Elhuyar Hiztegiaren argitalpen eguneratua eta osatua

Aztiria Urtaran, Josu

Adimen Artifiziala Hizkuntzan Unitateko koordinatzailea Elhuyar Fundazioa

Hamar urte igaro dira Elhuyarrek Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco Hiztegi -aren lehen edizioa argitaratu zuenetik. Lehen urrats handi haren ondoren, Elhuyarrek beste batzuk ere egin ditu, hiztegi elebidunei eta euskara-hiztegiei dagokienez, eta lehen hiztegia argitaratu genuenetik hamar urte pasatu direnean kaleratuko dugu Elhuyar Hiztegi -aren edizio berritua.
Elhuyar Hiztegiaren argitalpen eguneratua eta osatua
2006/11/01 | Aztiria Urtaran, Josu | Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
88.000 sarrera, 20.000 azpisarrera, 150.000 adiera eta 100.000 adibide biltzen ditu.
-

Urte hauetan guztietan, urrats garrantzitsuak egin dira euskal hiztegigintzan, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua , besteak beste.

Hiztegi Batu -aren lehenengo bertsioa edo 'itzulia' 2000koa da, eta Elhuyar Hiztegi -aren bigarren edizioa ere urte berekoa da, Hiztegi Batu -ko onespen eta hobespenen arabera moldatua, gainera. Geroztik, Euskaltzaindia etengabe ari da Hiztegi Batua osatzen, eta lan horren emaitzak apurka Interneten argitaratzen.

Lan horiek ahalik eta zehatzen jasotzen ahalegindu gara hirugarren edizio honetan. Gainera, beste hainbat informazio-iturri erabili ditugu: hiztegi argitaratuak, terminologia-lanak edo estilo-liburuak, euskararen hizkuntza-ereduari buruz piztu diren eztabaidak, kontsultagai ezarri diren corpusak eta abar.

Horrenbestez, hamargarren urteurrenean, hiztegi osatuago eta gaurkotuagoa argitaratu dugu.

88.000 sarrera, 20.000 azpisarrera, 150.000 adiera eta 100.000 adibide biltzen ditu hiztegiak, bi ataletan banatuta: euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara.

Hiztegi elektronikoa ere argitaratuko dugu, lan-tresna ahaltsua: CD-ROMaren bitartez, sarreren bilaketa lasterra egiteko aukera izango du erabiltzaileak, eta liburuan egin ezin diren askotariko bilaketak pantaila bakarrean egiteko ere bai.

Elhuyar Hiztegi -ak tresna erabilgarria izan nahi du ikasle eta irakasleentzat, idazle nahiz itzultzaileentzat, kazetari, teknikari eta profesionalentzat, euskararen eta gaztelaniaren lexiko elebidunaren informazio doia behar duen edonorentzat. Erreferentzia izan nahi du euskara-gaztelania/castellano-vasco hiztegi elebidunen artean.

Aztiria Urtaran, Josu
2
225
2006
11
040
Elhuyarren berriak; Enpresa
Elhuyarren berriak
61
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila