Zianobakterioak eta gu

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Aldaketa ekologiko handiak hainbatetan gertatu dira gure planetaren historian. Paleontologiak bost suntsipen masiboren berri eman digu, eta askok argudiatzen dute seigarrenaren erdian gaudela, gaur egun, gizakion erruz. Alabaina, ez dira justu gauza bera suntsipen masiboak eragiteko gaitasuna duten jazoerak eta planeta bera eraldatzeko gaitasuna duten bizidunak. Hala azaltzen du, zenbaki honetako gai nagusian, Xabier Murelaga paleontologoak. Hain zuzen ere, planetaren eraldatzaile biologikoen zerrenda oso laburra da: zianobakterioak daude, eta, ondoren, gu.

Zianobakterioek duela 2.000 milioi urte aldatu zuten mundua, atmosferara oxigenoa isurita. Bakterio fotosintetiko haiei zor diegu oxigenodun atmosfera eta ozono-geruza. Zianobakterioek atmosferaren konposizioa aldatu zuten, eta, hala, mundua eraldatu zuten betiko. Betiko, gu agertu ginen arte, duela 150.000 urte inguru, Afrikan. Murelagaren esanean, gu iritsi garen arte, ez da zianobakterioek eragindakoaren pareko aldaketarik gertatu Lurrean.

Teknologiaren bidez lortu dugu gizakiok, sortu ginenetik, mundua eraldatzeko gaitasuna. Izan ere, zianobakterioen erreminta eraldatzailea oxigenoa izan bazen, gurea teknologia da, zalantzarik gabe. Nekazaritzatik hasi eta kometetan lur hartzen duten zundetaraino, planeta osoan barreiatzeko aukera eman digu teknologiak, eta barreiatu ahala, gure ingurunea moldatuz joan gara: lurrazala eta lurrazpia ustiatu ditugu, naturan existitzen ez den konposatuz inguratuta bizi gara, eta atmosferan eta ozeanoetan ere eragin dugu.

Asko eta eraginkorrak gara; hainbeste, ezen mundua eraldatzeko gure gaitasunaren biktima izango garela iragarri baitu batek baino gehiagok. Hori ez gertatzeko, hainbatek teknologian dute jarrita itxaropena; beste batzuek, berriz, superpopulazioari aurre egin behar zaiola proposatzen dute, eta badira deshazkundearen beharra aldarrikatzen dutenak, Alejandro Arizkun ekonomialaria kasu. “Planetaren eraldatzaileak” artikulu-bilduman jaso ditugu guztiak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila