Giza genoma ikertzen duen NHGRI erakundeko zientzialariek giza kromosoma baten sekuentzia osoa eskuratu dute. Zehaztasun handiko sekuentziazio honek X kromosoman dauden base guztiak kontuan hartzen ditu, alderik alde. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean eman dute aurrerapenaren berri.
Ikertzaileek nabarmendu dute lorpen honek "aro berria" ireki duela genomikan, orain arte kontuan hartzen ez diren genomaren zatiak kontuan hartzeko bidea ireki duelako.
Sei mila milioi base inguru ditu giza genomak. Sekuentziazioa egiten duten makinak ez dira gai base guztiak batera irakurtzeko, eta, hortaz, ikertzaileek DNA zati txikiagoetan zatitu ohi dute; behin horiek sekuentziatuta, berriro elkartzen dituzte. Baina giza genoman oraindik badira ezagutzen ez diren ehunka hutsune. DNAren zati errepikakorrak dira horiek, eta batez ere kromosomen erdiko aldean kokatuta daude. Ikertzaileek uste dute horietan ere aurki daitekeela osasunaren ikuspuntutik esanguratsua izan daitekeen informazioa.
Orain arte erabilitako teknikak DNA zati txikiak aztertzeko gai dira, baina aurkeztu duten teknika berriarekin, berriz, hein handi batean DNA molekulak osorik mantentzeko moduan daude ikertzaileak. DNA zati handiak aztertzeko gai diren bi tresna batera erabili dituzte, eta software berezi baten bitartez zati horiek berreraiki dituzte.
Gizakiak dituen 24 kromosomen artean, X kromosoma lehenetsi dute, hainbat gaitzi lotuta dagoelako. Baina oraingo erronka da gainerako kromosomekin berdin jarraitzea. Ahalegin horretan, aurreratu dute bereziki zaila izango dutela 1. eta 9. kromosomak argitzea, horiek errepikakorrak diren DNA zati handiagoak dituztelako.
Elhuyarrek garatutako teknologia