Kimikaren Nazioarteko Urtean gaude. UNESCOk eta IUPACek bultzatutako izendapena izan da, besteak beste, helburu hauxe lortzeko: kimika munduaren beharrei erantzuteko baliabide estimatua eta aintzat hartua izatea gizartean. Ez da nolanahiko helburua, ez baitira hauek kimikaren garai onenak, irudi publikoari erreparatzen badiogu behintzat.
Hain zuzen ere, kimikaren irudi publikoari buruz hitz egiten dute Donostiako Kimika Fakultateko hiru kimikarik zenbaki honetan. Eta, ñabardurak ñabardura, bat egiten dute hirurek kimikaren irudia txarra delako iritzian. Izan ere, kimiko adjektiboa peioratiboa da, eta toxikoaren, kaltegarriaren irudia du kimikak. Kimikak berak izan du zeresana horretan. Izan ere, materia eta ingurumena eraldatzeko gaitasun handia erdietsi dugu kimikaren bidez, baina baita kalte handia eragitekoa ere, ezjakintasunaren, istripuen, eta utzikeriaren ondorioz. Bestetik, produktu eta bizi-estilo jakin batzuen saltzaileek ederki asmatu dute hori esplotatzen, euren “kimikarik gabekoak” oposizioz posizionatzeko. Eta gizarte ezin “mediatizatuago” honetan, indar handiz errotu da kimikaren txartasuna.
Hala ere, irudi publikoa txarra izanagatik, praxian ez diogu uko egiten kimikari. Batzuetan, baliatzen ari garen horren muinean kimika dagoela jakinda, eta, gehienetan, pentsatu ere egin gabe. Dikotomia eta kontraesan horretan bizi gara: kimikatzat jotzen dugun kimika kritikatu, eta kimikatzat hartzen ez dugun kimika goraipatu.
Bizitzeko aukera bat da, hala nahi duenarentzat. Baina ez da gure aukera, eta ez da aldizkari honetatik bultzatu nahi duguna. Dikotomia hausteko erantzuna hezkuntzak emango duela nabarmentzen dute mahai-inguruan parte hartu duten adituek: “zientzia, zientzia eta zientzia”. Nik beste bat gehituko nuke: “kontzientzia, kontzientzia eta kontzientzia”.