Nekazaritzako elikagaien ESEPEak nekazaritzako elikagaien kate osoa garatzea eta, horretarako, prozesuak digitalizatu eta ezagutza eta berrikuntza txertatzea du helburu. Xede orokor horretaz gain, hiru helburu estrategiko proposatzen ditu: 1) lehiakortasuna, 2) jasangarritasuna eta 3) trazabilitatea eta segurtasuna. Zeharkako laugarren helburua erronka demografikoa deiturikoa da. 2022ko otsailean onetsitako ESEPEak 1.002,91 milioi euroko inbertsio publikoa jaso zuen, hiru jarduera-ildotan banatuta: 1) Nekazaritzako elikagaien sektorearen industria indartzeko 400 M €, eta prozesuak automatizatzeko eta digitalizatzeko izango da (datuak, logistika, makineria modernizatzea, material berriztagarriekin ordeztea...); 2) Nekazaritzako elikagaien sektorea digitalizatzeko 454,35 M €, eta bertan Kit Digitala izenekoa da nabarmentzekoa (guztizko finantziazioaren % 27 dagokio); eta 3) Nekazaritzako elikagaien arloko ikerkuntza 148,56 M €, Nekazaritzako Elikagaien I+G+B eta Itsas Zientzietako I+G+B programetarako.
ESEPE honen arduradunak dira Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, Ekonomia eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioa eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa. ESEPEa garatzeko gobernantza-ereduak bi maila ditu; alde batetik, ministerio artekoa, eta, bestetik, lankidetza publiko-pribatuak (LPP).
Helburuak, datuak eta exekuzio-bideak ikuspegi ekofeminista batetik aztertuta, sei elementu nagusi azpimarratu behar dira: 1) Ekoizpen-eredu produktibistan sakontzen da —zeina teknologien eta materialen mende baitago—, elikagaien ekoizpen-ereduaren muga ekosozialak eta haren eraginak eta inplikazioak zalantzan jarri gabe; 2) Elikagaien industria digital eta robotizatuarentzako finantziazioa da, eta ez nekazaritza- eta elikadura-sektore jasangarriago eta erresilienteagorako; 3) Nekazaririk gabeko nekazaritza bilatzen da, 4.0 nekazaritzarekin: blockchain teknologia, gauzen Interneta, adimen artifiziala, doitasunezko nekazaritza eta abeltzaintza. Ildo honek Euskal Herrian dagoeneko ikusten ditugun hainbat megaproiektu agroindustrial eta azpiegitura digitalizaturekin bat egiten du, eta sustatu egiten ditu; 4) Narratibak krisi sistemikoa negozio-aukerekin eta aukera-berdintasuneko mezu batekin lotzen du; eta sinistarazi nahi du hazkundea bateragarria dela klima-aldaketaren aurkako borrokarekin, energiaren eta materialen kudeaketa jasangarriarekin, erronka demografikoarekin edo belaunaldi-erreleboarekin, bai eta gazteentzat eta emakumeentzat kalitatezko enplegua sortzearekin ere, besteak beste. 5) Gobernantza-ereduak zaildu egiten du gardentasuna, parte-hartzea eta kontrol-mekanismoak egotea, eta baztertu egiten ditu aliantza publiko-publikoak edota publiko-komunitarioak; eta 6) Elikagaien kontsumoa eta lurraldea errotik deslotzen ditu.
Ikuspegi ekofeminista batetik premiazkoa da eztabaidaren gakoak azaltzea. Izan ere, sakoneko arazoei heltzeko, ezinbestekoa da prozesu sozio-ekonomikoak birkokatzea, horretarako elikadura-sistema birlokalizatuz eta merkaturatze-kateak laburtuz. Proposamen publikoak planetaren mugetara egokitu eta funtsezko lanak eta beharrak berrantolatzeko garaia da, nekazarien lana eta elikaduraren balioa handitzeko, eta ekoizpen- eta elikadura-eredu kaltegarriak eta beharrezkoak ez direnak murrizteko. Gako horietatik abiatuta, trantsizio ekofeministek bide emankorra dute egiteko; baina nekazaritzako elikagaien ESEPEa beste atzerapauso ilun bat da nekazaritzarako eta, oro har, elikadura-sistema jasangarri eta osasuntsu bat demokratizatzeko eta elkar zaintzeko bidean.