Ibilgailu elektrikoa abiadura motelean

Urretxo de la Fuente, Leire

Ingeniari elektronikoa. Automozioko irakaslea Lanbide Heziketan

ibilgailu-elektrikoa-abiadura-motelean
Arg. Milos Muller/Shutterstock

Badira urte batzuk ibilgailu elektrikoen presentzia gure hiri, herri zein errepideetan nabarmena izatea espero genuela. Hainbatek sinetsi ge­nuen edo, agian, sinetsarazi nahi izan ziguten ibilgailu elektrikoak orain arteko ibilgailu-parkea ordezkatuko zuela; alegia, desagertu egingo zirela konbustio motorra duten eta ingurumena hainbeste kutsatzen duten ibilgailuak, bai gasolina bai diesel erregaia darabiltenak. Gaur egungo errealitatea, ordea, oso bestelakoa da.

Badirudi, hala ere, automobilgintzako enpresa handiak ibilgailu elektrikoen fabrikazio eta mer­katuratzea areagotzen ari direla, baina ez orain dela urte batzuk espero zen abiaduran. Ibilgailu elektrikoen salmenta ere, poliki bada ere, handitzen ari da. Martxoko salmenta-datuei erreparatzen ba­diegu, adibidez, ACEAren arabera (European Automobile Manufacturers’ Association), saldu di­ren autoen % 24,3 hibridoak izan dira, eta % 13,9, elek­trikoak.  

Krisialdi klimatikoa eta azken krisialdi energetikoa direla eta, zenbait herrialdek iragarri dute asmo irmoa dutela erregai fosilak erabiltzen dituzten konbustio-ibilgailuak epe oso laburrean merkatutik kentzeko. Erresuma Batuak, adibidez, 2030a du helburu hori lortzeko epemuga. 

Asmo eta iragarpen horren aurrean, une honetako errealitatean ez da konbustio-ibilgailuen ordezko argirik ikusten. Kotxe elektrikoen teknologiari dagokionez, fabrikazio-kostuak direla, motor elektrikoak zein bateriak fabrikatzeko behar diren lehengaien urritasuna, autonomia txikia eta ibilgailuak kargatzeko azpiegituren falta direla eta, zaila ikusten da ibilgailu horiek guztiz ordeztea erregai fosilak darabiltzaten konbustio-motordunak. 

Izan ere, une honetan, auto elektrikoak oso garestiak dira, eta, erabileraren ikuspegitik, haien aldeko hautua egiten duten erabiltzaileek hainbat arazo izango dituzte. Batetik, merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen batez besteko autonomia 250-300 kilometrokoa da. Bestetik, karga-azpiegiturei erreparatzen badiegu, etxeetan dugun elikatze-iturri arruntean konektaturik, bateriak 10 ordu inguru behar ditu kargatzeko, eta, kontrataturik dugun ohiko potentzia batekin, beste inolako kontsumo-gailurik konektaturik ez badugu, erabiltzaile askorentzat arazo handia da hori. Beraz, auto berri bat erosteak eskatzen duen esfortzu ekonomikoaz gain, kontuan hartu behar dira autonomia faltaren eta karga-punturik ezaren eragozpen horiek.

Egoera hori konpontzeko asmoarekin, Europar Batasuneko herrialde gehienetan inbertsio handiak egiten ari dira ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituretan, baina une honetan ez lirateke inolaz ere nahikoak izango gaur egun errepidetan ditugun milioika ibilgailuak elektrikoak balira.

Bestalde, kontuan harturik honek guztiak ingu­rumenaren babesa sustatzea eta kutsadura-mailak jaistea dituela oinarrizko helburu, badira zenbait zalantza ibilgailu elektrikoen karbono-aztarnaren inguruan, eta baterien berrerabileraren eta birziklapenaren ikerkuntzan bide luzea dago egiteko oraindik.

Beraz, ausartuko nintzateke esatera ez dugula ikusiko ibilgailu elektrikoen etorrera masiborik, gaur egun diesel eta gasolina bidezko ibilgailuak ordezteko asmoa badagoela dirudien arren. Ez da aldaketa azkarra izango, eta beste zenbait teknologiatan —hidrogeno-pila, erregai sinte­ti­koak…— aurrerapauso nabarmenak eman beharko dituzte automozio-arloko industriek, gaur egun duten indar ekonomikoa mantendu nahi badute behintzat.

Dena dela, agian ez genuke ahaztu behar tek­nologiaren garapen horiek guztiak etorri etorriko direla, betiere gobernuen eta botere ekonomiko handia duten enpresen interesen arabera. Guri, erabiltzaile arruntoi, dagokigunez, gure ingurua babestu eta gutxiago kutsatzea nahi badugu, eraginkorragoa izango litzaiguke agian gizarte-antolamenduan, kontsumo-ohituretan eta mugikortasun-ereduetan gure kabuz aldaketak egiten hasiko bagina.

-> Abiadura handiko trena trantsizio ekologikoan

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila