1976an, Elhuyar aldizkaria izeneko argitalpenean kaleratzen hasi ginen zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako euskarazko artikuluak; urtean 3-4 aletan biltzen genituen artikuluak, eta, gaur bezalaxe, gai asko eta arlo desberdinetakoak ziren: matematika, kimika, fisika, informatika, astronomia eta abar. Irakasleak, ikasleak, arloko ikertzaileak.... ziren gure kolaboratzaileak, eta haiei guztiei esker hasi ginen aldizkariari forma ematen: terminologia landu, kontzeptuak argitu, hizkuntza-zuzenketak egin, maketazio-lanak egin, irudi eta grafikoak egin, eta argitaratu. Garai xumeak ziren haiek, eta, guztien ahaleginarekin, urtean 3-4 ale kaleratzen genituen. Pixkanaka-pixkanaka, irudiz hornitu, diseinua landu eta hileroko maiztasuna eman diogu, eta gaur eguneko aldizkarira iritsi gara.
Baina eginiko lanak ahaztuak gera ez daitezen, hileroko aldizkari bilakatu aurreko artikulu guztiak bildu eta sarean jarri nahi izan ditugu. Interneten aukerak baliatu eta liburutegiko aleei hautsa kenduz, guztiak digitalizatu eta pdf moduan jarri ditugu ( www.elhuyar.org/elhuyar_aldizkaria/ ). Bagenekien kolaboratzaile asko, lagun asko esango nuke nik, izan genituela, baina guztiak zerrendatu ditugunean ohartu gara zenbaterainoko altxorra dugun; batzuk ezagunak besteak ezezagunak, batzuk oraindik ere horretan ari direnak eta besteak jada lan horiek utziak dituztenak, batzuk jada gure artean ez direnak.... Guztira, 1976-1994 urteen arteko 61 ale, 600 artikulu, 500 egile inguru eta ilusio askorekin egin dugu topo, eta hori guztia zuei eskaini eta zuentzat ere erabilgarri izan dadin lan egin dugu.
"Izan zirelako gara", horretan dudarik ez daukagu, eta "garelako izan daitezela". Hala nahiko genuke.