Organoak sortzeko itxaropenez

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

"Itxaropen bioartifiziala" izenburupean, transplanteetarako organoak eta ehunak sortzeko garapenen berri jaso dugu zenbaki honetako gai nagusian. Garapen-ildoetako batek zelula amak ditu ardatz, eta helburua argia da: pazientearen zelula amak erabilita, behar dituen organoak edo ehunak laborategian sortzea. Organoaren oinarrizko egituraren gainean zelula amak haziz sortzen dute organo funtzionala, dela egitura artifizial batetik abiatuta, dela emaile baten organotik abiatuta. Beste garapen-ildoa egitura artifizialen bidea ari da jorratzen, ahal den kasuetan, pieza sintetikoek bete dezaten galdutako organo edo atalaren funtzioa.

Esan gabe doa ikusgarriak bezain urriak direla teknika horiez baliatuta egindako transplanteak, eta, helburua argia izanagatik, bidea eta emaitza ez daudela hain garbi. Ikusgai dago zein izango den lan-ildo horien bideragarritasuna eta eskalagarritasuna, hala arlo teknikoan nola ekonomikoan ere. Izan ere, barruko orrietan kontatzen denez, organo bioartifizialen teknologia gai izan da trakea bat sortu eta arrakastaz transplantatzeko egun gutxiko epean, baina 350.000 euroko kostua izan du pazientearentzat.

Trakea bezala, bentrikulu mekanikoak, neurrira egindako titaniozko barailezurrak edo kolagenoz egindako kornea sintetikoak garatzea eta transplantatzea lortu da azken urte gutxian. Emaile baten zain ez egotea eta errefusa saihestea dira transplantearen ikuspegitik organo bioartifizialen abantaila handienak; ikerketa medikoen ikuspegi orokorragotik, helbururako ibilbidean gara litezkeen bestelako bide berri denak. Adibidez, organoak ez, baina galdutako funtzioak berreskuratzeko baliatu ahal izatea zelula amak geroz eta gehiago.

Litekeena da organo bioartifizialak eta zelula ama bidezko birsorkuntza-medikuntza ez izatea inoiz ohiko transplanteen ordezko, baina ez dute zertan. Bideragarri eta eskalagarri direla frogatuz gero, osagarri izatea bada aski aurrerabide.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila