Urte bat kristalografiari

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Duela 100 urte Max von Lauek Fisikako Nobel saria jaso zuen kristalek X izpiak difraktatzen dituztela aurkitzeagatik. 1912an egin zuen aurkikuntza, zink sulfurozko kristal batekin lanean ari zela: X izpiek kristal hura zeharkatzean difrakzio-eredu bat sortzen zela ikusi zuen. Aurkikuntza haren berria akuilu izan zen jo eta su X izpiekin lanean ari ziren Bragg aita-semeentzat. Haiek ulertu eta proposatu zuten, 1913an, zer zen eredu hura eta nola interpreta zitekeen, kristalen atomoak nola antolatuta dauden jakiteko. 1915ean jaso zuten aita-semeek Fisikako Nobel saria, "X izpien bidez kristalen egitura analizatzeko egindako ekarpenengatik". Harrezkero, beste 21 bider aintzatetsi dituzte Nobel sariek kristalografiaren arloko ekarpenak.

Kristalografia modernoaren sorreratzat jotzen dira Laueren eta Bragg aita-semeen lanak, eta, aurkikuntza haiek ospatzeko, 2014a Kristalografiaren Nazioarteko Urtea izendatu du Nazio Batuen Erakundeak. Izendapen horrekin, kristalografiaren garrantzia nabarmendu nahi dute; historikoa, eta gaur egungoa, materiaren egitura ulertzeko lan-tresna ezinbesteko eta boteretsua baita. Kristalografiaren bidez argitu zuten Perutzek eta Kendrewek hemoglobinaren egitura, Crowfootek intsulinarena, eta Watsonek eta Crickek DNArena. Izan ere, materiaz ari garenean, bizidunok osatzen gaituen materiaz ere ari baikara.

Zientzia eta teknologiaren arlo askotan baliatzen da kristalografia: material berriak sintetizatzen dituztenek erabiltzen dute, baina baira botika berriak sintetizatzen dituztenek ere; Naicako kristal erraldoiak barrutik ezagutzeko balio du, eta proteina ñimiñoen egitura eta funtzioa ulertu nahi dituztenek ere, kristalizatutako proteinak aztertzen dituzte.

"Kristalografiaren eragina nonahi ageri da gure eguneroko bizitzan", diote Nazio Batuek izendapen-agirian. Gu geologiaren eta istorioen leihotik hurbildu gara Kristalografiaren Urtera, zenbaki honetan, eta baita hurrengoan ere. Naicako koba ikusgarria, Braggs aita-semeak eta Dorothy Crowfoot, molekula biologikoen kristalografian aitzindaria, izango dira protagonistak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila