Ez dago inolako frogarik esateko mugikorrek eta wifi-sareak kaltegarriak direla osasunerako. Hori ondorioztatu du Norvegiako Aditu Batzordeak, gobernuaren eskariz egindako ikerketaren emaitzak aztertuta.
Gaur plazaratu dira ENCODE egitasmoaren emaitzak, eta, horren bidez, genetikak eta giza genomak komunikabide gehienen arreta bereganatu dute, baita zientziaz bereziki arduratzen ez diren horiena ere.
Pertsona baten ordulari biologikoan zer ordu den jakiteko, ordutegi molekular bat egin dute RIKEN Garapeneko Biologia Institutuan (Kobe, Japonia). Orain arte, bide bakarra zegoen pertsona baten ordulari biologikoa ezagutzeko: melatonina edo kortisol hormonen kontzentrazioei jarraipena egitea, 24 orduz eta ordu oro odola atera, eta hormonetako baten kontzentrazioa neurtuta.
Entzimak erreakzio biokimikoak katalizatzen dituzten molekulak dira, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoaren arabera. Hiztegiak berak zehazten duenez, entzima bakoitza erreakzio jakin baterako edo antzeko erreakzio-multzo baterako espezifikoa da. Hala ere, zientzialari batzuek susmoa zuten entzima guztiak ez zirela guztiz espezifikoak, hainbat erreakzio katalizatzeko gaitasuna zutela.
Astronomo-talde batek oinarrizko azukre bat, glikoaldehidoa, detektatu du IRAS 16293-2422 izar bitar gaztearen inguruan. ALMA irrati-teleskopioari esker egin du aurkikuntza taldeak, eta Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratuko da.
Gutxik ikusiko diote alde txarrik goizean edo bazkalondoan kafea hartzeari, gorputza zein burua "esnatzeko" asmoz. Kafeaz gain, baina, beste substantzia batzuk ere erabiltzen dira bigarren helburuarekin. Askotan, gaixotasunak tratatzeko erabiltzen dira substantzia horiek, eta, hain zuzen, batzuentzat eztabaidagarria da pertsona osasuntsuek halakoak hartzea. Edonola ere, hartu hartzen dira, eta ikertzaileak ere haiek ikertzen ari dira.
“Made in Japan”, hitz horiekin definitu du Kiyoshi Kurokawak Fukushiman iaz gertatutako hondamendi nuklearra, Japoniako parlamentuaren aginduz aditu independenteek egin duten txosten zientifikoan. Hain justu, aditu-taldearen burua da Kurokawa, eta txostenaren hasieran eman du bere mezua. Hitz gogorrak erabiltzen ditu; haren arabera, gertatutakoa “ez zen hondamendi natural bat izan, baizik eta gizakiak sortua”, eta arrazoiak “japoniarren izaeran” bilatu behar dira.
30.000 urteko antzinatasuna izan arren, labar-arteak ez du gaurkotasunik galdu. Aitzitik, arkeologoek, teknika aurreratuak erabiltzeko aukera izan ahala, adierazpen-mota hori hobeto ezagutzeko aukera izan dute, eta, horren ondorioz, labar-arteari buruz orain arte nagusitu den ikuspegia aldatzen ari da.
Labar-artearen ikerketan eta interpretazioan sekulako eragina izan dute azken urteotako aurrerapen tekniko eta metodologikoek. Hain zuzen ere, zenbat eta datu gehiago jaso eta zenbat eta zehatzagoak izan, orduan eta errazagoa da zuzen erantzutea sortzen diren galderei; besteak beste, honi: zer funtzio zuten irudi haiek?
Science aldizkarian gaur argitaratu den ikerketa batean frogatu dute datatutako labar-arte zaharrena uste zena baino 10.000 urte lehenagokoa dela. Hain zuzen, orain arte erabilitako datazio-teknikekin, labar-arte zaharrenek 30.000 urte inguru zituztela uste zuten; orain, ordea, ikusi dute batzuek gutxienez 40.000 urte dituztela.