Zer gertatuko litzateke munduan bat-batean giza espeziea desagertuko balitz? Galdera horri erantzuteko, imajinazio-ariketa bat egitera gonbidatu ditugu EHUko hiru ikertzaile: Arantza Etxeberria filosofoa, Kepa Altonaga zoologoa eta Unai Ugalde biokimikaria. Interesgarriak irudituko zaizkizulakoan, haien erantzunak irakurtzera gonbidatu nahi zaitugu, irakurle. Eta, gero, ausartuko zinateke zu ere erantzuna bilatzen?
Nanoteknologiak onura asko ekarriko dituela espero dute ikertzaileek. Teknologia berri horrek, ordea, itxaropenaz gain, kezka ere sortzen du. Izan ere, nanopartikulek ingurumenean eta osasunean kalteak eragin ditzaketela susmatzen dute. Kalte horiek zein diren eta nola eragotz daitezkeen jakiteko, ikerketa sakonak egiten ari dira Estatu Batuetan eta Europako Batasunean, besteak beste. Behin betiko emaitzak izan bitartean, zuhurtasun-printzipioak agintzen du.
Oraingo joera aldatu ezean, lehenago edo geroago, Aragoiko glaziarrak desagertu egingo dira. Horretan ez dago zalantzarik. Eta argi dago tenperaturak eta prezipitazioek glaziarren bilakaeran eragiten dutela. Hori baino eztabaidagarriagoa da, ordea, zenbateraino azkartu den galera klima-aldaketaren ondorioz. Eztabaidak luze jo dezake, baina, bitartean, Aragoiko glaziarrak galtzeko bidean dira.
Panpa-lezka landare dotorea bada ere, inbaditzaile bihurtu da. Kontrolatzeko neurriak hartu dituzte hainbat eskualdetan, eta Gipuzkoan ere lehen pausoak ematen hasi dira. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz, Aranzadi Zientzi Elkarteak landarearen kartografia zehatza egin du. Izan ere, edozein neurri hartzerako, ezinbestekoa da zehatz jakitea non eta zenbat dagoen, denean eta asko dagoela jakitea ez baita nahikoa.
Autoek sortzen dute atmosferara isurtzen den karbono dioxidoaren % 10, eta hirietako poluzio-iturri nagusia dira. Klima-aldaketaren arriskuak sortu duen kezkak bultzatuta, karbono dioxidoaren isuriak murrizteko neurriak hartzen ari dira erakundeak, eta autoei ere eragiten diete neurri horiek. Araudi berriek eta, neurri batean, merkatuak hala eskatuta, ingurumenean ahalik eta kalte txikiena eragiten duten ibilgailuak garatzen ari dira autogileak.
Artikulu hau irakurlearen eskura iristerako, litekeena da Columbus modulua dagoeneko Nazioarteko Espazio Estazioaren (ISS) parte izatea. Baina posible da oraindik Lurrean egotea ere. Izan ere, abenduaren hasieran zuten estazioari lotzeko asmoa. Hara eraman behar zuen Atlantis transbordadoreak, ordea, akats tekniko bat izan zuen. Horren ondorioz, gutxienez urtarrilaren 2ra atzeratu zuten aireratze-data, eta ez litzateke harritzekoa izango berriro ere misioa atzeratu behar izatea. Askotan gertatu dira horrelakoak ISSren historian, eta baita okerragoak ere.
Algoritmo genetikoak eboluzio biologikoa imitatzen duten programazio-teknika bat dira, eta ohiko metodoen bitartez askatzen oso zailak edo ezinezkoak diren problemak ebazteko erabiltzen dira. Ez dakite oso ondo zergatik, baina ohiko teknikek huts egiten duten problemetan funtzionatu egiten dute; beraz, gero eta gehiago erabiltzen dira arazo praktikoei irtenbidea emateko.
Oraingoz, ezinezkoa da pertsonen barneko ordularia gelditzea edo moteltzea. Medikuntzan, baina, oso baliagarria izango litzateke: metabolismoa apalduta, gorputzaren tenperatura jaitsita eta arnasa eta taupadak ia etenda, pazienteak luzaro iraun ahal izango luke oxigenorik eta janari-edaririk gabe. Zientzia-fikzioa dirudien arren, hori lortu nahian dabiltza hainbat ikertzaile, eta dagoeneko eman dituzte lehen pausoak bide horretan.
Energia nuklearraren alde, edo aurka? Azkenaldian, eztabaida berpiztu egin da, energia-arazoaren irtenbidea zentral nuklearrak jartzea izango dela uste baitute zenbait adituk. Eta arrazoiak ematen dituzte: ekonomikoak, ingurumenekoak eta politikoak, besteak beste. Ikusteko dago nahikoa izango diren gehiengoaren iritzia aldatzeko eta zenbateko eragina izango duen horretan krisiaren larritasunak, baina, dagoeneko, industria nuklearra etorkizunera begira jarri da.
1960ko hamarkadan, espazioaren konkista puri-purian zegoen. Estatubatuarrek eta errusiarrek lasterketa zientifiko eta teknologiko bat jokatzen zuten, nor iritsiko urrutiago, nork aurkituko mundu harrigarri gehiago espazio zabalean. Baina, garai berean, artean esploratu gabeko beste unibertso bat ikertzen hasi ziren zientzialari batzuk. Eta oinekin zapaltzen dugun mundua ulertzeko gako batzuk itsas sakonean zeudela ikusi zuten.