Esan liteke Euskal Herriaren iragan teknologikoa, neurri handi batean, itsasoan loratu zela, ontzigintzarekin. Duela 500 urte gizakiek munduari lehenengo aldiz bira eman ziotenean, euskaldunen itsas teknologia izan zuten lagun. Ontzigintzak eta bidaia sonatu hark egindako ekarpen zientifiko eta teknologiko garrantzitsuenak aztertu ditugu, Elkano Fundazioarekin elkarlanean.
Ontzigintzak, mundua zabaltzeaz gain, gure paisaia zizelkatu ere egin zuen: zuhaitz lepatuak zabaldu ziren Euskal Herrian, egun gure paisaia tradizionalaren kuttuntzat jotzen ditugun horiek. Mende luzez basogintza jasangarria izan zen hura aztertu dugu. Eta oraingo basogintzari ere erreparatu diogu, gatazka-iturri gero eta handiagoa bihurtzen ari baita. Hemengo basoen egoeraz eta ustiaketaz hausnartu dute Arturo Elosegi Irurtia eta Aitziber Sarobe Egiguren ikertzaileek.
Basoen eta ekosistemen degradazioaren ondorioetako bat ere aztertu dugu: COVID-19a. Birologoek eta zoologoek argi dute jada basabizitzaren eta gure arteko elkarrekintzaren desorekan dagoela COVID-19 gaitzaren benetako sorrera. Eta kezka bat mahaigaineratu dute: animalia basatiak birusaren gordailu bihurtzeko arriskua.
Bestetik, Itziar Laka Mugarza hizkuntzalariari elkarrizketa egin diogu. Giza hizkuntzaren inguruan sortzen diren mito eta aurreiritziak irauli ditu, bere ohiko indarraz eta umoreaz, eta gizakion handiustea agerian utzi.
Amaitzeko, CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazioko sarien irabazleak ekarri ditugu zenbaki honetara. Pandemia gogoan, “Txertoa da ezagutza” leloa izan dute aurten. Nahia Seijas Garzónek (irabazleetako batek), saria eskuetan zuelarik, giza eskubidetzat jo zuen zientzia-aurrerakuntzak ulertzeko, haiei jarraitzeko eta haietan parte hartzeko informazioa eskura izatea gaur egun. Hitz horiek aintzat hartu, orria pasatu, eta murgil zaitez zientziaren itsasoan.
Elhuyarrek garatutako teknologia