Thomas S. Kuhn hil zaigu

Orain dela zenbait hamarkada fisika teorikotik zientziaren filosofiara pasatu zen graduatu gazte hura hil egin zaigu. Min horrek, dena den, ezin izango ditu Harvard, Berkeley eta Princeton-go Unibertsitateetan irakatsi zituen gai ernagarriak ezkutatu. Are gutxiago bere estilo zuzenean zientziari eta naturari buruz idatzi zituen liburuak. Zientzia garaikideak naturari inposatutako ekintzak eta pentsatzeko erak ikasgai eta arduragai ditugun guztiok Kuhnekin zorretan gaude.

Kuhnen obrarik garrantzitsuena, 'Iraultza zientifikoen egitura' izenekoa da (Elhuyarrek duela zenbait urte euskara txukunean itzuli zuena, hain zuzen). Obra horretan Kuhnek teoria zientifikoen sorrera, eboluzioa, aldaketa eta heriotza deskribatzen ditu. Kuhn maisua heldu arte, zientziaren eboluzioa egiatasunerantz zuzendutako etengabeko bidea zela uste genuen. Edozein teoria zientifikok kosmoseko egiatasunaren zati bat betirako gordetzen zuen eta, ikuspuntu horretatik, zientzia lehen erlijioak betetzen zuen jokabidea hasi zen ordezkatzen. Kuhnek, adituetan lehenengo aldiz, ikuskera absolutu hori egokia ez zela adierazi zigun.

Alfontso Mtz. Lizarduikoa

Kuhnen iritziz, eguneroko praktika zientifikoa ('ohizko zientzia' deitu zion) paradigma baten barnean garatzen da. Paradigma, zientifikoek garai historiko batean munduari buruz duten oinarrizko ikuskera orokorra da. Paradigma horiek ezin dira ukatu; hori eginez gero zientziatik kanpo geldituko ginateke (zientziaren ikuspegitik herexe bihurtu, beraz). Dena den, denbora igaro ahala, ohizko zientziaren barnean eboluzioa ere izaten da eta, horren ondorioz, arazo berriak sortzen dira.

Ohizko zientziak arazo horiek konpontzerik ez du eta, orduan, paradigmaren krisia sortzen da. Krisi hori konpontzeko iraultza zientifikoa behar izaten da. Iraultza zientifikoarekin paradigma aldatu egingo da eta lehen metafisikotzat kontsideratzen ziren elementuak orain, zientzia ortodoxo berriaren (ohizko zientzia berriaren) barnean onartuko dira. Beraz, paradigma berria egiatzat hartzen badugu, lehen zegoena gezurrezkotzat (nahiz eta urte askotan zehar erabilgarria izan den) hartu beharko da.

Paradigma bat ezartzeko (zaharra ukatuz) egoten den prozesua, erakunde zientifikoen eta borrokaren bitartez burutzen da eta borroka horien azpian dautza 'arrazoi zientifikoek', askotan, ez dute logikaren egiturarekin harreman handirik izango. Kuhnen iritziz, teoriak inposatzeko sortzen diren borrokek, askotan, botere politikoa lortzeko egoten direnekin antz handiagoa izango dute razionalitatea lortzearekin baino.

Zientziaren inguruan dauden haustura (iraultza) horiek, zientzia jarraia (metakorra) ez dela iradokitzen digute eta, gogorra badirudi ere, zientzia ez da lehen kokaturik zegoen punturaino hurbilduko; ezta egiatasun abstrakturaino ere. Zientzia, azken finean, existentzia razionalizatzeko sistema baino ez da izango, eta sistema hori soziologiatik hurbilago egongo da logikatik baino.

Gaur egun, gizartea krisi gorrian dagoen planeta honetan, eta zientzia krisi horren fronte eraginkorrean dagoelarik, zientziaren berrirakurketa kolektibo eta instituzional hau benetan suspergarria da, batez ere gizabanako, gizarte eta naturaren artean dauden harremanak razionalizatzeko logikarenak baino bide egokiagoak badaudela sinesten dugunontzat. Eskerrik asko, T. S. Kuhn, hau guztiagatik.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.