euroko diru-laguntza bat eman baitzion minbiziaren eta elikaduraren arteko harremana iker zezan Euskal Herrian. Gaitza hain zabaldua izanik eta zientzia egiten ari den ahalegin handia ikusirik, minbiziari begiratu sakon bat eman nahi izan diogu CIC Bioguneko bere laborategitik.
Marta Macho matematikaria da, foliazioen teoria geometrikoan eta geometria ez-konmutatiboan espezializatua. Ikerketa-lanetatik harago, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren “Mujeres con Ciencia” espazio digitaleko editore ere bada. Emakume zientzialariak ikusgai bihurtzeko egin duen lan eskerga aitortzeko hainbat sari jaso ditu, tartean Berdintasunerako Emakunde Saria, apirilean bertan. Martarekin argitu nahi izan dugu nola egiten duten emakumeek zientzia, eta zientzia-sistemak, egun dagoen bezala, baldintzatzen ote duen emakumeen parte-hartzea.