Giza populazioek aldakortasun morfologiko handia dute --bai populazio barruan, bai populazioen artean--, iragan ebolutibo luzea, ondare genetikoa eta ingurunerako egokitzapenak direla eta. Biki monozigotikoak alde batera utzita, ez daude bi pertsona berdin; hala ere, antzekotasun morfologikoak ohikoak dira familia bereko norbanakoen artean eta herri berekoen artean, norbanako horiek ondare genetiko bera edo antzeko bizimodua baitute, edo biak. Giza morfologia oso berezia da; bi hanken gainean zutik etengabe egoteko gaitasuna (bipedalismoa) duen animalia bakarra gara, garezur handia daukagu gorputzaren tamaina osoarekin alderatuta, aurpegi lau samarra geratu zaigu aurpegiko hezurra txikiagotu zaigun heinean, eta sudurra gizakiari bakarrik dagokion bereizgarritzat jo daiteke.
Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasun morfologikoak (sexu-dimorfismoa) pubertarotik aurrera agertzen dira, eta, etapa hori iritsi baino lehen, fenotipoak nahiko antzekoak dira mutikoen eta neskatoen artean, bigarren mailako sexu-karaktereak albo batera utzita. Nerabezaroan aurrera egin ahala, androgenoen eraginez, gizonezkoetan gantzak murriztu egiten dira eta muskulu-ehuna garatu egiten da, lepoa eta sorbalda zabaltzeraino --toraxaren goialdeko hezurra hazteak ere eragina du horretan--. Emakumezkoetan, aldiz, ehun adiposoa izterretara eta aldaketara joaten da, eta, horren ondorioz, emakumezkoaren gorpuzkerak biribilgune handiagoak eta aldaka zabalagoak ditu. Emakumezkoaren gantz-ereduan (ginoidea edo "udare"-forma), gorputzaren beheko atalean, gluteoetan, izterretan eta, oro har, gorputz-adarretan gelditzen da gantza normalean. Hori izaten da ugalketa-garaiko eredua, eta aldatu egiten da bizitzako bosgarren hamarkada aldera, behera egiten baitute estrogeno-mailek eta abdomeneko gantz-zeluletako jarduera lipolitikoak; horren ondorioz, gantz-banaketa aldatu egiten da, eta ginoide-eredutik tarteko eredu batera pasatzen da, menopausiako androide-eredura ("sagar"-forma) iritsi arte.
Giza gorputza gurtu egin izan da (eta egiten da) kultura gehienetan, eta haren irudikapenak historiako parte izan dira beti (pinturak, eskulturak eta, berrikiago, argazkiak). Historiaurrean egindako giza gorputzaren irudikapen eskematikoak ere ageri dira labar-pinturetan. Deigarria da Paleolitoko Venusen eskultura-maila, gorputz lodiak, sabel mardulak eta bular ikaragarriak erakusten dituena; morfologia hori ugalkortasunaren eta taldearen biziraupenaren adierazletzat jo izan da maiz.
Gure espeziea biologiaren, kulturaren eta gizarteko bizimoduaren emaitza da, eta gai izan da bere morfologia aldatzeko (genetikak jarritako mugen barruan betiere) eta, gainera, dohain etiko eta estetikoez hornitu du denbora eta espazioa kontuan hartuta. Edertasun-arau deritzenetan ikusten da hori; mendebaldeko ikuspuntutik, mundu klasikoan, Erdi Aroan eta Errenazimentuan izan dute itzal handiena. Emetasuna eta artasuna hainbat aldi, aro eta estilotan irudikatu da, eta gorputzaren forma eta edertasunaren arteko lotura bi sexuekiko egin da, baina, agian, maizago emakumezkoarekiko, arrazoi kulturalak, sozialak, ekonomikoak eta erlijiosoak direla eta (ezin dugu ahaztu gizarte gehienetan gizonezkoaren nagusitasunean eta boterean sinesten dela).
Mendebaldeko gizartean, ugaritu egin dira gorputza eraldatzeko jarduerak, eta jende askok gizarteko arauen eskakizunetara egokitzen du gorputza. Gizonezkoei gorputz atletikoak eta indartsuak eskatzen zaizkie. Emakumezkoek, berriz, beti gazte izateko betebehar soziala dute, eta, beraz, modaren, kirurgia estetikoaren eta muturreko dieten menpean daude, garaiak eta kulturak ezarritako gorputz-eredua helburu: forma hanpatuko ugalkortasun-eredua (emetasun/amatasun binomioa) edo eredu androginoa (gorputz nerabe eta lirainak). Egia da duela pare bat hamarkadatatik gure artean dugula "obesitate-epidemia" delakoa, eta haren ondorioak bizitzen ari garela osasun- nahiz gizarte-arloan. Obesitatea osasun-arazo garrantzitsua dela onartzen da, eta premiazkoa da neurri egokiak hartzea prebentzioaren eta terapien aldetik. Baina, gure inguruan gizentasuna preziatua ez denez (nahiz eta beste gizarte batzuetan baden eta historian ere izan den), argaldu/gizendu antsietate-zirkulu bat dago (emakumezkoetan, batik bat), autoestimu-arazoak eta gorputz-itxuraren aldaketak eragiten dituena.
Baina izan gaitezen baikorrak. Osasunean eta elikaduran egin diren hobekuntzek aldaketak eragin dituzte giza gorputzaren tamainan eta forman, eta bizi-itxaropena areagotu dute. Aldakuntza kolektibo horiei "aldaketa sekular" deritze, eta herrialde askotan igarri dira --modu ziklikoan, batzuetan-- XVIII. mendetik. Bereziki, Europako herriek XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen amaierara bitartean izandako nutrizio-trantsizioak eragina izan zuen giza gorputzaren tamainan (eta forman). Arrastoa utzi zuten, halaber, trantsizio demografikoak eta trantsizio epidemiologikoak; lehenengoak ugalkortasunaren beherakada ekarri zuen, eta bigarrenak bizi-itxaropena luzatu zuen. Gaur egun, duela hiru mende baino altuagoak gara, gorputz-masa handiagoa dugu eta gehiago bizi gara.