Logika eta Zientziaren Filosofia Saila. Biologiako Filosofia Taldea, IAS Research
EHU
Biologia sintetikoak bi ikerketa-lerro ditu. Batek, izaki bizidun naturaletatik abiatuta, haiek guztiz birdiseinatzea bilatzen du, izaki erabat desberdinak sortzeraino. Besteak, berriz, osagai eta sistema kimiko hutsetatik abiatuta, sistema integratu konplexuak garatu nahi ditu, ezaugarri biologikoak izango dituztenak (metabolismoa, ugalketa, eboluzioa...), oso oinarrizkoak badira ere. Edonola ere, bizidun naturalen antolamendua eraldatzea baino gehiago bizi-forma erabat berriak sortzea da biologia sintetikoaren benetako helburua, kasu batean, zein bestean.
Horrek esan nahi du makina bat osagai giltzatu behar direla modu egoki eta zehatzean, baina ez soilik hori; sistema horrek irauteko gai izan behar du, baita kondizio aldakorretan ere. Esan nahi du, beraz, ez bakarrik antolatutako forma bat sortzea, baizik eta lortu behar dela, behin asmatuta, forma horrek bere burua antolatzea, irautea, eta eboluzionatzea; horiek baitira, azken batean, materia biziaren propietateak. Bestela esanda, berezko autonomia edukitzea da kreazio artifizial honen berezitasuna (eta paradoxa): asmatutako sistema hori bizidun bat dela onartzeko, bere kabuz eta beretzat egin behar ditu gauzak. Sortuko diren sistemak gure obra izango dira, bai; baina, aldi berean, haien burua ere sortuko dute, eta, nolabait, ihes egingo dute gure eskuetatik.
Sistema bizidun artifizialak sortzearen abantailak sekulakoak izan daitezke, batik bat osasunaren eta ekologiaren arloan. Behar bezala diseinatuz gero, oinarrizko mekanismoak zehaztasun handiz eta funtzionalki aldatuz lan egin ahalko lukete sistema horiek. Zehaztasun lokal handiarekin esku hartzeko modua izango genuke, eta, aldi berean, eskala handian eragin; erreproduzitzeko gai izanik, populazio handiak sor ditzakete epe laburrean sistema horiek. Aplikazio-eremu zabala izan dezakete, era berean, eta eragin ekonomiko handia, gainera, birdiseinatutako mekanismo biologikoak ustiatuko dituzten teknologien arloan. Adibidez, konputazio-forma berriak sortzeko.
Ezin da ahaztu, azkenik, antolamendu biologikoaren forma berriek --eboluzioak, gure planetan behintzat, inoiz sortu ez dituenak-- izan dezaketen interes teorikoa: biologiak Darwinez gero izan duen iraultza handiena litzateke haiek aurkitu eta ulertzea, zalantzarik gabe.
Alabaina, txanponaren alde bakarra osatzen dute aukera itxaropentsu horiek. Txanponaren beste aldea, berriz, biziaren antolamendu naturalean halako esku-hartze sakona egiteak ekar ditzakeen arrisku handiak dira. Gaur egun badakigu zein estu erlazionatuta dauden elkarren artean izaki bizidun guztiak, eta zein konplexuak diren haien arteko erlazioak. Egia da xehetasunez aztertzen ditugunean mekanismo konplikatuen forma hartzen dutela sistema bizidunek, zeinetan zati bakoitzak ondo mugatutako funtzio bat betetzen baitu; hortaz, espezifikoki eta lokalki eragiteko modukoak lirateke. Baina ikuspegia aldatu eta organismoari globalago begiratzen diogunean, zati horiek guztiak integratuta agertzen zaizkigu, unitate organiko bakar bat osatzen dute, eta ezinezkoa da unitate bakar horretan aldaketak lokalizatzea. Eta organismo mailako prozesuak nola artikulatzen diren kontrolatzea lortuko bagenu ere, ez genituzke organismoak osotasunean ulertuko harik eta organismoek osatzen dituzten sare ekologiko erraldoien dinamika konplexuez jabetu arte. Oso sistema konplexuekin ari gara lanean, eta hori da arriskua, ez baitakigu ongi zein diren gure ekintzen zehar-ondorioak.
Horrek guztiak bultzatu behar gaitu bizidunengan artifizialki eragindako aldaketei buruz arretaz gogoeta egitera. Izan ere, eragiteko zenbat eta ahalmen handiagoa izan, orduan eta sakonagoak, iraunkorragoak eta konplexuagoak (eta, ondorioz, aurreikusten zailagoak) izango dira gure ekintzaren ondorioak. Gogoeta, gainera, ez da ondorioen analisiarena soilik; gogoeta bera nola antolatu ere hausnartu behar da: nork hartu behar du parte gogoetan? Nork hartu behar ditu erabakiak? Adituek, gizartearen ordezkariek, bioteknologia-enpresek, GKE-ek, bioetika-batzordeek...? Eta zein da horietako bakoitzaren rola?
Halako gai konplexuek nekez izango dute konponbide erraza. Alabaina, muinean, arazoa ez da berria. Giza zibilizazioa bezain zaharra da, izan ere, arazoaren sustraia. Azken batean, animalia eta landare askoren eboluzio genetikoa manipulatzea izan da gure zibilizazioa eraikitzeko baliatu dugun elementuetako bat, abeltzaintza eta nekazaritza haiek artifizialki hautatuta sortu ditugunez gero. Antzinatik eraldatu ditugu sistema naturalak, basoak soilduz, milaka espezie suntsituz eta, funtsean, ingurua gure nahierara moldatuz. Esku-hartzearen intentsitatea da berritasuna; gure ingurune biologikoaren dinamika hainbeste asaldatu dugu, ezen ageriko bihurtzen ari baitira asalduraren eragile den zibilizazioa bera mehatxatzen duten ustekabeko ondorioak, hain dira neurrigabeak eta kontrolaezinak.
Sua lapurtzeagatik zigortutako Prometeoren pare, zibilizazioa eta teknologia mugarik gabe garatzea ondorio ikaragarriak ari da eragiten. Baina iragan erdi-basatira itzuli nahi ez dugunez, eta seguru aski ezin dugunez, konponbide bakarra da ikerketa zientifikoa berriz pentsatzea, eta ez hari uko egitea. Zein zentzutan, ordea? Antolamendu biologikoa zertan datzan sakonago ulertuz, eta biosferako zati batzuetan eragiteak dakartzan epe luzeko ondorioez jabetuz --bai espazioan eta bai denboran--. Hori egiteko, ezinbestekoa da diziplina-arteko ikuspegi globalarekin jokatzea, giza bizimoduaren oinarrizko alderdi askori eragiten baitio aldaketak.
Uste dut ikuspegi horretatik begiratuta bizi artifiziala ez genukeela ikusiko balizko arrisku gisa soilik, baizik eta etorkizun hobeago bat planifikatzeko oinarrizko erreminta gisa.