Pertsonak eta ekosistema helburu

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Ibaietako ekosistema zaintzea eta tokian tokiko uholde-arriskua murrizteko neurri eraginkorrak hartzea ez dira kontzeptu antagonikoak. Bateragarriak dira. Eta ez bakarrik hori, maiz, eskutik datoz. Areago, ibaiak kudeatzeko estrategia klasikoa --ubidea bideratzea, ibaia kanalizatzea eta dragatzea-- ez da soilik suntsitzailea ibaietako ekosistemarentzat, uholdeen aurkako estrategia gisa ere kaltegarria izan daiteke. Halaxe adierazi dute ibaiek eragindako uholde-arriskuaz guk baino askoz gehiago dakitenek zenbaki honetan gaiari eskainitako erreportajean, eta, gainera, sintonia garbia da ekologoen eta kudeatzaileen artean.

Ikuspegi-aldaketa nabarmena da. Duela urte gutxi uholdeen kontrako neurri estandarrak zirenak, ibaiak kanalizatzea eta dragatzea, esaterako, ahal den guztietan baztertu egiten dituzte gaur egun Uraren Euskal Agentziako kudeatzaileek, hain zuzen ere, ez direlako bereziki onuragarriak eta iraunkorrak, uholdeen aurka esku-hartze eraginkorrak direla oso uste zabaldua den arren gizartean. Ekologoak eta kudeatzaileak sokaren alde banatan irudikatu ohi ditugu, baina ematen du jakintza zientifikoa eta teknikoa metatu ahala, ingurumenarekiko kezka gizartean hedatu ahala, eta araudi berriak indarrean sartu ahala, ikuspegi integrala gailentzen ari dela, eremu honetan behintzat. Pozgarria da.

Ez dira, ordea, ekologoak eta kudeatzaileak sokaren alde banatan egon izan diren bakarrak. Halaxe kokatzen dira maiz uholdeek kaltetuak ibaiarekiko. Edo eskumenen jokoan, uholde-arriskuaren ikuspegitik eraikitzeko erabili beharko ez liratekeen lurrak eraikitzeko erabili nahi dituztenak. Ondorioz, pertsonentzat eta ekosistemarentzat konponbide egokiak emateaz batera, ezinbestekoa izango da mitoak hautsi eta pedagogia egitea, eta araudiak errespetatuko direla ziurtatzeko neurriak ezartzea, ez ditzan inork arriskugune berriak sortu denon kontura.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila