Animalien gaitzak, gaitz gizakiarentzat

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Amorrua. Tuberkulosia. Bruzelosia. Hirurak zoonosiak dira, animalietatik pertsonetara transmititzen diren gaitzak, alegia. Garai batean, gaixotasun beldurgarriak ziren. Gaur egun, ordea, inguru hauetan oso kasu gutxi agertzen dira, eta, tratamendu egokiei esker, ez dute heriotzarik eragiten. Alabaina, beste zoonosi asko daude, eta kalte handiak sortzen dituzte.
Animalien gaitzak, gaitz gizakiarentzat
2007/03/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: 1-3.ArtxibokoaK; 2. Oregongo Unib.)

Animalietatik pertsonetara transmititzen diren gaixotasunei zoonosi deitzen zaie. Zoonosi asko daude; egin kontu: pertsonei eragiten dieten 1.415 agente infekziosoetatik, % 61 inguru (hau da, ia hirutik bi) animalietatik pertsonetara igarotzen dira. Normalean, bakterioak, bizkarroiak edo birusak dira eragileak, eta hainbat bidetatik irits daitezke pertsonetara: animaliekin kontaktu zuzena izanda, animalia-jatorriko elikagaiak janda, edo animaliek kutsatutako uraren edo elikagaien bidez, besteak beste.

Zenbait zoonosi albistegietako protagonista izatera iritsi dira denboraldi batez. Nor ez da gogoratzen behi eroen krisiaz? Geroago, SARS birusak piztu zuen alarma, eta, duela hilabete batzuk, hegazti-gripeak. Komunikabideetan sarri aipatzen zituzten horiekin lotutako kontuak, eta jendearen ohituretan ere eragina izan zuten; adibidez, hegazti-gripearen beldurrez, oilasko-kontsumoa jaitsi egin zen.

Beste zoonosi asko, berriz, ez dira komunikabideetan ageri. Baina horrek ez du esan nahi ez dutenik arreta merezi. Hain zuzen, albistegietan ateratzen ez diren zoonosi 'arruntak' dira osasun-arduradunak gehien kezkatzen dituztenak, horiek sortzen baitituzte infekzio gehien. Zehazki, Salmonella eta Campylobacter generoko bakterioek sortutako gaitzak dira zoonosi nagusiak, bai Euskal Herrian eta baita Europa osoan ere.

Bietan, lehen infekzio-iturriak animalia-jatorriko elikagaiak dira, batez ere arrautzak eta hegazti-haragia, edo horiekin egindako produktuak. Askotan, produktuok haztegian bertan jada kontaminatuta daude. Izan ere, oilategi eta haztegi askotan badaude patogenoak, baina hegaztiek ez dute sintomarik izaten, infektatuta egon arren. Hortaz, arrautzak eta haragia ez badira egoki tratatzen, kontsumitzailea infektatzeko arriskua dago.

Berez, nahikoa da arrautzak eta haragia ondo egitea bakterioak suntsitzeko. Baina gerta daiteke gordinik jaten diren elikagairen bat horiekin kontaktuan egoteagatik kontaminatzea, eta horrek eragitea infekzioa. Kontaminazio gurutzatua deitzen zaio horri. Bestetik, maionesa eta beste hainbat produktu arrautza gordinez egiten dira, eta horregatik gertatzen dira udaldiko infekzioetako asko.

Edonola ere, infekzioaren sintomak antzekoak dira bi kasuetan: beherakoa, goragalea, sabeleko mina, sukarra... Salmonellosiaren aldean, Camylobacter -en infekzioak banakakoak izaten dira, ez dira talde osoak infektatzen, eta batez ere immunologia-sistema ahula duten pertsonei eragiten die, hala nola haurrei, gaixoei eta adinekoei. Normalean ez batak ez besteak ez dute heriotzarik eragiten, baina arazo larria dira osasun publikoarentzat.

Gehienetan, nahikoa da elikagaiak ondo egitea, izan ditzaketen patogenoak suntsitzeko.
Artxibokoa

Arazoaren muinera

Salmonella eta Campylobacter bakterioei aurre egiteko asmoz, hainbat plan jarri dituzte martxan azken urteotan. Gipuzkoan, adibidez, egitasmo bat abiatu zuten 2001. urtearen amaieran, 2007rako bi bakterioen prebalentzia % 15 gutxitzeko helburuarekin.

Horrez gain, Europako Batasunak araudi berria atera du, herrialde bakoitzak Salmonella kontrolatzeko programak ezar ditzan arrautzetarako oiloetan, horiexek baitira arrautzen kontaminazio-foku nagusia. Halako programen bitartez, oso emaitza onak lortu dituzte dagoeneko Europa iparreko herrialdeetan (Danimarka, Norvegia, Suedia...). Han ia ez dute Salmonella -rik, eta hemen ere antzeko egoera lortu nahi dute lauzpabost urtean.

Hala, aurten arrautza-oilo guztiak txertatu dituzte. Horri esker, oiloak eta arrautzak infekziotik babestuta geratzen dira, eta asko gutxitzen da Salmonella zirinean. Gainera, haztegietan infekzioa sartzea eta hedatzea galarazteko neurriak hartu dituzte (biosegurtasun-neurriak), eta jardunbide egokiak indartu dituzte. Horrekin guztiarekin, Salmonella -ren prebalentzia asko jaitsiko dela espero dute. Segidan, beste hegaztietan eta txerrietan egingo dituzte kanpainak.

Dena dela, prebentzioa ez da hor bukatzen. Produktuak haztegitik azokara eta handik etxera egiten duen bide osoan hartu behar dira neurriak. Esaterako, ezinbestekoa da kontsumitzaileek janariak ondo gordetzea eta prestatzea, kontaminazio-arriskua ahalik eta txikiena izan dadin.

Salmonella bakterioa (gorriz) giza zeluletara sartzen, laborategiko kultura batean.
(Argazkia: Rocky Mountain Laboratories, NIAID, NIH)

Oinarrizko neurri batzuk hartuta, ez da zaila bi infekzio horiek saihestea. Horregatik, etxeetako ohiturei buruzko galdeketetan oinarrituta, osasun publikoko arduradunak kontsumitzaileei zuzendutako kanpaina bat egitekotan dira, salmonellosia saihesteko. Bide batez, neurri horiek berek Campylobacter -en infekzioak gutxitzen lagunduko dute. Izan ere, hiesaren aurkako neurriek sexu bidez transmititzen diren beste gaixotasunetatik ere babesten duten bezala, Salmonella -ren aurkakoek Campylobacter -en aurka ere balio dute.

Lanaren ordaina

Ezin da ukatu zenbaitetan kanpainek emaitza benetan onak ematen dituztela. Bruzelosia eta ganaduak transmititutako tuberkulosia, esaterako, Euskal Herri osoan zabalduta izatetik, ia kasu bakar bat ere ez agertzera igaro dira. Bi gaixotasun horiek ere bakterioek sortuak dira -- Brucella eta Mycobacterium bovis --, eta patogenoak dira, bai ganaduarentzat, bai pertsonentzat.

Brucella generoko bakterioek behiei eta ardiei eragiten diete, besteak beste, eta horien haragiaren, odolaren edo esne gordinaren bidez irits daitezke pertsonetara. Bakterioa gai da immunitate-sistemaren fagozitoen barruan bizirik irauteko; hori dela eta, gaitzak kroniko bihurtzeko joera du, eta infekzio akutuetan bereizgarria da sukarra ziklikoki igotzea eta jaistea. Sukarraz gain, hotzikarak, muskuluetako eta giltzaduretako mina eta izerditzea dira infekzio akutuaren beste sintoma batzuk.

Tuberkulosia, berriz, munduan heriotza gehien eragiten duen gaixotasun infekziosoa da. Eragilea, normalean, Mycobacterium tuberculosis da, baina tuberkulosi-kasuen % 3 inguru M. bovis aldaerak sortuak direla kalkulatzen dute. Behi gaixoen esne gordina eta airetik arnastea dira transmisio-bideak.

Elikagaien segurtasuna bermatzeko, landatik mahaira estrategia globala aplikatzen da Europako Batasunean.
Artxibokoa; UNE; YKCoop

Gaitz horiek desagerrarazteko lan handia egin dute, eta horren eragina nabari da datuetan: Gipuzkoan, esaterako, tuberkulosiaren behitegietako prebalentzia % 4koa zen 1980ko hamarkadan, eta 2005ean % 0,26koa izan zen. Behitegi guztiak daude kontrolatuta, eta denak tuberkulosirik gabeko izendatuta daude. Gauza bera gertatzen da bruzelosiarekin.

Gipuzkoako datuak Euskal Herri osokoen adibide dira. Noizean behin, tuberkulosia edo bruzelosia duen behiren bat agertzen da, Bizkaian normalean, baina Kantabriako ganaduak kutsatuta izaten da.

Behietan bezala, ardietan ere egoera oso ona da: urteak daramatzagu bruzelosiaren eta tuberkulosiaren arrastorik gabe. Gainera, behietan baino errazagoa da kontrola, gehienbat latxa arrazako ardiak hazten baitira Euskal Herrian; horiek lurraldean bertan sortu eta salerosten direnez, ez dago animalia gaixorik kanpotik sartzeko arriskurik. Salbuespena Nafarroaren hegoaldea da, han haragitarako ardiak hazten baitituzte, beste arraza batekoak, eta horietan azaltzen dira bruzelosi-kasu batzuk.

Noski, abereetan egiten den lanak osasun publikoan eragiten du. Hala, pertsona bakan batzuek hartzen dute tuberkulosia edo bruzelosia, eta horiek, askotan, kanpoan erositako janarien bidez kutsatzen dira, adibidez, esne gordinez egindako gazta janda.

Emaitza onei eusteko, azterketak eta kontrol zorrotza egiten jarraitzen dute abeltzaintza-arduradunek. Besteak beste, animalia gaixorik detektatuz gero, ukuiluko denak hiltzen dituzte, eta, ondoren, jarraipena egiten dute. Hiltegietan ohiko analisiak egiten dituzte, eta abereen mugimendu eta saleroste guztiak kontrolatzen dituzte. Osasun publikoan, berriz, elikagaien segurtasunaz arduratzen direnek egiten dute kontrola eta jarraipena, epidemiologia-arlokoen laguntzarekin.

Erakunde guztiek bat egin dute hegazti-gripeari aurre egiteko.
MOE

Zoonosi birikoak eta bizkarroiak

Salmonellosia, tuberkulosia eta bruzelosia bakterioek sortutakoak badira ere, zoonosi guztiak ez dira bakterianoak. Hain justu, azkenaldian komunikabideetan gehien azaldu diren bi zoonosiak, hegazti-gripea eta anisakiosia, birus batek eta bizkarroi batek sortuak dira, hurrenez hurren.

Hegazti-gripeaz asko hitz egin zen duela hilabete batzuk, eta orain berriro dira aipagai. Dena dela, prebentzio-neurri guztiak prest daude, infekzio bakar bat ere egon ez dadin, ez baserrietako eta haztegietako hegaztietan, eta are gutxiago pertsonetan.

Nolanahi ere, komeni da gogoratzea izugarri zaila dela inork hegazti-gripea harrapatzea, horretarako infektatutako hegaztiekin kontaktu estuan egon behar delako, H5N1 birusa airez transmititzen baita. Sekula ez da inor gaixotu hegazti-haragia janda, eta ez da inoiz baieztatu pertsona batetik bestera transmititu denik ere.

Hain zuzen, H5N1 birusaren arriskua horixe da: pertsona batetik bestera transmititzeko gai den aldaeraren bat agertuko balitz, pandemia bat sortzeko arriskua legoke. XX. mendean hiru gripe-pandemia izan ziren, ziur aski, animalia-jatorrikoak hirurak: 1918koa (baliteke hegaztietatik), 1957koa (txerrietatik) eta 1968koa (hegaztietatik). Halakoren bat gertatzea saihesteko, osasun- eta abeltzaintza-erakundeek neurri oso zorrotzak ezarri dituzte mundu osoan eta maila guztietan. Horrez gain, ikertzaileak lanean ari dira, hipotesi okerrena egia bihurtuz gero, egoerari aurre egin ahal izateko.

Beroak eta hotzak anisakis-larbak suntsitzen dituzte, baina arrain gordinean iraun egiten dute.
Santiagoko Unib.; Artxibokoa

Beste neurri batean, anisakisa ere gai garrantzitsua izan da komunikabideetan, Hego Euskal Herrian behintzat. Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak errege-dekretu bat kaleratu zuen abenduan, gutxi eginda edo gordinik jan behar den arraina aurrez izozteko aginduz. Horren helburua da anisakis izeneko bizkarroia suntsitzea. Aginduak zeresana eman du, batez ere goi-mailako sukaldari batzuek arraina oso gutxi eginda ateratzen dutelako, eta, haien ustez, arraina aurrez izoztuz gero kalitatea galtzen duelako.

Eztabaida gastronomikoa alde batera utzita, anisakis bizkarroia oso zabalduta dago, eta haren larbak erraz aurkitzen dira kontsumitu ohi diren arraietan eta zefalopodoetan. Haien digestio-aparatuan egoten dira, baina inguruko muskuluetara eta organoetara ere heda daitezke. Beroak (60 °C-tik gora) eta hotzak (adibidez, 24 ordu -20 °C-ra) suntsitu egiten dituzte, ez, ordea, ketzeak edo marinatzeak. Hortaz, horrelako tratamenduak izan dituzten produktuak edo arrain gordina janez gero, kontsumitzailea parasitatzeko arriskua dago.

Bizkarroiaren larbak anisakiosi izeneko gaitza sortzen du pertsonetan, eta urdail-hesteei eragiten die: min akutua, ultzera, hemorragia... Azalean hazkura eragiten du, eta gaixo askok erreakzio alergikoa ere izaten dute. Larbak erauzten ez badira, gaitza kroniko bihur daiteke.

Nonbait, anisakiosi-kasuak areagotzen ari dira, eta horrek bultzatuta atera du errege-dekretua Espainiako Ministerioak. Japonian eta Eskandinavian pertsona dezente gaixotzen dira, baina Espainian eta Euskal Herrian, nahiz eta arrain asko jaten den, oso kasu gutxi izaten dira.

Jatekoa, kezka nagusi

Azterketa ugari egiten dituzte elikagaiak seguruak eta kalitatezkoak direla baieztatzeko.
Artxibokoa

Orain arte aipatutako zoonosiak kontsumorako erabiltzen diren animaliek transmititutakoak dira, eta, horiez gain, beste asko ere transmititzen dituzte: Q-sukarra (ardien bidez), hepatitis-birusa (itsaskien bitartez)... Baina etxean edukitzen diren animaliek eta animalia basatiek ere transmititzen dizkiete gaitzak pertsonei. Adibidez, Euskal Herrian inoiz egon ez den arren, amorrua zoonosi garrantzitsua da munduko zenbait lekutan. MOEren arabera, urtean 55.000 pertsona inguru hiltzen dira amorruaren birusarengatik, batik bat umeak, infektatutako zakurren hozkaden bidez.

Hala eta guztiz ere, janarien bidez transmititutako zoonosiak dira kezka nagusia Euskal Herrian eta Europan, horiek baitira ohikoenak. Gainera, kontsumitzaileengan ere sumatzen da kezka hori, eta areagotu egiten da arazoren bat gertatzen den bakoitzean.

Horri aurre egiteko, Europako Batasuneko elikagaien segurtasuneko arduradunentzat, lehentasunezkoa da kontsumitzaileek konfiantza izatea jaten dituzten elikagaietan. Horretarako, landatik mahaira estrategia globala aplikatzen ari dira, hiru zutabetan oinarrituta: elikagaien eta pentsuen gaineko legediak batetik, aholkularitza zientifiko sendoa bestetik, eta, azkenik, arauen aplikazio eraginkorra eta kontrol zehatza. Ez dago 'zero arriskua', baina, aldi berean, gaur egun elikagaiak inoiz baino seguruagoak dira, eta, norberak ere etxean neurri erraz batzuk hartuta, are gehiago gutxitzen da arriskua.

Zertan dira 'behi eroak'?
Krisia XX. mendearen bukaeran lehertu zen. 1996an iragarri zuten 4 pertsona hil zirela Creutzfeldt-Jakob gaixotasunaren bertsio berriaren ondorioz. Creutzfeldt-Jakob gaitza entzefalopatia espongiforme bat da, nerbio-sistemaren endekapenezko gaixotasun oso ezohiko bat. Berez azaltzen da pertsonetan, eta beste animalia-espezieetan ere badaude halako gaitzak: ardien dardarizoa, behi eroen gaitza...
Prioia
(Argazkia: R. Riek/Nature)
Orduan, ordea, zientzialariek frogatu zuten gaitza sortzen duen eragilea --ez birusa, ez bakterioa, ez bizkarroia, baizik eta proteina bat, prioi eraldatua-- animalia gaixoen haragia janda iritsi zela pertsonetara. Oraindik ikertzen ari dira nola gertatzen den transmisioa zehazki, baina, behintzat, hura eteteko neurriak hartu ziren.
Dagoeneko baretu dira urak. Pertsonetan ez da kasu bakar bat ere izan aspaldian, eta ganaduan ere apenas dago kasurik. Hala ere, prebentzio-neurriak indarrean daude: behien bazka eta pentsuak kontrolatzen dira, entzefalopatiak detektatzeko programa bat egiten da, arriskutsuak diren zatiak deuseztatzen dira, eta hildako animalia guztiak jaso eta kontrolatzen dira. Hori guztia ez da behietan bakarrik egiten, baita ardi eta ahuntzetan ere. Lezio gogorra izan zen, baina badirudi zerbait ikasi dugula.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
229
2007
3
038
Osasuna; Medikuntza; Abeltzaintza; Nekazaritza
Artikulua
38
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila