Sinplifikatzearen arriskuak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Dibulgazioak baliatzen duen erreminta arruntenetako bat da sinplifikatzea, eta dibulgazio-ariketa bat egiten saiatu den edonork badaki aho biko tresna dela. Hura gabe, ezinezkoa litzateke kontzeptu batzuk azaltzea; muga pasatu, eta, dena delakoa sinple ez, oker azaltzen arituko da bat. Kasuan kasu muga hori zein den asmatzean datza sinplifikatzearen artea.

Eskala batean jarriz gero, bikaintasunaren muturrean legoke kontzeptu konplexuak eta zailak zuzen eta sinple transmititzea, kontzeptu konplexu eta zail horiek sinple bilakatu gabe. Eta, nire irudiko, lehen zatiak bezainbesteko garrantzia du bigarrenak; hau da, konplexua edo zaila dena kualitate horietaz ez eranztea sinplifikatzearen poderioz. Izan ere, sinplifikatzearen arriskuak anplifikatu egiten ditu informazio akastuna transmititzeaz gain ikuspegi mugatua emateak. Sinplifikatzearen artearen eskalan, hor legoke desastrea.

Zientziaren dibulgazio sinple akastunaren adibideetako bat da zenbaki honetako "Bernoulli gabe hegan" artikuluan kontatzen dena. Hegaldiaren fisikari buruzko artikulua da, hegazkinen hegaldiarenari buruzkoa, zehazki. Eta ez diot desastre deituko, baina egin kontu. Gizartean zabalduta dago Bernoulliren printzipioak eusten diola airean hegazkinei, hegoa goialdetik zeharkatzen duen airea azkarrago mugitzen delako eta lehenago iristen delako hegoaren amaierara, hura behealdetik zeharkatzen duen airea baino; ondorioz, hegoak presio handiagoa jasotzen du behetik. Baina, berez, aplikagarria den kasuetan, Bernoulliren printzipioak eragindako indarra ez da iristen hegazkinak airean eusteko behar duenaren % 1era. Alegia, hegazkinaren hegaldia posible egiten duten indarren % 99 kanpo uzten ditu azalpen arruntenak.

Hogeita zortzigarren orrialdetik aurrera aurkituko dituzue falta diren indar horiek denak. Beno, denak ez; sinplifikazio ariketa bat baita orrialde horietan eskaintzen dena ere. Kanpoan utzitako ia dena xehetasun sakonenen ur zailetan ito gabe berreskuratzeko ariketa bat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila