Ozeanoaren soinua aldatzen ari da

ozeanoaren-soinua-aldatzen-ari-da
Ikertzaileek diote Antropozenoan giza jardueren soinua zabaldu dela ozeanoan. Arg. Jana Winderen
Itsasoko giza jardueren eraginez, ozeanoaren soinua aldatzen ari dela diote zientzialariek. Soinua funtsezkoa da itsasoko ingurune sentsorialean, soinua baita ozeanoko uretan urrutien bidaiatzen duen seinalea. Itsas animalia askorengan oinarrizko zentzumena izanik, giza jardueren zaratak nahasmen handia sortzen duela diote ikertzaileek. Arduragabekeriatzat jo dute oraindik ez egotea itsasoko zarata antropogenikoaren trantsizioa sustatzeko legedia sendorik, eta nazioarteko hitzarmen lotesleetan kutsadura akustikoa mugatzeko eskatu dute. 
 
Soinuaren bidez itsas ingurunea interpretatzen dute animaliek. Izan ere, argia edo edozein konposatu kimiko baino urrutiago eta sakonago iristen da soinua. Ingurua esploratzeko baliatzen dute, nabigatzeko, ehizatzeko, talde-kohesioa sortzeko, lurraldea babesteko, heriotz-oihuak zabaltzeko eta gertuko zein urrutiko kideekin komunikatzeko; beren espeziekoekin zein beste espezietakoetakoekin. 
 
Atlantikoko bakailaoek eta meroek taldea bildu eta arrautzak erruteko lanak koordinatzeko erabiltzen dituzte soinuak. Izkirek "klaska" soinua sortzen dute harrapakinak zorabiatzeko, izkira-kolonia trinkoak dituzten kostaldeko habitatetan "kraskada" soinu indartsuak entzuteraino. Izurde, kaxalote eta mazopek sonar-sistema sofistikatuak dituzte, ur azpian harrapakinak ekokokatu eta jazartzeko. Arrezifeetako ornogabeen larbek paisaia horietako soinuak entzuten dituzte, non  finkatuko diren aukeratzeko. Eta balea konkordun arrek abesti konplexuak kantatzen dituzte, eskualdeko dialektoan, ugalketarako beren gaitasunaren erakustaldi gisa. Kantu propioa du itsasoko ekosistema bakoitzak. 
 
Giza ozeano zaratatsuak
 
Antropozenoaren hasierarekin, ordea, giza jardueren soinu kirrinkaria zabaldu da ozeanoan: petrolio eta gas-biltegiak detektatzeko azterketa sismikoek energia altuko, frekuentzia baxuko eta iraupen motzeko soinu etengabeak sortzen dituzte; itsas hondoa eskaneatzeko zundek, frekuentzia altuko soinuak; militarrek frekuentzia askotariko sonarrak erabiltzen dituzte urpeko ontziak detektatzeko; itsasoko haize-parkeak eraikitzeko zulatze-lanak eta turbinen zaratak nagusi bihurtzen dira hainbat txokotan; are gehiago, itsas garraioa 32 aldiz biderkatu da azken 50 urteetan, eta itsasontzien zarata nabigazio-bide nagusietatik urrun hedatzen da.
 
Zarata antropogenikoak ozeanoaren berezko soinuak —biofoniak eta geofoniak— aldatu ditu: zarata berriak sortu ditu toki askotan, eta, bestetan, itsasoaren berezko kantua desagerrarazi du, animaliak desorientatu eta tokiz mugiarazi egiten baititu, koral-arrezifeetako ekosistemak hustuta, esaterako. 
 
Azken lau hamarkadetako ikerketa zientifikoa aztertuta, zarata antropogenikoak itsas ugaztunei, arrainei, ornogabeei eta hegaztiei kalte egiten diela erakusten duten froga sendoak daudela ondorioztatu du Science aldizkariak argitaratutako review batek. Animalia batzuk badira gai sortzen dituzten soinuen frekuentzia aldatzeko, kideek entzun ditzaten, baina beste askorengan entzumena erabat baldintzatzen du, eta aldaketa fisiologiko eta portaerazko esanguratsuak eragiten ditu; adibidez, ornogabeen larbak gune desegokian finkatzen dira antropofoniaren ondorioz, eta kolokan jartzen da animalia helduen bideragarritasuna.
 
Bada neurriak hartzeko garaia
 
Lanaren egileek ondorioztatu dute premiazkoa dela itsasoko zarata antropogenikoaren ebaluazio sistematikoa egitea, CO2-aren igorpenarekin eta jariatutako kutsatzaile organikoekin egiten den bezala; bestelakoan, datu sistematikoak izan ezean, ez ikusiarena egiten baitzaio arazoari. Gainera, gogorarazi dute beste kutsadura-iturri batzuk ez bezala, soinu-iturria kendutakoan, zarata antropogenikoak ez duela irauten ingurumenean; hortaz, hartzen diren neurriek efektu positibo ia berehalakoak izan ditzakete.
 
Hala irudikatu dute etorkizuna, hartzen diren neurrien arabera:
 
Arg. Kaust, Xavier Pita, Science aldizkaritik moldatua
 
Badira itsasoko industriak zarata arintzeko har ditzakeen irtenbide teknologikoak, baina ez dira nahikoa, ikertzaileen ustez. Goraka doa ozeanoan oinarritutako ekonomia, eta 2030erako munduko barne produktu gordinari egiten dion ekarpena bikoiztuko dela aurreikusten da. Hortaz, Soinuaren Nazioarteko Urtea den honetan, zarata antropogenikoa legeen bidez mugatzeko eskatu dute. Ez herrialde mailako legeetan soilik; areago, beharrezkoa jo dute nazioarteko hitzarmen lotesleetan ere kutsadura akustikoa mugatzea.
 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.