Labar-artea datuen argitara

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Duela 40.000 eta 10.000 urte artean Europan bizi izan ziren Homo sapiens ek arrasto aberatsa utzi zuten Ekainen, Santimamiñen, Altamiran, Lascaux-en eta beste hainbat kobatan. Zaldiak, errinozeroak, zezenak, hartzak, eskuak marraztu zituzten, multzo txikitan edo konposizio konplexuak osatuz, gainjarrita, koloreztatuak batzuk, silueta hutsak beste batzuk; pintzelekin, hatzarekin, putz eginez.

Arrastoak altxor txundigarri bilakatu dira haien ondorengoentzat (guretzat), eta 1879an lehen margoak aurkitu zirenez geroztik Altamiran, nork egin zituen eta zer esanahi zuten deskubritu nahi izan dugu. Esan gabe doa, garaian garaiko jakintzaren eta tekniken bidez, eta, garaian garaiko gizarte-ikuskerak bustita ikertu eta interpretatu dugu labar-artea. Eta halaxe egiten dute Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoek ere. Biek ala biek garbi dute datuak biltzea eta ezaugarri kuantifikagarriak aztertzea dela labar-artea eta haren sortzaileak ezagutu eta ulertzeko modurik onena; interpretazioa interpretazioaren lurraldera mugatuz.

Garate eta Rios-en esanean, datazio-tekniken eskutik gertatu den paradigma-aldaketa da datuetan oinarritzeko beharraren adierazle garbienetako bat. Karbono-14ren probak egiten hasi arte, labar-artearen ikuspegi gradualista izan zen nagusi: margo zabar era sinpleenek zaharrenak behar zuten izan; konplexu eta errealistenek, berriagoak, gizaki eta gizarte primitiboetatik sofistikatuagoetara "eboluzionatu" ahala. Datazioek, ordea, erakutsi dute ez dela izan halako bilakaerarik, eta margorik zaharrenak ere konplexuak zirela jada; hau da, hasieratik menderatzen zutela labar-artearen teknika gizaki haiek.

Dataziorako aukerarik gabe, estiloaren halako interpretazio eboluzionista batek zentzu osoa zuen darwinismoa sortu berria eta kolonialismoa pil-pilean ziren garaian. Kontua ez da erruak banatzea, arriskuaz jabetzea eta saihestea baizik, iragana ikertzen segitzeko jakintza lasta albait arinenarekin transmititzeko gure ondorengoei.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.