Eraikuntza jasangarria, eredugarria eta hedagarria

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Europar Batasunak 20-20-20 helburua jarri dio bere buruari 2020rako: energia-kontsumoa % 20 murriztea, berotegi-efektuko gasen isurketa % 20 murriztea, eta energia berriztagarriak guztizkoaren % 20raino handitzea. Eta helburu hori betetzeko lerroetako bat eraikuntza eta eraikinak dira. Izan ere, 2010ean argitaratutako direktibaren arabera, ia energia zerokoak izan beharko dute eraikin berriek ordurako. Hau da, eraikinak bera gai izan behar du kontsumitzen duen energia ia guztia sortzeko, energia berriztagarriak erabiliz.

Xede eta filosofia hori du Orona Ideo berrikuntza-hiriko eraikin nagusiak: Orona Zero ikusgarriak. Hain zuzen ere, bera da zenbaki honetako erreportaje nagusiaren protagonistetako bat, haren arkitekto Xabier Barrutietaren eskutik. Jasangarritasun- ziurtagiri nagusien maila gorena eskuratu duen Europako lehen eraikin-multzoa da Orona Ideo, eta ikur bat da dagoeneko.

20-20-20 helburua bete nahi izatera, ordea, eraikin ikurrez harago hedatu behar da eraikuntza jasangarria; besteak beste, etxebizitza arruntetara. Eta arlo horretan, zero energia utopiaren eremuan dago oraindik, Iñigo Lizundia EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakaslearen esanean. Eraginkortasun energetikoari erreparatuz gero, onenean, maila gorenetik urrun daude eraikin berriak, eta oso urrun zaharrak.

Zerora bidean: Eraikuntza jasangarria” erreportajean, eraikin eredugarriak eta arruntak uztartzeko gakoak jorratu dituzte bi arkitektoek: hirigintza klasikoa vs eraginkortasun energetikoa aintzat hartuko duen hirigintza, ondo zaharberritzearen garrantzia vs ondo zaharberritzeko ahalmen ekonomikoa, legearen eskakizunak vs errealitatearen mugak... Zerorako bidea ikurrak buruan eta oinak lurrean egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila