Zergatik irauten du emakume eta gizon zientzialarien arteko aldeak, eragileak ondo ikertuta eta dokumentatuta badaude, eta gaitsespen zabala badute? Galdera horri erantzuten saiatu dira Australia, Herbehereak eta Estatu Batuetako hiru unibertsitateko ikertzaileak, eta Trends in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Haien esanean, aldea murrizteko ikerketa eta ekimen ugari egin badira ere, emakume zientzialariek gizonek baino aukera gutxiago eta aitortza txikiagoa izaten dituzte. Horretarako arrazoi nagusia hau dela ondorioztatu dute: arazoak dimentsio asko ditu (norbanakoa, familia, lantokia eta gizartea), eta horrek zailtzen du neurriak eraginkorrak izatea, dimentsio baterako onuragarria dena kaltegarria izan daitekeelako beste baterako.
Adibidez, emakumeak lider izatera bultzatzen duten neurriek kontziliaziorako laguntzei uko egitea eragin dezakete. Edo Matematikak nagusi diren arloetan (Fisika, Ingeniaritzak) emakumeen ehunekoa areagotzeko kanpainek, emakumeak nagusi diren arloak gutxiestea.
Hain zuzen, oinarrizko galdera nola interpretatzen den, halako irtenbideak proposatzen dira, eta ez dago definizio bakar eta adostua azaltzeko zer den genero-berdintasuna zientzia-eremuan.
Egileen ustez, ikuspegi holistikotik heldu behar zaio gaiari, kontuan hartuta erakundeen kultura eta zaintzaren gutxiespena. Horrekin lotuta, salatzen dute ez dela ikertu ea zaintza-lanak onurarik ekartzen ote dion karrera zientifikoari, eta, hala balitz, ezta zertan ere. Haien irudiz, egozentrismoaren aurkako antidoto egokia izan daiteke zaintzan esperientzia izatea.
Elhuyarrek garatutako teknologia