Min eta plazer konplexuak

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Erraz ezagutzen diren sentsazioak dira mina eta plazera. Baina barru-barrukoak izanagatik, lanak izaten ditugu haiek zer diren hitzekin azaltzeko. Gu horretan saiatu gara zenbaki honetan, eta zientziaren izenekin eta adjektiboekin deskribatu nahi izan ditugu mina eta plazera.

Esan behar den lehenengo gauza da zientzialarientzat ere ez direla ulertzeko eta esplikatzeko errazak minaren eta plazeraren mekanismoak. Alde batetik, primitiboak dira oso, eta lotura hertsia dute organismoen biziraupenarekin. Minak babestu egiten gaitu, eta, plazerak, berriz, beharrak asetzera bultzatu. Funtzio oinarrizkoenen katean txertatuta daude, beraz, eta, ikuspegi ebolutibotik, zentzu osoa dute.

Biziraupen hutsetik haratago doaz, ordea, bai mina eta bai plazera. Min guztien truke ez dugu jasotzen babesa, eta bizirik irautearekin lotura zuzenik ez duten jokabide ugari izaten ditugu, plazer hutsagatik. Funtzioren bat betetzen badu artrosiak eragindako min kronikoak edo arte-lan bat begiratzearen plazerak, zientzialariek oraindik ez dakite zein den.

Hobeto dakite zein diren eta zein konplexuak diren minak eta plazerak garunean egiten dituzten zirkuituak, eta nola norberaren bizipenek zeresan handia duten minaren eta plazeraren sentipenean; baita kulturak ere. Izan ere, minen eta plazeren munduko elementu modulatzaile indartsua da kultura, eta ezin dira osorik ulertu hura gabe. Adibidez, kulturaren hitzekin baino ezin da esplikatu mina pairatu eta plazera ezabatzeko gizakiok batzuetan egin izan dugun hautu aldrebesa. Eta aldrebesa esanda, ez nuke nahi indartu eskutik heldutako minaren eta plazeraren irudia, baizik eta beste zerbait nabarmendu. Hain zuzen ere, kultura osasuntsuak behar dituztela bidelagun zientziaren izen eta adjektiboek, esplikatzeko eta ulertarazteko ez dagoela plazerik sufrimenduan; ez eta sufrimendurik plazerean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila