Ikerketa eta berrikuntza arduratsua

Rosina Malagrida

IrsiCaixako Osasunaren arloko Living Lab-aren arduraduna

Andoni Eizagirre

Mondragon Unibertsitateko ikertzailea

Zientzia Irekiaren eta RRIaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Elhuyarrek udazken honetan, eta han izandako bi ikertzaileren hausnarketak jaso ditugu. Zientzia ulertzeko modu honetan aurrera egiteko beharrezkoak diren urratsak identifikatu dituzte.

ikerketa-eta-berrikuntza-arduratsua
Arg. Pixabay

Zientziaren eragin soziala hobetzeko lehen urratsak

Rosina Malagrida

IrsiCaixako Osasunaren arloko Living Lab-aren arduraduna

Guztiok ohartu gara Europan ez garela gai aurrerapen zientifikoetatik berrikuntzak lortzeko, eta “paradoxa europarra” bizi dugula esaten dugu. Arazo larri horri erantzuteko, hainbat ekimen politiko jarri dituzte martxan Europako estatu kideek, bai eta EBk ere; baina haien lehentasunak ez datoz bat.

EBk bultzatu zuen politika horietako bati hasieran Ikerketa  eta Berrikuntza Arduratsua (RRI) deitu zioten, eta, gero, Zientzia Irekia eta Berrikuntza Irekia kontzeptuarekin lotu zuten. Ekimen horiek sustatzen dituzten neurrietako bat da ikerketaren eta berrikuntzaren arloko erabakiak hartzeko erantzukizuna partekatzea eragile sozialen multzo zabal batekin. Eragile horiek identifikatzean, kontuan izan behar dira hainbat jakintza-arlotako zientzialariak, politikak erabakitzen dituzten agenteak eta gizarte zibileko erakundeen eta hezkuntza-komunitatearen zein industriaren ordezkariak. Zenbait esperientziatan egiaztatu da mota honetako elkarrizketetan denbora gehiago emateak hobekuntzak ekar ditzakeela ikerketaren eta berrikuntzaren gobernantzan, eta horrek haien eragin soziala hobetzen eta gure paradoxa ebazten lagundu dezakeela.

Urriaren 10ean eta 17an, atsegin handiz hartu nuen parte Zientzia Irekiaren eta RRIaren inguruan Elhuyarren eskutik eta Zientziakide* proiektuaren barruan egindako bi hausnarketa-saiotan. Parte-hartzaileak bat etorri ziren aldaketa eraldatzaile horretarako bidean aurrera egin behar dugulako ideiarekin, eta gomendio-zerrenda bat egin zuten. Gainera, laster helaraziko diote zerrenda Eusko Jaurlaritzari. Gomendioak oraindik adosten ari dira, baina, besteak beste, nabarmenduko nituzke ikertzaileak ebaluatzeko modua aldatzeko proposamena, eta gizarte-erronketara bideratutako I+G+Bko proiektuak finantzatu beharra, lan sistemikoagoa eta konpartimentuetan ez hain banatua bultzatzeko. Hasi besterik ez da egin ikertzeko moduaren paradigma aldatzeko prozesua.

 

 Zer da zientzia eta zientzialari arduratsua izatea?

Andoni Eizagirre Eizagirre

Mondragon Unibertsitateko ikertzailea

Pentsa dezagun dementzietan eta, zehazki, alzheimerrean. Edo elektromugikortasun jasangarrian, elikaduran, itsas ingurunea babestean eta gure beste erronka konplexu askotan. Irudika ditzagun edizio genetikoa eta garuna manipulatzeko nanotxipak. Ezagutza eta berrikuntza sustatzeko, gero eta ohikoagoa da eragileak, ikuspuntuak eta auziak integratzeko erantzukizuna. Izan ere, ezinbestekoa da ezagutzen arteko lankidetza, ikuspuntuekiko begirunea eta erantzukidetasuna sustatzea; ezinbestekoa da etorkizunak —desiratuak, kaltegarriak, bazterrean utziak— aurretiaz irudikatzea, ikerketa, garapena eta berrikuntza modu arduratsuan egin nahi bada.

Zientziaren betiko helburu eta idealetako bat izan da arduraz jokatzea, noski. Baina, denborarekin, aldatzen ari dira zientzia eta zientzialari arduratsua izatea zer den ulertzeko moduak. Zientziakide* proiektuaren tailerretan egiaztatu dugu zientzialariek ikuspuntu ugari dituztela ardurari buruz; askatasun zientifikoa, ikerketarako motibazioa, erantzukizuna ulertzeko moduak ez dira unibokoak. Guztiarekin ere, partaideek aukerakotzat balioetsi dute RRIa (Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsua) desafio handiei erantzuteko, oro har.

Nolanahi ere, tailerretan berretsi denez, RRIren -eta antzeko ikuspegien- ibilbidea hainbat osagairen menpekoa da:
nolako tokia eta pisua duten ikerketa- eta berrikuntza-politiken lehentasunetan (programa estrategikoak, finantzazio-lerroak, ebaluazio-sistemak, pizgarriak); zer nolako formazioa eta trebakuntza jasotzen dugun zientzia-hezkuntzan eta ikerketa ibilbidean; zientzia bera eta zientziak gizartearekin dituen harremanak nola ulertzen ditugun; ikerketaren faseetan (gaiaren definizioa, proiektuaren diseinua eta exekuzioa, inplementazioa), zer intentsitate, kalitate eta dentsitaterekin esperimentatzen ditugun elkarlaneko prozedurak, metodoak eta egiteko moduak. Horien konbinazioak argitzen du zeri deritzogun modu arduratsuan ikertzea.

 

*Erakunde hauekin lankidetzan egin da Zientziakide proiektua: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) eta Espainiako Gobernuaren Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group