Antza denez, jasangarria izatea da gakoa, baita hirigintzan ere. Zaila dirudi, eta, gainera, hainbatek ez dute argi zer esan nahi duen hirigintza jasangarriak. Baina kontzeptua dagoeneko ez da hain berria, ezta gauzatzeko asmoa ere. Nazio Batuek kongresu bat egin zuten 1996an hiriak eta bizilekuak aztertzeko, eta han sortu zuten Habitat II programaren ezinbesteko oinarrietako bat jasangarritasuna da.
Europako Batasuneko hirien garapen jasangarrirako jarduera-esparrua azaltzen duen dokumentua, berriz, 1999koa da, eta, hemen ere, hirigintza jasangarria bidea egiten ari da. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Hirien plangintzan aplikatu beharreko jasangarritasun-irizpideak izeneko dokumentua argitaratu zuen 2003an.
Dokumentuaren sarreran aitortzen denez, lehen hirigintza arkitekturarekin eta ingeniaritzarekin lotzen zen batik bat, eta jasangarritasunaz natura-zientzien arlokoak arduratzen ziren. Gero, jasangarritasunaren kontzeptua hirigintzan txertatzen hasi zenean ere, nahiko era murritzean aplikatu zen, ingurumenarekin erlazionatutako alderdietara mugatu baitzen (zarata, ur-arazketa, energia, hondakinak...).
Gaur egun, ordea, hirigintza eta jasangarria hitzak elkarren ondoan agertzen dira. Oraindik goiz da jakiteko hirigintza jasangarria asmo hutsean geratuko ote den edo errealitate bihurtuko den, baina politikariek horren alde egin dute, teorian behinik behin.
Teoriatik praktikara pasatzeko, pauso asko eman behar dira. Esate baterako, ezinbestekoa da herritarren parte- hartzea aintzat hartzea, eta halaxe onartzen du Ingurumen Sailak aipatutako dokumentuan. Haien esanean, Tokiko Agenda 21 eta horren antzeko prozesuak elementu garrantzitsuak dira jasangarritasun-irizpideak hirigintzan txertatzeko.
Begi-bistakoa da gero eta jende gehiago bizi dela hirietan, ez Euskal Herrian bakarrik, mundu osoan baizik. Hori gutxi ez, eta hiriak hedatzen ari dira, inguruko lurrak ere haien erabileretarako baitira, neurri batean.
Hemen, gainera, hirien itxura aldatzen ari da, eta gero eta lur gehiago hartzen dute. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, populazioa asko hazi zen, eta, horrekin batera, hiriak ere azkar eta kontrol gehiegirik gabe hazi ziren. Auzo berri asko sortu ziren, eta gehienak trinkoak ziren. 1990eko hamarkadatik aurrera, berriz, populazioaren hazkundea gelditu egin da, baina ez lurzoruaren kontsumoa. Auzo trinkoen ordez, biztanle-dentsitate txikia duten urbanizazio sakabanatuak egiteko joera zabaldu da, baita orografiak lekua mugatzen duen tokietan ere.
Hori guztia aintzat hartuta, hirigintzarako jasangarritasun-irizpideen Eusko Jaurlaritzaren dokumentuan ere hauxe da lehen irizpidea hirigintzako plangintza bati ekitean: "hiriaren aztarna ekologikoa zein den ebaluatzea, aztergai den hiria dagoen lurraldearen karga-ahalmena kalkulatzea eta erabilita dauden hiriko lurrak berriro erabiltzeko aukera aztertzea, erabili gabeko lurzoruetan kargak ezarri aurretik".
Irizpide hori dokumentuaren hasiera aldean azaltzen da, eta ondorioetan ere lehen lekuan agertzen da. Baina ondoren datozenek ez dute interes eta garrantzi gutxiago. Batzuk lurrarekin eta naturarekin lotuta daude; esate baterako, hasierako ekosistema naturala errespetatu eta balio ekologiko handiena duten inguruak babestu behar direla azaltzen da.
Berria ez den arren, ezinbesteko irizpidea da. Hori bezain beharrezkoa da, baina agian ez hain entzuna, kokalekuaren potentziala (klima, orografia...) kapitalizatzea. Helburua hiri erosoa lortzea da, ahalik eta energia gutxien kontsumituta eta ahalik eta inpaktu txikiena eraginda.
Hiria organismo bizitzat hartzea eta hiriaren metabolismoaz hitz egitea ere oraindik arraroa da zenbaitentzat. Bada, beste irizpideetako batean, hiri-metabolismoaren funtzionamendua eta inguruko kondizioak sakon aztertzea aipatzen da, plangintzarako oinarri izan daitezen.
Horrekin batera, espazio berdeen sarea diseinatzea da beste irizpide bat. Sare horrek maila guztietako elementuak hartuko lituzke bere baitan, bai hiri barruko gune naturalak bai inguruko gune babestuak. Hartara, sistema naturalak zatituta edota baztertuta geratzea saihesten da. Asmoa natura hirian integratzea da.
Beste irizpide batzuk hiriko ekipamenduei, zerbitzuei, espazio publikoei eta halakoei buruzkoak dira. Adibidez, dokumentuan azaltzen dute ekipamenduak eta zerbitzuak era orekatuan banatu behar direla, distantzia motzeko hiria lortzeko.
Elkarbizitza errazteko, berriz, espazio publikoen sistema eratzea gomendatzen dute, eta baztertutako auzorik ez sortzeko, gune guztien berrikuntzak integratua izan behar duela ere aipatzen dute. Azken batean, hiriguneen arteko oreka lortzea da helburua.
Horrek zuzenean eragiten dio mugikortasunari, distantziak txikiak direnean eta zerbitzuak hurbil daudenean batetik bestera oinez edo bizikletaz joateko aukera baitago, eta, hartara, zirkulazioa ez da areagotzen. Baina hori ez da nahikoa mugikortasun-arazoak konpontzeko, eta garraio kolektiboa erabiltzeko aukera lehenestea da beste irizpide bat.
Edonola ere, aipatutako dokumentuak dagoeneko baditu urte batzuk. Bestalde, ideietako batzuk lehenagotik ere beharrezkotzat jotzen ziren, eta, neurri batean edo bestean, gauzatzen ere hasiak ziren hainbat lekutan. Horrez gain, azken urteotan Europako Batasunak arlo horretan atera dituen araudiak eta legeak bide beretik doaz eta administrazioen erabakietan eragiten dute.
Hala, dena goizetik gauera aldatzea zaila bada ere, batzuek pauso handiak eman dituzte norabide horretan. Adibidez, aipatzekoa da Iruñerriko hiri-hondakinen kudeaketarako programa. Programa hori 1986an jarri zen martxan, eta oraindik ere eredu da. Espainiako estatuan eta Euskal Herrian lehena izan zen berrerabiltzeko eta birziklatzeko printzipioak era integralean aplikatzen. Gizarteak parte hartzea lortu zuten, eta emaitza ikusgarriak izan zituzten.
Programak aurrera egin du, eta sari eta aipamen ugari jaso ditu, batzuk nazioartekoak. Gainera, beste udalerri batzuetan ere aplikatu da, lekura egokituta, bai Nafarroan bai kanpoan (Madril, Bartzelona, Kordoba...), teorikoki koherentea eta, aldi berean, praktikoa dela frogatu baita.
Nafarroan bertan, aipatzekoa da Sarrigurenen ekohiria egiteko asmoa dutela. Sarriguren Iruñetik gertuko landa-eremuan dago, eta gaur egun 10 biztanle ditu. Leku horretan, prezio mugatuko 4.200 etxebizitzako hiri eredugarri bat sortu nahi dute, eta plana Nazio Batuen hiri jasangarrien Habitat II programaren barruan dago.
Horiek Nafarroako bi adibide dira. Bata aspalditik dago martxan; bestea proiektu-fasean dago oraindik, baina biak eredu dira, eta halaxe aitortu dute, besteak beste, Nazio Batuen Habitat II programan. Programan, Euskal Herriko beste hiri batzuk ere agertzen dira, esaterako, Gasteizko gerriko berdea, Barakaldoren eraberritzea...
Aipamen horiez gain, sari orokorragoak ere jaso ditu lurraldeak; esaterako, Europako Hirigileen Kontseiluak EAEren lurralde-antolamenduaren plana saritu du, eta Debabarreneko plan partzialak ere aipamen berezia jaso du. Sariak 2006ko Euskal Hiria kongresuan banatu ziren; hain zuzen, Europako Hirigileen Kontseiluko Jan Vogelij lehendakariaren eskutik jaso zituen EAEko Ingurumen Saileko Esther Larrañaga sailburuak.
Euskal Hiria kongresuan hizlari aritu zen Simin Davoudi adituak ere EAEko plana zoriondu zuen. Davoudi Newcastleko Unibertsitateko ikertzailea da, eta hirigintza-gaietako aholkulari da britainiar gobernuan eta Europako Batasunean. Eta, hain juxtu, haren hitzaldiaren muina hiri-eskualde polizentrikoa izan zen. Eredu hori nolakoa zen azaldu zuen, zein ezaugarri zituen zehaztu, eta hainbat adibide eman zituen.
Bi hitzetan azalduta, hiri-eskualde polizentrikoetan hiru hiri nagusi edo gehiago daude, ez dago harreman hierarkikorik elkarren artean, bata bestearekiko hurbil samar daude, eta funtzionalki osagarriak dira. Adibide klasikoa Herbehereetako Randstad da.
Nonbait, EAEk ere badu ezaugarri hori, edo, behintzat, hori bilatzen du Eusko Jaurlaritzak Lurralde Antolamendurako Artezpideen bitartez. Hala eta guztiz ere, kongresuan dena ez ziren sariak eta hitzaldi baikorrak izan; kritikak ere egon ziren. Eztabaida handiena abiadura handiko trenak eta trenbide berriak sortu zuten.
Hain juxtu, EAEko Lurralde Antolamendurako Artezpideen diagnostikoa egin duten adituak bildu zituzten kongresuaren mahai-inguruan: Xabier Unzurrunzaga, Jose Allende, Eugenio Ruiz Urrestarazu, Arantxa Rodríguez eta Santiago Peñalba. Bostak garraio kolektiboaren eta, bereziki, trenaren aldekoak badira ere, bat etorri ziren honetan: ez da eztabaida publikorik egon abiadura handiko trenaren eta trenbidearen gainean. Eta hori ez zaie egokia iruditzen.
Areago, Allendek, Rodriguezek eta Peñalbak uste dute tren horrek Bilbo, Donostia eta Gasteiz indartuko dituela, eta tarteko hiri eta herriak baztertu. Hortaz, eredu polizentrikoaren aurkakotzat jotzen dute. Baina ez dira proiektu hori begi onez ikusten ez duten bakarrak; gizartean ere zenbait talde sortu dira horren aurka.
Dena dela, Eusko Jaurlaritzako buruek euskal Y-a babesten dute, eta onurak --sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak-- kalteak baino askoz ere handiagoak izango direlakoan daude. Eraikitzeko lanak hasi dira; ikusiko dugu nora garamatzan tren horrek.