Genoma orain arte baino azkarrago eta merkeago sekuentziatzeko makina bat aurkeztu du BioSciences konpainiak. Makina hori gai da DNA-molekula bakarreko nukleotidoak irakurtzeko; hartara, ez dago DNA anplifikatu beharrik.
Hain zuzen ere, orain erabiltzen den metodologian, beharrezkoa da DNA anplifikatzea, alegia, DNA-zatien kopiak sortzea. Pauso hori, baina, konplexua da, eta akatsak gertatzeko arriskua dago.
Orain kaleratuko duten makina, beste sekuentziadore batzuk bezala, sintesi bidezko metodoan oinarritzen da, baina DNAren molekula bakanak irakurtzeko egokituta dago. Horregatik, besteek baino errazago eta azkarrago egiten du sekuentziazioa. Hala ere, oraindik ez da gai DNA-zati handiak sekuentziatzeko; berez, konpainiak argitaratu duen txostenean, 30 nukleotidoko DNA-zati bat sekuentziatu dutela zehaztu dute.