Hazien zaindariez

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Ikusgarriena, mediatikoena, Munduko Hazien Ganbera da, seguru aski. Norvegiako Svalbard uharteetan dago, Ipar poloan ia, eta mundu osoko laborantza-haziak jaso eta gordetzen dituzte bertan. Hango hotza eta bakartasuna aproposak dira haziak kontserbatzeko, eta funtsezkoa da hori, gainerako biltegien segurtasun-kopia gisa funtzionatzen baitu. 830.000 laginetik gora bildu dituzte gaurgero uharteko permafrostaren azpian, eta 4,5 milioi barietaterentzat dute tokia.

Laborantzarako barietateak ez ezik, basaespezieak ere jasotzen dira munduko hazien bankuetan. Horrela, landare-biodibertsitatea gordetzen da, batetik, eta giza elikadurarentzat oinarrizkoak diren laboreen aniztasuna bermatzen da, bestetik. Izan ere, gizakiok labore eta barietate gutxi batzuetan oinarritzen dugu elikagai-horniduraren zati handi bat; barietate horiek bakarrik izango bagenitu, ikaragarri zaurgarriak izango ginateke gaixotasun eta izurrien aurrean. Horregatik, hazien bankuek oso funtzio praktikoa betetzen dute, aniztasuna gordeta laboreak hobetzeko bide batira.

Zenbaki honetan, gordailu horietako batzuetara gerturatu gara (bertakoak zein urrunekoak, handiak eta txikiak), hazien zaindariak ezagutzera eta nola lan egiten duten ikustera. Joseba Garmendiak, Andreas Ebertek, Jose Ignacio Ruiz de Galarretak eta Luigi Guarinok gidatu gaituzte XXI. mendeko biltegietan zehar.

Haiekin batera, bosgarren zaindari bat ere ekarri dugu barruko orrietara: Nikolai Vavilov errusiar aitzindaria. XX. mendearen hasieran, garaiko hazi-bilduma handiena bildu zuen, hogei urtez Europan, Asian, Afrikan eta Amerikan bidaiatu ondoren. Nekazaritzan erabiltzen diren landare guztien basasenideak topatu nahi zituen, eta gosea amaitzea zuen amets. Ametsa amesgaizto bihurtu zuten, ordea, Stalinen erregimenak eta Bigarren Mundu Gerrak. Hazien garrantzia estrategikoaren adierazle tragiko bat izan zen Vaviloven historia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila