Ikerketa berri baten arabera, baso zingiratsuetan palma-olioa ekoizteko lurra prestatzeak eta palmondo gazteak hazteak landaketa helduek baino kalte askoz handiagoa eragiten diote ingurumenari, isurtzen diren berotegi-efektuko gasak bikoizteraino. Nature Communications aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.
Palma-olioa da munduan gehien kontsumitzen den landare-olioa. Eskaera hirukoiztu egin da azken hemezortzi urteetan, 2000. urtean 20 milioi tona izatetik 2018an 70 milioi tona baino gehiago izatera igaro baita. Malaysia munduko bigarren ekoizlea da. Hango palma-ekoizleek baso zingiratsuak ekidin izan dituzte, eskatzen zuten prestaketa-lan handiagatik. Baina lurra urriagoa egin den heinean, ohikoa bihurtu da baso zingiratsuak drainatu eta palmondoak landatzea. Ikerketa berri honek erakutsi duenez, horrek kostu handia du ingurumenean.
Zohikaztegi tropikal horiek drainatzean lurzoruko oxigeno-maila handitzen da, eta horrek materia organikoaren deskonposizio-tasa handitzen du; ondorioz, drainatutako zohikaztegietan CO2 isuri handiak sortzen dira, eta baita berotegi-efektu askoz handiagoa duten beste gas batzuenak ere (CH4 eta N2O8). Ikertzaileek kalkulatu dutenez, baso-zingiratsuak palmondo-landaketa bihurtzea eragiten ari den berotegi-efektuko gasen isuria Malayisiako isuriaren laurdena izan liteke.
Elhuyarrek garatutako teknologia