Heriotzaren bilakaera

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Heriotza ulertzeko modua ez da garai batekoa. Bizi-kalitatea irauli, eta bizialdia bera nabarmen luzatzea ahalbidetu diguten medikuntzaren aurrerapen handienekin batera, heriotzari bizkarra eman dion kultura gailendu da gurean. Erreminta tekniko gero eta hobeak eskuratu ditugu, baina galduz joan gara heriotza tratatzeko erreminta sozial eta emozionalak. Gai zail bati aurre egiteko gogoz, "Heriotzaz, taburik gabe" izenburua jarri diogu zenbaki honen erreportaje nagusiari.

Luis Miguel Querejeta auzitegi-medikuak eman digu bilakaeraren alderdi teknikoenaren berri. Harentzat, transplanteak izan dira heriotzaren kontzeptua azken urteetan gehien aldarazi dutenak. Izan ere, organoak transplanterako ahalik eta egoera onenean izateko, gorputzaren parametro fisiologikoak muga normalen barruan kontserbatu behar dira, pertsona hila den arren. Eskakizun horrek berariazko irizpide tekniko, etiko eta legalak erantsi dizkio heriotza-prozesuari, baita zailtasunak ere batzuetan. Eta, esan beharrik ez dago, bizitzen segitzeko aukera eman dio milaka pertsonari.

Tabuaren bilakaerari ere medikuaren lanbidetik begiratu diogu, bizitzen ez ezik, hiltzen ere laguntzen baitute medikuek. Heriotza ukatuz bizitzearen ondorioak oso agerikoak dira, gainera, ospitaleetan: ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzea, heriotzaz hitz egin nahi ez izatea, ez sendagilearekin, ez gaixoarekin berarekin, etxean beharrean ingurune arrotzean hiltzea... "gaixoari bere agurra prestatzeko aukera ere kentzen ari gara", dio Felix Zubia medikuak, gauzak onera aldatzen hasiak direla ere uste duen arren.

Gogorra izanagatik, agurraren aukera izateak berak zenbat balio duen jabetzeak katalizatuko du, beharbada, tabua desegitea. Edo heriotza ulertzeko modua berriz aldatzeak. Richard Dawkinsen Unweaving the Rainbow liburuaren lehen lerroak ez dira abiapuntu txar bat: "Hil egingo gara, eta zorionekoak gara horregatik. (...) Arabiako hondar-aleak baino gehiago dira nire ordez hemen egon zitezkeen baina egunaren argia inoiz ikusiko ez duten pertsonak (...) Gure DNAk sor dezakeen balizko pertsona-kopurua benetan existitzen den pertsona-kopurua baino ikaragarri handiagoa delako dakigu hori. (...) Eta aukerak hain urriak izanagatik, zu eta ni gara, gure arruntasunean, hemen gaudenak".

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila