Zuhaitz lepatuak, ontzigintzatik jasangarritasunera

Euskal Herriko baso-paisaia tradizionalaren ezinbesteko osagai dira zuhaitz lepatuak edo zuhaitz motzak. Balio kultural eta historikoa izateaz gain, XIII. mendetik —eta ia 600 urtez— garatzen eta fintzen joan zen baso-kudeaketa jasangarri baten lekuko ere badira. Beharrak eraginda, euskaldunak gai izan ziren ontzigintzaren eta garai hartako jarduera ekonomiko garrantzitsuenen egur-beharrak baso-mota bakarrean uztartzeko. Alvaro Aragón Ruano ikertzaileak uste du jasangarritasunerako giltzarria aurkitu zutela.

zuhaitz-lepatuak-ontzigintzatik-jasangarritasunera
Arg. Mikipons, Wikimedia

Egurra lortzeko behin eta berriz moztutako zuhaitzak dira zuhaitz lepatuak. Zuhaitzen enborra mantendu, eta adarrak ustiatzen zituzten, zuhaitz zahar baina etengabe emankorrak lortuta. “Mende haietan, interes asko zeuden basoaren inguruan. Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin ontzigintza punta-puntakoa zen, ia XVI. mendearen bukaera arte. Burdingintza, abeltzaintza eta nekazaritza ere jarduera ekonomiko garrantzitsuak ziren, eta denak zeuden egurrari oso lotuak. Nola orekatu guztien beharrak?”, dio Álvaro Aragón Ruano EHUko historialariak.

“Burdingintzan egur-ikatza behar zuten. Ontzigintzak, justu kontrakoa: batetik, zuhaitz luze eta zuzenak, oholak eskuratzeko; baina, batez ere, zurokerrak behar zituen itsasontziaren egitura bermatzeko, saihets biribilduak lortzeko. Eta abeltzaintzak ezkurrak behar zituen. Jarduera bakoitzarentzat baso-mota bat egokitu beharrean, denen beharrak aseko zituen baso jasangarri bat irudikatzea lortu zuten: baso lepatuak”, dio Aragónek.

Alvaro Aragón Ruano. Historian doktorea eta EHUko irakaslea.

Aurretik, bi baso-eredu guztiz desberdinak sortzen zituzten: zuhaitz tantaiak —zuhaitz luze eta zuzen-zuzenak, zuhaitzak elkarrengandik oso gertu landatuta lortzen zituztenak— eta txaradiak —zuhaitzak hondo-hondotik moztean sortzen diren adar fin ugariko zuhaitzak, 12-15 urtero ikatzetarako mozten zirenak—. Txaradiak zuhaitz lepatu bihurtzea izan zen gakoa. “Enborraren bizpahiru metroko altueran adar nagusia mozten zioten zuhaitzari, eta alboetako 2-3 adar uzten zizkioten, goraka hazi eta ontzigintzarako behar ziren zurokerrak sor zitezen. Haritzekin egiten zuten, batez ere. Haritzak 60-100 urte zituenean mozten zizkioten adar sendo haiek. Baina, bitartean, kimu berriak hazten ziren, eta adar horiek 8-10 urtetik behin mozten zituzten, burdingintzarako egur-ikatza lortzeko. Era berean, zuhaitz lepatuen ezkurrak ziren txerri, behi eta beste abereen elikaduraren oinarri”. Eredu silbopastorala zen.

Zuhaitz lepatuen eredua hainbeste findu zuten, ezen ontzigintzarako behar zituzten zuroker biribilduak eskuratzeko teknika berezi bat ere garatu baitzuten: adar nagusiak gidatu egiten zituzten, forma oker estandarizatuak jarraituz haz zitezen. “Hipotesi bat da sokak eta egurrak erabiltzen zituztela adarrak gidatzeko. Badirudi euskaldunak zirela zuhaitz lepatuak gidatzen zituzten bakarrak. Ipinabar deitzen zieten”, dio Aragónek.

Sokak eta egurrak erabiliz gidatzen zuten adar nagusien hazkuntza, eta, gero, txantiloiak erabilita mozten zituzten, ontziak egiteko behar ziren forma estandarizatuak eskuratzeko. Irudien egilea: Mikel Leoz /© ALBAOLA.

Ontzigintzak indarra galdu zuenean, gidatzeari utzi, eta zuhaitz lepatuak burdingintzarako eta ikatza egiteko erabiltzen jarraitu zuten. Haritzak lepatzetik pagoak lepatzera pasa ziren orduan, eta horiek dira gaur egun gure paisaian bizirauten duten pago motz zaharrak.

Mende luzez basoaren kudeaketa jasangarria egin zuten horrela euskaldunek. Egungo zuhaitz-landaketak ez bezala, zuhaitz lepatuak baso helduak ziren, eta, beraz, bioaniztasunaren gordeleku. Egungo pago motzetan ikusten da oraindik: zulo eta usteltze-gune ugari izaten dute, eta zulo bihurritu horiek bizileku eta habi toki ezin hobeak dira hegaztientzat. Askotan baliatzen dituzte garrapoak, amilotx urdinak edo kaskabeltzak. Berdin, basoko saguzarrek. Haien egur ustelaz elikatzen dira onddo eta intsektu saprofito asko. Eta, enbor eta adarretan, alga, liken, goroldio zein iratzeak finkatzen dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.