Aurten, Enrike Zuazua EHUko doktore eta Matematika Aplikatuko katedradunari eman diote 2006ko Ikerkuntzako Euskadi Saria. Hain zuzen, atzo jaso zuen saria Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitzan, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren eta Tontxu Campos Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eskutik.
Margarita Salas oso ezaguna da emakumea eta goi-mailako zientzialaria izateagatik. Ez da hain ezaguna, ordea, haren ikergaia. Salasek berrogei urte daramatza fago bat ikertzen: phi29 fagoa, hain zuzen. Fagoak bakterioak infektatzen dituzten birusak dira, eta phi29ak ezusteko eder askoak eman dizkio Salasi. Ikerketen bilakaerari buruzko hitzaldi bat ematera gonbidatu dute CIC bioGUNE ikerketa-zentrokoek, beren bigarren urteurrenean, eta hitzaldiaren ondoren harekin egoteko aukera izan dugu. Adeitasunez, zuzen eta zehatz erantzun die egin dizkiogun galderei.
Amorrua. Tuberkulosia. Bruzelosia. Hirurak zoonosiak dira, animalietatik pertsonetara transmititzen diren gaitzak, alegia. Garai batean, gaixotasun beldurgarriak ziren. Gaur egun, ordea, inguru hauetan oso kasu gutxi agertzen dira, eta, tratamendu egokiei esker, ez dute heriotzarik eragiten. Alabaina, beste zoonosi asko daude, eta kalte handiak sortzen dituzte.
Giza jarduera guztiek dute nolabaiteko eragina ingurumenean. Jardueretako bat, nahiko oinarrizkoa gainera, jateko animaliak haztea da. Bada, FAOren arabera, horixe da, hain juxtu, ingurumenari kalte handiena egiten dionetako bat; ibilgailuek egiten dutena baino handiagoa, esaterako. Txosten batean azaltzen du FAOk hori, eta baita nola, zenbat eta zergatik duen halako eragina ere.
Nanoteknologia boladan dago. Hastapenetan badago ere, dagoeneko arlo askotan erabiltzen da, edo, gutxienez, arlo askotan ari dira probatzen: informatikan, telekomunikazioetan, energian, medikuntzan, ehungintzan, kosmetikan... eta baita elikagai-industrian ere. Txikitasunaren teknologiari esker, elikagai seguruagoak, osasungarriagoak eta zaporetsuagoak egiteko asmoa dute ikertzaileek.
Botoxa zimur-lisatzaile ospetsuena bihurtu da. Baina baditu beste erabilera batzuk; agian ez hain ezagunak, bai, ordea, garrantzitsuak. Dena dela, are ezezagunagoa izango da askorentzat jatorria. Izan ere, botoxa muskuluak paralizatzen dituen toxina hilgarri bat da, eta horrexeri zor dio eraginkortasuna.
Badirudi jasangarria modako etiketa dela, edozein izenen ondoan agertzen baita azken bolada honetan: garapen jasangarria, turismo jasangarria... Ez alferrik, ordea. Izan ere, izenondo horrek hauxe esan nahi du: "Gaurko eta etorkizuneko belaunaldiek behar dituzten baliabide naturalak agortzeko arriskuan jartzen ez dituena". Eta hori da hirigintza jasangarriaren helburua. Ez da erraza baina.
Fisika ez da sarritan azaltzen komunikabideetan, ez da hala? Bada, bai, azaltzen da, egunero-egunero eta alderdi askotan aipatzen dira fisika-gaiak: erreaktore nuklearrak direla, gasolina dela, laserrak, mediku-diagnostikoak, garraioa, denbora, espazioa... Denean dago fisika, eta, hala ere, gizarteari urruna eta arrotza egiten zaio. Horretaz eta beste gauza askotaz aritu gara Francisco José Yndurain fisikariarekin. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedraduna, Espainian puntako ikertzailea izateaz gain, dibulgazioan ere aritzen da, eta antzematen zaio, erraz eta arin ematen baititu azalpenak.
Ez da erraza mundua esferikoa izanik bi dimentsiotan irudikatzea. Beti egongo da ezaugarriren bat desitxuratuta. Horrek, ordea, ez ditu ezinbestean okerrak edo txarrak egiten mapak. Alderantziz, desitxuratzeak mapa esanguratsuak egiteko balio dezake. Adibidez, Worldmapper egitasmokoek herrialdeen azalerak desitxuratzen dituzte, mapan adierazi nahi duten faktorearen arabera. Emaitza: begiratu batean ulertzen diren irudikapenak.
Nekazariek ondo dakite hazi hibridoek uzta hobeak ematen dituztela, nahiz eta asko antzuak diren. Hibridoak genetikoki desberdinak diren gurasoak gurutzatuz lortzen dira, eta bereziak dira aurrekoak baino ezaugarri hobeak dituztelako, batez ere lehenengo belaunaldian. Zientzialariek, baina, ez dakite zergatik gertatzen den hori. Berriki, arto hibridoaren misterioa argitzeko pauso garrantzitsuak eman ditu Iowako Unibertsitateak.